NAIZ

Hondarribiko Udaleko garbitzaileek akordioa lortu eta bertan behera utzi dute greba

Hondarribiko Udaleko garbitzaileek euren aldarrikapenak jasotzen dituen akordioa lortu dute eta, ondorioz, bertan behera utzi dute greba. Gatazkak iraun duen bitartean garbitu gabe gelditu da Talaia Eskola eta mobilizazioetan ibili dira bertako langile eta familiak. Eurentzat ere «egun handia» da.

Gela garbiak aldarrikatzeko eskolak patioan eman izan dituzte Talaia Eskolako irakasle eta ikasleek.
Gela garbiak aldarrikatzeko eskolak patioan eman izan dituzte Talaia Eskolako irakasle eta ikasleek. (Talaia Eskolako Familia Elkartea)

Hondarribiko Udaleko garbitzaileek euren aldarrikapenak jasotzen dituen akordioa lortu dute. Horrenbestez, bertan behera utzi dute greba, ELAk jakinarazi duenez. Besteak beste, honako hobekuntza hauek jasoko ditu akordioak: soldata arrakala ezabatzea; 2022tik 2026ra erosahalmena ez galtzeko bermea; enpresak hitzarmena aplikatu beharko duela bermatzen duen klausula; eta norberaren gaietarako bi egun.

Zazpi hilabeteko grebaren ostean, Hondarribiko azpikontratako langileek bertan behera utzi dute greba. Langileentzat ez ezik «egun handia» da Talaia Eskolako familia eta langileentzat ere. Hala idatzi dute Twitterren. Izan ere, ikasgelak zikinak egon dira eta horrek osasun arazoak sortu dizkie. Makina bat mobilizazio egin dituzte soluzio bat eskatuz, manifestazio bat eta eskolak patioan ematea, adibidez. Orain dela gutxi esana zuten «jada pazientzia agortzen» ari zitzaiela.

«Akordio ona da»

Aurreakordioa joan den abenduaren 16an sinatu zuten Lan Delegaritzan, eta behin-betikoa da.

ELAk gogorarazi du grebak iraun duen zazpi hilabeteetan Udalak entzungor egin diela langileen eskaera guztiei. «Enpresari bakarrik axola zitzaizkion bere dibidenduak eta negoziazioa luzatzen saiatu da, bere interesen mesedetan, baina borrokari esker akordio ona lortu dugu», nabarmendu du.

Sindikatuak erantsi duenez, erresistentzia kutxa ezinbesteko tresna izan da borrokari eutsi ahal izateko.