Iraitz Mateo Gogorza
Elkarrizketa
Amets Arzallus Antia
Bertsolaria

«Aurten finalaurrekoetatik kantatu dut eta, zentzu horretan, inozentzia ongi galduta daukat»

Hendaia. 1983. Seigarren Txapelketa Nagusia, bosgarren finala. Bertso plazan jada gauzatuta dauden aldaketak finalera iritsi direla uste du, ilusioz begiratzen dio.

Amets Arzallusek badaki zer den txapela janztea.
Amets Arzallusek badaki zer den txapela janztea. (Guillaume Fauveau)

Azken finalaurrekoan kantatu zenuen, eta bi astera finala. Zer moduz zaude?

Utzi dut distantzia pixka bat, baina ez erabat, uste dut biak kateatzea zela niretzako onena. Bilboko abiapuntua nahiko ona da niretzat eta, orduan, biak kateatzeko asmoa daukat, azkenean denbora handirik ez dagoelako prestakuntza aldatzeko, eta ongi aurkitzen naiz, egia esan. Sentsazio onekin amaitu nuen, gustura geratu nintzen lan gehienekin, beti dago non zer pulitu, eta horren bila ibiltzen zara, baina finalera begira, egia esan, ilusioz nago. Leku berri batean da, final berri bat da, horrek guztiak ematen dituen osagai emozional guztiekin. Gero, bertsoak duen misterioa dago; egun horretan ea zer datorkizun eta zer ez datorkizun, egun horrek esango du.

Bilboko eta Donibane Garaziko saioak kanpotik oso ezberdinak izan ziren. Zer aho-zapore utzi zizuten zuri?

Hilabete eta erdi da Garazikoa joan zenetik, eta emaitzak nahiko desberdinak izan ziren. Gauza batzuekin ez nintzen bereziki gustura geratu, beste gauza batzuekin bai. Nik uste dut kontestuak presentzia handia duela saio batean zein bestean, kasik testuak baino gehiago. Eta hain zein kontestu desberdina, non zaila egiten zaidan kontestu hori erantzi eta lana hortik kanpo baloratzea. Utzi zidan hausnarrerako eta barne kritikarako beta, eta horrek lagundu dit. Garazikoa ere ez dut abiapuntu txartzat hartzen. Txapelketak gorabehera handiak ditu, baita gorabehera emotiboak eta kontestualak ere, horrekin guztiarekin jokatzen duzu, eta ikasten duzu erlatibizatzen: erlatibizatzen emaitza batzuk, erlatibizatzen testu batzuk eta orokorrean erlatibizatzen txapelketaren inguru osoa eta zure burua ere bai. Ikasbide on bat izan da niretzat, eta Bilborekin batera abiapuntu on bat bezala hartzen dut ikusteko nondik nora ibili nahi dudan.

«Txapelketak gorabehera handiak ditu, baita gorabehera emotiboak eta kontestualak ere, horrekin guztiarekin jokatzen duzu»

Donibane Garaziko zuen saioa, edo Irunekoa izan daitezke adibide, baina txapelketa honetan ez al da asko hitz egin puntuez?

Azken saioak berezitasun hori du, matematika da, dena finkatuta dago eta gutxi gorabehera argi dago finalera pasatzeko zeinek zenbat puntu behar dituen. Saio horretan kantatzen dugunon konparaketak erantsi behar zaizkio. Garazikoaz, Irungoaz… egia esan, ezinezkoa da, baina saiatzen naiz distantzia bat hartzen, bestela ezinezkoa da bertsotan kokatzea zure burua. Momentuan, zerorri presente zaudenean, dimentsio handia hartzen dute eztabaidek, gorabeherek… Txapelketa iritsi eta denok ulertzen dugu matematikaz sekula baino gehiago. Nik uste dut bertsotan egiteko erlatibizatu egin behar dela. Argi dut epaile lana txapelketa baten barruan dauden lanen artean errazena ez dela, eta askotan esker txarrenekoa dela. Ez nuke nahi epaileen lekuan egon, egia esan, eta are gutxiago epaileen epaile bihurtu. Nahiko lan badugu gurea ongi egiten, eta horretan zentratzen naiz.

