BAHÇESEHIR COLLEGE 60 - SURNE BILBAO BASKET 92
D Multzoko aurreneko postua bermatu du Surne Bilbao Basketek eta hala, FIBA Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan sartu da. Nola sartu ere! Jaume Ponsarnauren gizonek lau laurdenak irabazi dituzte Istanbulgo Ulker Sports and Events Hall mitikoan eta egurra eman diote Euroligan eskarmentua duten jokalariz beteta dagoen Bhçesehir College taldeari.
Hamabi jokalariek jokatu ez ezik, hamabiek saskiratzeren bat erdietsi dute. Duela bi aste Igokearen aurka ez bezala, bilbotarrek partidari neurria lehenengo unetik hartu diote, kontzentrazioz beterik. Hala, une bakoitzean jokalari ezberdin bat azaldu da gurditik tiraka. aldiz, turkiarren artean ez da halakorik egon, hirugarren laurdenean bereziki, 14-28ko partzial bati esker neurketa apurtu baitute beltzezko gizonek.
Adam Smith eta Emir Sulejmanovic izan dira Jaume Ponsarnauren taldearen aurreneko kolpea eman dutenak. Artean partida berdinean zegoen, baina uneoro ekimena talde bizkaitarrak eraman du, defentsa estutzen asmatu duelarik. Baina bigarren laurdenak ezagun izan du Bilbao Basketek neurketa oso serio hartu duela; Jeff Withey eta Kyser maila oso altuan jarri dira, bai erasoan nola atzean. Hala, beltzezko gizonek aldea ireki dure, atsedenaldira 32-42 iritsi delarik partida.
Alabaina, hirugarren laurdena izan da bilbotarren erakustaldiaren eredua. Turkiarrek hankasartze tekniko larregi egijn dituzte –urratsak batik bat– eta etxekoek kale egin duten bakoitzean hantxe azaldu da Bilbao basket aldea handitzeko. Hala, Ludde Hakanson eta Sulejmanovic berriro ere oso fin aritu dira. Partida oso luze egin zaio talde turkiarrari eta Bilbao Basketen ekinari ezin izan dio erantzun Shepherd ordezkoaren ahalegina edo Jamar Smithen eskumutur fina ez beste.
14-28ko partziala eta gero, partida erabakita geratu da, baina azken laurdenean Francis Alonso, Alex Reyes, Ubal eta Rosa ere azaldu dira partidari eta aurreneko faseko ligaxka honi errematerik gozoena emateko.
BAHÇESEHIR: Arslan (12), Boutsiele (8), Jamar Smith (13), Gist (3) eta Hall (2) –hasierako bostekoa–, Blazic (8), Baygul (3), Savas (4), Shepherd (5) eta Ozdemir (2), Candan eta Ozmizrak.
BILBAO BASKET: Hakanson (10), Adam Smith (9), Rabaseda (3), Sulejmanovic (16) eta Withey (13) –hasierako bostekoa–, Alonso (7), Reyes (8), Kyser (11), Radicevic (5), Andersson (2), Ubal (4) eta Rosa (4).
Partzialak: 18-23, 14-19, 14-28, 14-22.
Epaileak: Krejic, Attar eta Vulic. Baygul egotzi dute bost faltarekin. Talde turkiarreko entrenatzaileari falta teklnikoa adierazi diote, baita Kyser eta Bayguli ere.
Gorabeherak: FIBA Txapeldunen Ligako D multzoko bosgarren jardunbaldia, Istanbulgo Ulker Sports and Events Hall pabilioian jokatua.