Batzar nagusia egin du UEMAk gaur goizean Deban. Besteak beste, 2022an egindakoaren balantzea aztertu eta 2023rako egitasmo nagusiak onartu dituzte batzarkide diren alkateek eta zinegotziek. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte. Horrela, gaurtik aurrera, Astesu, Hernani eta Astigarraga ere UEMAko kide dira.
Guztien artean 300.000 biztanleko langa gainditu dute. Zehazki, gaur egun 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren herriek.
Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 86 herri ziren UEMAko kide. Gaur egun 97 dira.
Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2023rako egitasmoa ere onartu dituzte batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu dituzte: «aAnasguneen garrantzia jendarteratzeko Arnasa Gara kanpainaren harira aurten egin den Arnasetik bideosormen lehiaketa, Salto udalekuek izandako harrera ederra, herritarren kontzientziazioan sakontzeko hezkuntza proiektua sistematizatu izana, hizkuntza eragina neurtzeko hainbat udalek onartu dituzten ordenantzak, Zinuema egitasmoa edota kontzientziazioan eragiteko bideratutako tailerrak», besteak beste.
Horiez gain, aurtengo balantzean bereziki nabarmendu dituzte UEMAk egindako ikerketak: «Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa, EAEko udalen bilakaera soziolinguistikoa edota udalerri euskaldunetako haurrak ikerketa proiektua, haurrek gaztelerara geroz eta lehenago jotzeko faktoreak identifikatuz».
2023ko egitasmoen artean, berriz, euskara eta kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibiatik beste herri batzuetara zabaltzea, ELE gidaliburua, udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzea eta UEMA sendotzea, jardunaldiak eta agintaldi aldaketaren harira udal eta hautetsi berrien ahalduntzea aipatu dituzte, egitasmoan bildutako ohiko beste hamaika konturen artean, beti ere udalerrien eta udalen erabateko euskalduntzean eragiteko.