Bakarkakoetan, ezberdin sumatu zaitugu, bertsoak modu narratiboagoan egitea landu duzun zerbait da?

Txapelketarako lantzen da bakarkakoak nola egin, baina azken urteetako bertsoak eta txapelketako bertsogintzak dakarren joera bat dela esango nuke. Esango nuke jada bizpahiru txapelketa badirela bakarkako gaiak aldatu zirela, horren araberako aldaketa bat izan du bertsogintzak eta narratiboagorantz gehiago doa argumentariorantz baino, edo bien arteko oreka bat. Eta gero bakoitzak bere joerak dauzka. Nik badira 2-3 txapelketa ildo horretako lanketa bat abiatu nuela, begia pixka bat gehiago horretan jarrita izan dut, bestea ukatu gabe. Azkenean uste dut bakoitzak bere estiloa duela, eta ez dut ahots eta hari hori galdu nahi, baina bai, argi dago pixka bat narratiboagoa, literarioagoa dela eskatzen den ariketa, betiere bat-batekoa eta inperfektua dela kontsideratuz. Ezin da ez dakit nolako obrarik erdietsi minutu bateko ahalegin kontzentratu batean, gehi dauzkan zailtasun teknikoekin.

Bilbokoaren kasuan, bazegoen leku motzera errenditzeko ahalegina. Azken urteetan pixka bat doinu luzeagoak gehiago garatu dira, eta badira urteak txapelketak pixka bat motzera errenditzeko ahalegina egin dudala, bai 2013an, eta 2017an, adibidez, nahiz eta ez zen hain ongi atera. Luzean esan daitezkeen gauzak sintetizatzen eta motzean eta modu konkretuan esaten ahalegintzea izan da lana, narrazioari arnasarik ito gabe. Hori guztia da norbere jolasa eta borroka; eta gero kontziente naiz han gertatzen dena oso emaitza inperfektua dela beti. Denbora gehiagorekin, gauza dentsoagoak egingo lirateke, baina gurea da hari gainean ibiltzea eta tarteka erortzea, hor saiatzen zara zure lanketaren zatitxo batzuk, lagin txiki batzuk agertzen. Nire kasuan, narratibitatea bada horren parte bat, bertsotik kanpo ere bide bat egin dudalako, ondoren bertsoari ere eragingo diona. Kazetaritza aldetik lehen, azken urteetan liburu baten lana ere egokitu zait, eta horrek ere laguntzen du nire ustez pixka bat perspektiba zabaltzen, edo beste sentsibilitate batzuetatik heltzen hitzei.

Arzallus, aste honetan finalaren aurkezpenean. Iñigo URIZ | FOKU

Txapelketa hau finalaurrekoetatik hasi duzu, azkenekoa ez bezala. Hori abantaila edo desabantaila da?

Orain dela hamar egun galdetu izan bazenit esango nizun madarikatua izan zedila finalaurrekoetatik pasatu behar hau, bizirik iritsi behar delako finalera, eta ez delako erraza. Orain galdetzen badidazu, esango nizuke zer ikasi handia eman didala, bidean indartu nauela eta finalerdietako ibili honek finalera iristen laguntzen didala uste dut. Uste dut gauza batzuk ajustatzen lagundu didala: hitzak, errimak, esanahiak, formak… borrokatzen nire buruarekin eta bueno, orain ez noa inozentzian finalera. Inozentzia galdu hori uste dut nabaritu litekeela, eta horrek norberari ematen dio autokonfiantza bat aurre egiteko, bestela ez dakizu zure burua nola aurkituko den, inkognita handi bat da, eta sentsazio hori izan nuen duela bost urte. Nahiz eta prestatuta eta ongi nengoen, ustez, inkognita hori nuen. Aurten inozentzia ongi galduta daukat.

