NAIZ

Euskal presoek badute Irlandatik igorritako mezua... eta Madrilek eta Parisek ere

Urteroko ohitura bete dute Irlandako lagunek eta euskal errepresaliatuei Eguberri eta Urte Berrirako zoriona opa egin dieten gutunak igorri dizkiete Belfastetik. Estatu espainol eta frantziarrentzat, aldiz, mezu argi bat: «Bakeak presoak askatzea esan nahi du».

Dozena bat presondegitan espetxeraturik diren 170etik gora euskal presoek gutun bana jasoko dute hurrengo egunotan, Irlandatik datorrena hain zuzen ere. Ohi bezala, lagun irlandarrek bidali dizkiete, ahalik eta Gabon garaia zoriontsuena opa eginez eta 2023a emankorra izateko gogoa helaraziz. Elkartasun ekimena da, urtero errepikatzen dena.

Aurten, gainera, gutunak Belfasteko postontzian sartzeko unea bideo bitartez zabaldu dute, haren mezuari zabalpen gehiago emateko asmoz, eta bolo-bolo dabil Euskal Herrian, sare sozialen bitartez.

Bertan mintzo dena Pat Sheehan preso ohia eta gose grebalaria izandakoa da, Euskal Herriarekiko Elkartasun Taldeko kideez inguratuta. Kaleratua izan ostean, Sheehan Sinn Féineko ordezkari izan zen Stormont-eko legebiltzarrean eta Euskal Herrira zenbait aldiz etorri da, ziklo aldaketaren garaian bereziki, haren irakaspenak helaraziz.

Presoei ezarritako zenbait salbuespen politika indarrean segitzeak eragiten dien «kezka bizia» aipatzen du bideoan lagun irlandarrak, oraindik ere 173 pertsona giltzapeturik dutela gogora ekarriz. Horietariko batzuk 30 urte baino gehiago egin dituztela preso aipatzen du, milaka kilometrotara izan dituztela, eta beren senideei zigor handia ezarri dietela.

Gauzak honela, mezu zuzena du Gobernu espainolarentzat zein frantziarrarentzat: «Bakeak euskal preso politikoen askatasuna esan nahi du».

«Gora euskal presoak, elkartasuna Belfastetik!», amaitzen du Pat Sheehanen mezuak. Bere atzean, ikurriña bat eta euskal presoen etxeratzearen aldeko zenbait banderatxo ikus daitezke, bai eta guztien argazkiak jasotzen dituen kartela, ‘Askatasuna’ aldarriarekin.