Donostiako Kursaal Jauregian Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatzeko ekitaldia izan da astearte honen arratsaldean. Sari honek esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du.
Aurten 28 entitatek jaso dute aitortza hori. Guztiak, Bikain Ebaluatzaile Klubeko kideek egindako kanpo-ebaluazio prozesu batean aritu dira urtea hasi zenetik. Aurten 100 ebaluatzailetik gora aritu dira lan horretan.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea izan da ekitaldiaren buru Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranekin batera. Biek ala biek, ziurtagiria jaso duten entitateen ahalegina txalotzeaz gain, esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko egiten duten lana balorean jarri dute.
Bikain ziurtagiria jaso duten 28 entitateen artean, hamaikak Goi Maila dutela egiaztatu dute; beste hamalauk, tartekoa; eta hiruk, oinarrizkoa. Hamalau entitate pribatuk eta beste horrenbeste publikok jaso baitute aitortza. Hauek izan dira:
Oinarrizko maila: Neiker, Servicios Auxiliares Sureuskadi eta Tekniker Fundazioa.
Tarteko maila: Alokabide S.A., Arabako EHUko Campuseko Errektoreordetza, Arrantza Ikuskaritza Zerbitzua, Bilbao Bizkaia Museoak S.L., CIPF Bidasoa LHII, Codesyntax S.L., Ekintza Fundazioa, Energiaren Euskal Erakundea, Euskal Irrati Telebista, Gipuzkoako Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (UPV/EHU), Itelazpi S.A., Ugaoko Udala, Vicomtech Fundazioa eta Zegamako Udala.
Goi maila: Abusu Ikastola, Altzoko Udala, Ataungo Udala, Eibarko Udala Gipuzkoako EHUko Campuseko Errektoreordetza, Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Koop. Elk., Lekeitioko Udala, San Antonio Ikastetxea, Siadeco Ikerketa Elkartea, Usurbilgo Udala eta Ziur.
Banaketa ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu duenez, «Bikain ebaluazioan parte hartzeak esan nahi du, lehenik, euskararekiko konpromisoa izatea. Euskarak aitortutako entitateetan balioa duela esatea. Balioa duela, entitate euskaldunak direlako, gero eta kalitatezkoagoa den zerbitzua eman nahi dutelako, herritarren eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko ardura hartua dutelako, euskarak lantokian eta kanpora begira balio-erantsia duelako. Gero eta entitate gehiagotan du euskarak balio ekonomikoa eta balio soziala».
Sailburuak gaineratu duenez, ebaluazioetan erakutsitakoaren arabera «euskara berrikuntza da entitate baten kudeaketan. Balio soziala ematen dio, integraziorako tresna gisa baliatzen dute, kalitatearen elementu esanguratsua da, egiten eta izaten jakite bat da, euskara lehiakorragoa izatea da, balio monetarioa du irabazi-irabazi gunean kokatzen dugunean, erantzukizun sozialez jokatzea esan nahi du eta ekologiaren jasangarritasun printzipioetan kokatzen da, enpresako langileen harremanak sendotzen ditu, nortasun eraikitzailea da, kohesionatzailea da, euskara marka da gure testuinguruan eta munduaren aurrean».