2009ko Txapelketa mugarri bezala definitu duzu, aurtengoa ere izango al da?

Nik uste aurtengo finala badela mugarri bat, bai hasi aurretik eta ondoren ere mugarri hori are mugarriago bihur liteke edo daukan dimentsio horretan geratu, hori ere ez da gutxi. Hiru finalista berri daude, tartean Nerea eta Alaia, Maialenekin batera hirukote berezi bat osatzen dutenak. Joanes dago; nafar bat ez zen aspaldi sartu. Iruñean da finala, eta sinbolismo horri are indar gehiago ematen dio. Bi bertsolari daude 30 urte azpikoak; azken finalean behintzat ez zegoen bat bera ere. Bertsogintzaren bilakaera bat erakusten du horrek, eta norabide berri batzuk.

Argazkian nabaritzen ez diren gauzak ere badaude. Uste dut desberdinak direla bakoitzaren bertsokerak, datozen bertsolari berrienak eta baita daudenenak ere; uste dut bertsogintza eta bakoitzaren moldeak norabide ezberdinetan doazela, eta horrek elkar aberasten ditu. Bertsogintzaren aurpegi nahiko anitza eta aberatsa erakusten da. Uste dut final honek baduela aldaketa aro berri baten argazkiaren zati bat, behintzat; izan liteke etorkizuneko beste urte batzuetan osatzen joango den argazki baten lehenengo pieza.

Plazan ere zabalduta daude bide berri horiek?

Txapelketak aurtengo argazkian erakutsiko du garai berri baten argazki zatia, baina plazan denbora da hori gauzatuta dagoela. Gauzatuta dago bertsolarien aldetik, bertsogintzaren barruko debateetatik, tematiketatik, genero gaiak edo bestelakoak tratatzetik, bertsokera narratiboago edo bisualago bat sumatzetik, lehengo bertsokeran aldaketak ikusten dira, estiloen gurutzaketak… Hori dena plazan urteak da gertatzen ari dela, eta kasik gauzatuta dagoela. Txapelketak duela bost urte ez zuen horrenbeste erakutsi hori, baina oraingoak bai. Uste dut aurreko txapelketarako kasik plazetan presente zegoela bertsogintzaren garai berri bat, eta lurraldeetako txapelketek erakusten dutela hori bera. Euskal Herrikoan, icebergaren punta horretan, ez da hain erraza bisualizatzea, baina plazetan nik ikusten dut. Aspalditik elkarrekin gabiltzan talde bat gara.

Leku aldaketa aipatu duzu elkarrizketaren hasieran, Iruñean jokatuko da finala, ilusioz hartu zenuen albistea?

Euskaldun bezala, nik euskararen lurra bere zabalera osoan bizi dut. Eta bertsoak zerbait baldin badu da urte osoan zehar lur hori ikutzen duzula gutxi gorabehera, eta bizi duzula modu natural batean zatiketa administratiboen gainetik, harreman sare batetik. Eta txapelketak finalaren sinboloa lekuz leku eramatea bada, batetik, aldarrikapen bat, euskararen zabaleraren aldarrikapena. Horrez gainera, euskarari eusteko ahalegin zibil bat dago, eta jendarte horri errekonozimendu bat ere bada, are gehiago instituzioek trabatzen duten leku batean. Beste lekuetan ere badira traba instituzionalak, baina Nafarroan are gehiago, eta Ipar Euskal Herrian zeresanik ez. Eta aldi berean, bada eskertzeko eta sustatzeko, euskarak erregai zibil hori beharrezkoa duela esateko. Etorkizunera proiektatzeko, bizipoz pixka bat da niretzat. Sinbolo hori barru-barrutik bizi dut, minberatzen nauen gai bat da, eta minberatzen nauen neurrian, poztu egiten naiz horrelako egunak bizi ditugunean.