NAIZ

Jaka-Arangurenek lehen garaipena lortu dute Urretxun Altuna-Tolosaren aurka (22-12)

Gaur gorriz jantzitako bikoteak txapelketako lehen puntua eskuratu du Santa Lutzi egunean jokatutako neurketan, laugarren jardunaldiko lehenengoa. Irabazleek gauzak oso txukun egin dituzten bitartean, Aspekoei, Altunari gehienbat, haserre eta inpotente nabaritu zaie.

Jaka, boleaz, aurrean Altuna duela.
Jaka, boleaz, aurrean Altuna duela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Laugarren jardunaldian iritsi da, azkenean, Jaka eta Arangurenen lehen garaipena aurtengo Binakako Txapelketan. Aukeratutako tokia Urretxuko Ederrena pilotalekua izan da, Santa Lutzi egunean, eta nahiz eta beste urtetako giro bikaina ez egon, pilotazaleek pilotalekua ia bete dute gaurkoan. Hori bai, partida nahiko eskas bat ikusi ahal izan dute. Egia da irabazleek gauzak ondo egin dituztela –Jaka oso txukun aritu da aurreko koadroetan eta Arangurenek atzean dominatu dio Tolosari–, baina aipatu behar da Jokin Altunak ez duela bere egunik onena izan eta, nahiz eta erritmoa berak eramaten saiatu den momentu askotan, inpotente eta haserre nabaritu zaio momentu batzuetan.

Amezketako aurrelaria aurreko jardunaldian garaipenarekin bueltatu zen eskuetako arazoak behin gandituta –Ezkurdia eta Martijari 22-14 irabazi zieten–, baina gaurkoan ez du bere jokoa aurkitu eta bere inpotentziaren adibide argiena 16-10eko tantoan ikusi ahal izan da. Aspeko pilotaria, haserre, eskumuturrekoa lurrera bota du.

Inflexio puntu bat izan zitekeen, eta hurrengo tantoa beraientzat izan da, baina beste hiru tanto jarraian egin dituzte gorriek, markagailuan 19-11koa utziz, eta ondoren 3-1eko beste partzial bat sinatu dute aurtengo Binakako Txapelketan lehen garaipena eskuratzeko.

Astearte honetako partidan aipatu beharreko beste faktore bat da lehendabiziko aldiz Aspe eta Baikoren arteko lehia ikusi ahal izan dela aurtengo txapelketan eta lehen “puntu” hori Baikorentzat izan da.

Salaverrik kontratua luzatu du Baikorekin

Baiko Pilota eta Ruben Salaverri akordio batera iritsi dira eta beste bi urtez luzatu dute kontratua. Atzelari errioxarrak 2016ko irailean egin zuen debuta Logroñoko Adarragan, eta profesionaletan daramatzan sei denboraldietan hiru aldiz lortu du Promozio Mailako Binakako Txapelketako finalera iristea, 2021ean txapela irabaziz. Salaverri II.ak ostiral honetan bertan jokatuko du Ataunen Zubizarreta III.arekin batera eta Elizegi ordezkatuz, Exposito-Bikuña bikotearen aurka Binakako Promozio Txapelketako laugarren jardunaldian.

PARTIDAKO FITXA:

Jaka-Aranguren: 22

Altuna III.a-Tolosa: 12

Pilotakadak: 535. Iraupena: 61 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 7-1, 7-4, 9-4, 9-7, 10-7, 10-9, 12-9, 12-10, 16-10, 16-11, 19-11, 19-12 eta 22-12. Sakez egindako tantoak: 1 Jakak eta 0 Altuna III.ak. Jokoan egindako tantoak: 10 Jakak, 1 Arangurenek, 4 Altuna III.ak eta 0 Tolosak. Hutsak: 4 Jakak, 4 Arangurenek, 3 Altuna III.ak eta 7 Tolosak. Gertakariak: Sarrera eta giro ona Urretxuko Ederrena pilotalekuan, Santa Lutzi egunean, Binakako Txapelketako laugarren jardunaldiko lehen partida ikusteko. Lehen aldiz Aspe eta Baikoko pilotariak lehiatu dira elkarren aurka aurtengo txapelketan.