Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

«Herrigintza aro berri bat» jarri nahi du martxan Sortuk ‘Plaza Hutsa’ tailerraren bidez

Otsailaren 4an Burlatan egingo du Sortuk ikasturte honetako ‘Plaza Hutsa’ tailerra, zeinetan «herrigintzaren balio estrategikoa mahai gainean» jarri eta «aro berri bat» martxan jarri nahi duten.

Lur Albizuk eta Xabi Iraolak eman dituzte ‘Plaza Hutsa’ren gakoak.
Lur Albizuk eta Xabi Iraolak eman dituzte ‘Plaza Hutsa’ren gakoak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Xabi Iraola, Sorturen herrigintza arduradunak, eta Lur Albizuk, ezker abertzaleko alderdiaren Nafarroako arduradunak, prentsarekin egindako gosari batean aurkeztu dute kurtso honetako ‘Plaza Hutsa’ tailerra, otsailaren 4an Burlatako kultur etxean eginen dena.

«Herrigintza aro berri bat martxan jarri nahi dugu», adierazi du Iraolak. Herrigintzaz gogoeta egiteko espazio bezala sortu zen ‘Plaza Hutsa’, eta otsailekoa hirugarren tailerra izango da. Aurrekoak Durangon eta Gasteizen egin ostean, 2023an Nafarroan egiteak duen «balore politiko potentea» azpimarratu du Albizuk.

Herrigintza arduradunaren hitzetan, «bi gakok ezaugarrituko dute» honako edizioa. «Pandemiak aurretik bazetozen hainbat aldaketa azaleratu eta azeleratu ditu eta gainera Sorturen kongresu prozesu batetik gatoz, eta horrek eragina izango du bai edukietan bai formetan».

Edukiari dagokionez. «estrategia independentista herrigintzatik nola elikatzen den eta herrigintza estrategia independentistatik nola elikatzen den» aztertu nahi dute. XX. mendeko bigarren erdialdean puztutako herrigintzatik abiatuta, egungo egoerak «beste bulkada bat» behar duela iritzi du Iraolak. «Herri batek etengabe dauka beharra eta obligazioa garai berrietara egokitzeko» azpimarratu du gako gisa.

«Herri anbizioa igo, egitura nazional berriak sortu, eremuz eremu 20-30 urteko perspektiban mugarri berriak ezartzea. Garai honek astinaldi potente bat eskatzen du», gehitu du. Aipatutako aurreko aro horrek «erresistentziatik asko» izan duela aipatu du herrigintza arduradunak eta hortik «bere etorkizuna gaurtik eraiki nahi duen herri bat izatera igaro» behar dela gaineratu. «Katastrofismotik esperantzarako bidea egin behar dugu. Ilusio hori elikatu. Protesta soiletik proposamenetara igaro, protesta mantenduz».

Eremu estrategikoak

Herrigintzan dabilen ezker abertzaleko komunitatea saretu nahi dute ‘Plaza Hutsa’ ekimenarekin eta sareak sortu dituzte estrategikotzat jotzen dituzten eremuetan: ekologismoa, feminismoa, euskara, hezkuntza, lan eta bizi baldintzak eta migrazioak.

Albizuk sakondu du sare hauetan. «Eremu askotan lanean dagoen jende pila bat dago eta ‘Plaza Hutsa’ jende hori biltzeko espazio bat» izango da, zeinak «herrigintzaren balio estrategikoa mahai gainean» jarri nahiko duen.

«Aldaketak azkar iraungitzen dira, baina lurzoru amankomun bat behar dugu», nabarmendu du Nafarroako arduradunak. Horretarako bitan banatuko dute otsailaren 4ko zita. Hasieran, solasaldi nagusi bat izanen da eta, ondoren, eremuetako hausnarketa eta ariketak iritsiko dira.

Ekologismoa «ia aipatzen ez genuen gai bat izatetik, aldaketa klimatikoa eta trantsizio ekologikoa dela-eta, gehien kezkatzen gaituen gaietako bat izatera pasa da», adierazi du Albizuk. Euskal herritik erronka hori nola hartu eztabaidatu nahi dute.

Erronka horien artean feminismoak ere badu bere lekua eta «pandemiatik datorren eztabaida oso potente bat ekarri nahi genuen, zaintzarena». Zaintza publiko eta komunitarioaz hitz eginen dute Burlatako zitan.

Hizkuntzaren auzian, «politikek eta hauek behar duten bultzada» izango dituzte eztabaidagai. «Ikusten ari gara aurrerapen nabarmenak eman direla, piramideari buelta eman zaiola, gero eta gazte gehiagok dakigula euskara, gaitasuna handitzen ari dela, baina erabileran datu desberdinak daude eta arnasgune gero eta gutxiago daude. Geldialdi moduko batean gaude».

Hezkuntza arloan ere «trantsizio batez» arituko dira. «Hezkuntza feminista, burujabe, komunitarioa» jomugan.

Euskal nazio proiektua eta migrazioa ere mahai gainean jarriko dute. «Ikasgai pendiente hau dugu, erronka handia eta ziur aski hurrengo urteetan handituko dena. Nola egiten dugun Euskal Herri partekatu bat jatorri ezberdinetako kide eta herritarrekin, harrera herriaren ikuspegitik».

Etorkizuna, pobretze-arriskua eta egungo testuinguru ekonomikoa ez dira faltako. «Gure ardura da egoera zaurgarrien dauden kolektibo horiei erantzun bat ematea».

Iraolak gehitu duenez, hurrengo urratsa bertatik aterako diren gogoetak, eremuz-eremu, praktikara eramatea izango da.