NAIZ

Iparraldeko, EAEko eta Nafarroako selekzioetako pilotariak, Frantziakoen aurka

52 pilotari arituko dira Iparraldeko Pilota Batzordearen mendeurrena ospatzeko antolatu den 23 urtez azpiko pilotarien txapelketan. Lehia Hazparne eta Miarritzen izango da abenduaren 27tik 30era.

Abadiñon aurkeztu dute gaur Lapurdin jokatuko duen Euskadiko selekzioa.
Abadiñon aurkeztu dute gaur Lapurdin jokatuko duen Euskadiko selekzioa. (EEPF)

Bakoitza bere aldetik izango den arren, Iparralde, EAE eta Nafarroako 23 urtez azpiko pilotaririk onenak Frantziako selekzioko ordezkarien aurka lehiatuko dira, Iparraldeko Pilota Batzordeak bere mendeurrena ospatzeko antolatu duen txapelketan. 

Denera, 52 izango dira zazpi joka moldeetan Hazparneko Berria Trinketean eta Biarritzeko Euskal Jai pilotalekuan banatuko den nazioarteko txapelketa honetan arituko diren pilotariak, neska zein mutil. Zesta puntaz, trinketean eskuz binaka zein banaka, paleta larruz, gomazko paletaz eta xarean arituko dira hurrengo egunetan Lapurdiko bi herrietan jokatuko den nazioarteko lehiaketa honetan. 

1922. urtean sortu zenetik, euskal pilota molde guztiak sustatzea eta salbatzea izan du xede Iparraldeko Pilota Batzordeak, indarra batez ere gazteenekin eginda. Azken urteko datuei erreparatuta, 60 pilota elkarte federatutan banatutako 5.124 lizentziadun, 1099 emazte barne, batzen dira erakundean eta 33 kideko Zuzendaritza Batzorde bat ditu.

Egun hauetan jokatuko den txapelketaz harago, 2023an, ekainetik irailera, irudi erraldoien erakusketa bat egingo du Ipar Euskal Herriko herri gehienetan zehar. Afitxa hauekin «iragan loriatsua, orain kementsua eta etorkizuneko pilotariak omentzeko» asmoa du Iparraldeko Pilota Batzordeak.