NAIZ

San Tomas egunean ere, preso, iheslari eta deportatuak etxean nahi dituztela aldarrikatu dute

Sarek eta Etxeratek deituta, elkarretaratzea egin dute Bilboko Udalaren aurrean euskal presoei ezartzen dizkieten salbuespen neurriak indargabetu ditzatela aldarrikatzeko.

Bilboko udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea Sarek eta Etxeratek.
Bilboko udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea Sarek eta Etxeratek. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sarek eta Etxeratek deituta, kontzentrazioa egin dute «Etxera bidea gertu» lelopean, gabonen testuinguruan preso, iheslari eta deportatuen etxeratze aldarrikatzeko eta salbuespen neurriak bertan behera utz ditzatela exijitzeko antolatu dituzten mobilizazioen baitan.

«Santo Tomas egun honetan ere etxean nahi ditugu, eskubide osoa dute etxera bueltatzeko. Lege arrunta aplikatuz gero euskal preso asko extean egon beharko lirateke», ohartarazi dute. 

Nabarmendu dutenez, espainiar espetxeetan «euskal preso gutxi batzuk» baino ez direla gelditzen, «salbuespeneko espetxe politika bere horretan mantentzen dute. Politika horrekin bukatzeko «ezinbesteko formula» gisa zerrendatu dute «mobilizazioa, jendarte, eragile sozial eta politiko eta euskal instituzioen konpromisoa eta lana».

Aurrera begira, gainera, salbuespenarekin behin betiko amaitzeko bidean, gradu aurrerapenak desblokeatzea «ezinbesteko» jo dute Sarek eta Etxeratek.

Gogora ekarri dutenez, preso bakoitzaren inguruabarrak eta bilakaera «hobekien» ezagutzen dituztenak espetxeetako tratamendu batzordeak dira, «baina haien irizpidea gailentzea eragozten du Auzitegi Nazionalak», Lakuako Justizia Sailaren erabaki juridiko «ondo arrazoituak» bertan behera utzi eta euskal presoei buruzko erabakiak epaitegi natural hurbilenak hartzeko irizpidea «mespretxatuz».

Horregatik, Auzitegi Nazionalaren ahalegin horrekin «bukatu beharra» nabarmendu dute eta Gabonetarako antolatu dituzten mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Ostegun honetan Gasteizen egingo dute elkarretaratzea 12.00etan Andre Mari Zuriaren plazan, sindikatuekin batera. Abenduaren 24an Gasteizen eta Lizarran antolatu dituzte mobilizazioak, eta abenduaren 31n Basauri eta Martuteneko espetxeetara martxak, beste elkarretaratze askoren artean.

Azkenik, urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzeko deia egin dute. «Duintasuna, bizikidetza lortzeko itxaropena eta euskal presoei zein haien familiei eragiten dieten giza eskubideen errespetuaren exijentzia eramango dugu ozen kalera».