Futboleko Munduko Koparen finala eta Bertsolari Txapelketa Nagusiarena igande honetan ospatuko dira. Ia 7.000 kilometroko distantzia dago Euskal Herria eta Qatarren artean, baina elkar ezagutzen duten Maialen Lujanbio eta Leo Messi bertan izango dira.
2018ko urtarrilean agurtu ziren Anoetan. Argentinarra Bartzelonarekin joan zen Realaren aurkako partida jokatzera eta hernaniarrak ohorezko sakea egin zuen. Aste batzuk lehenago Lujanbiok bertso txapelketa irabazi zuen eta BECen abestu zuten guztiei omenaldia egin zieten zelaian.
Irudi horrek askorako eman zuen eta oraindik ere, oihartzuna izaten jarraitzen du. Zenbait erabiltzailek unea gogorarazi dute, umorea oinarri hartuta.
-Leo, badakizu igandean milaka euskaldunek ez dutela zure finala ikusiko?
— ⓤⓜⓞⓡⓔⓐⓢⓚⓔⓐ (@umoreaskea) December 13, 2022
-No es posible Maialen...
-헞헮혁헮헿sia eta gure finala Iruñean da!#BTN22 pic.twitter.com/x0csXpXlVG
Bi txapel poltsikoratu ditu dagoeneko Lujanbiok. Messik, berriz, lehen aldiz irabazi nahi du Munduko txapelketa. Kroazia 3 eta 0 gainditu dute finalerdietan eta jokaldi gogoangarria sinatu zuen argentinarrak. Mota guztietako trofeoak altxa dituen arren, kopa hau falta zaio. 2014an gertu izan zuen Brasilen, baina galdu egin zuen Alemaniaren aurka luzapenean.
Maialen Lujanbio zuzenean sailkatu da Bertsolari Txapelketa Nagusirako eta 1997tik final guztietan izan da. Aurtengoa Iruñean ospatzea oso esanguratsua dela nabarmendu izan du eta lehen aldiz hiru emakume izateak duen garrantzia ere aipatu du hernaniarrak.
Futbol partida arratsaldeko 16.00etatik aurrera jokatuko da. Penaltietara iristen badira, 19.00ak inguruan ezagutuko da munduko txapeldun berria. Bertsolariena, aldiz, goizeko 11.00etan hasiko da. Goizean hamabost bertso puntuagarri kantatuko dituzte eta arratsaldean hamar binaka eta beste hamar buruz burukoan. 20.30erako amaitzea espero dute.