Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ganbila bildumak ‘Esperoan’ eta ‘Album’ antzezlanak gehitu ditu bere kolekziora

Samuel Becketten ‘Godoten esperoan’ lanak euskal teatroan izan duen eragina aztertzen du ‘Esperoan’ lanak. Tartean, Karlos Linazasororen ‘Godotekin solasean’ eta Samara Velteren ‘Karmele’ jasotzen ditu. ‘Album’, berriz, Formol Laborategiaren sorkuntza da, belaunaldi bati begirada.

‘Esperoan’ eta ‘Album’ lanen aurkezpena.
‘Esperoan’ eta ‘Album’ lanen aurkezpena. (Andoni CANELLADA | Foku)

Susa argitaletxearen Ganbila antzerki bildumak bi lan gehiago ditu, hainbat egileren artean egindako ‘Esperoan’ eta Formol Laborategiaren ‘Album’.

Lehena Samuel Becketten ‘Godoten esperoan’ obratik sortu dute eta honek euskal teatro garaikidean zein eragin izan duen aztertzen dute. Horretarako, bi antzezlan, Karlos Linazasororen ‘Godotekin solasean’ eta Samara Velteren ‘Karmele’, eta hainbat egileren artikuluak jaso dituzte.

Piszifaktoriako kide diren Irati Agirreazkuenaga eta Mikel Ayllonek azaldu bezala, euren artikuluaren asmoa Becketten eragina jasotzea zen. «Bera nor zen eta zergatik idatzi zuen idatzi zuena, eta zeintzuk izan ziren bere eraginak. Zergatik erabaki zuen idaztea bere obrarik nagusiena frantsesez gero ingelesera itzultzeko. James Joycerekin izan zuen harremanaz ere aritzen gara. Beckett bilatzen saiatu gara euskal teatroan. Hark egindako lan tragikomiko gehienetan absurdoa agertzen da», aipatu dute.

Amancay Gaztañagak artikulua idazteko enkargua beldurrez jaso zuen, baina gero «erraz» idatzi zuela aitortu du, konturatu zelako zenbat edan duen bere lanetatik eta zein barneratuta duen teatro absurdoa. Bere testuan kritika bat egiten du. Izan ere, absurdoak euskal antzerkian hainbesteko lekua hartzen badu, zergatik programatzen da hain gutxi? «Becketten lanak hasieran kristoren kritika txarrak izan zituen, eta Euskal Herrian ere horrelako zerbait gertatzen da; publikoa zaindu behar dut eta ulertzen diren gauzak bakarrik programatu behar ditut», aipatu du.

Belaunaldi baten erretratua

Formol Laborategiko ‘Album’ oraindik martxan dago, nahiz eta funtzio gutxi geratzen zaizkion. Liburua aurkeztu aurretik Durangon oso ondo saldu dela aipatu dute, antzezlana ikusi ez dutenen artean ere. Ahoz-ahoz zabaldu omen da.

«Ilusio pila bat egiten digu Ganbilan egoteak, iritsi berriak garenez erreferentziazko bilduma zen. Oso zaila da euskarazko antzezlanak formatu fisikoan jasotzea», aipatu du Edurne Azkaetak. Liburuan, gidoiaz gain, sorkuntza prozesuaren berri ere eman nahi izan dute, baina ez modu akademikoan, baizik eta irakurlea bertan murgilduz. Horretarako erabili ez zituzten testuak edota erreferentziazko idazleak aipatu dituzte.

Gainera, hitzik gabeko eszenak ahal bezala islatu dituzte. «Guk nahi genuen elementu plastikoak, sonoroak, denak gehitzea, eta gure erronka izan zen hori nola eraman liburura. Bide horretan Dani Fanok komikia egin du, Janire Arroyok ilustrazioak, Unai Belamik argazkiak, Nerea Ibarzabalek hitzak... ematen du guk ez dugula idatzi!», adierazi du Intza Alkainek.

Mikel Ibargurenek esan du antzezlanari ibilbide laburra geratzen bazaio ere, Lazkaon, Bilbon eta Urkabustaizen izango direla. Gainera, aurreratu du maiatzan itxiera festa izango dela, nahiz eta ez duen aurreratu non izango den. «Formol estilora egingo dugu», esan du.

‘Album’  belaunaldien arteko irakurketa bat da. Egileek euren burua eta euren garaia ulertzeko saiakera bat egin dute, «oraindik hil ez den belaunaldi bati omenaldia da». Era berean, esan dute liburuan QR kode bat dagoela eta irakurleek horren bidez iritziak ematea eskertuko luketela.