NAIZ

Sindikatuak kalera Donostian, Sarerekin batera, U7ko mobilizazioa aurreratuz

Bilbon hilabetean behin bildu ohi dira sindikatuak euskal presoen eskubideen alde, eta gaur asteartean Donostian egin dute mobilizazioa Sarerekin batera, salbuezpenezko espetxe politiken kontra eta urtarrilaren 7ko mobilizaziorako motorrak berotuz.

Sindikatuetako kideak eta Sarekoak, elkarrekin gaur Donostian.
Sindikatuetako kideak eta Sarekoak, elkarrekin gaur Donostian. (Gorka Rubio | Foku)

Sare eta sindikatu gehienak kalera atera dira elkarrekin gaur asteartean Donostian, bi helbururekin: batetik, espetxe politiketan euskal presoen aurkako oraindik mantentzendiren salbuespenezko praktikak behingoz amai daitezen aldarrikatzea, eta bestetik urtarrilaren 7ko mobilizazioa bultzatzea.

Ekimen ugari ari da egiten norabide horretan (Bilbon ere errepikatuko da mobilizazioa asteazken honetan, Santo Tomasen testinguruan). Gaurkoan Sarerekin batera ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta EHNEko ordezkari eta kideak egon dira.

‘Langileok bidean gara presoak etxeratzeko’ zioen pankartaren atzean ekin diote mobilizazioari, Easo plazatik abiaturik.

Sareko eledun gisa Inaxio Oiartzabalek hitz egin du kazetarien aurrean, mobilizazioa abiatu baino lehen: euskal presoen egoera normaltzen hasteko urratsak ematen ari diren honetan «komuneko lana» oso garrantzitsua dela nabarmendu du, «espetxe arloko salbuespen neurri hauek behingoz amaitzearen alde diren eragileen artekoa».

Presoan aberriratzeko erabaki ondoren gaur egun Euskal Herritik kanpo preso gutxi gelditzen dela aipatu du Sareko ordezkariak (hamahiru, berak esan duenez), baina aldi berean «gradu progresiorako oztopo asko daudela» ekarri du gogora, bidean dauden zailtasunen froga gisa.

«Asko dira hirugarren gradura pasatzeko baldintzak betetzen dituzten presoak, baina horietako gutxi batzuk lortzen ari dira bakarrik. Eta egoera hori eskuratu duen zenbait preso bigarren gradura itzuli dituzte», oroitarazi du Oiartzabalek. Gainera, hamabi preso inguru Fiskaltzak jarritako helegiteen gaineko erabakien zain daude, eta gerta liteke hauek ere berriz kartzelaratuak izatea, ohartarazi du.