2020an txapelera eraman zituzten dohainetatik asko berreskuratu eta lehiakorrak izanda, sailkapeneko azken postua Erik Jaka eta Aitor Arangureni pasa diete Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak, Irunen 22-18 gailenduta. Orain arteko lau jardunaldietan ez bezala, Ezkurdia oldarkor eta errematean distiratsu bat ikusi dugu Urantzun eta Julen Martijak ere orain arteko bere partidarik onena jokatu du, bere nortasunera itzulita, seguru eta Arangureni sarri bizkarra erakutsiz, nahiz eta azkenerako nekeak ere erasan dion. Baikokoentzat emaitza eta sailkapeneko azken postua baina kezkagarriagoa izan daiteke, hala ere, partidaren hondar aldera Erik Jakak ezker eskuko hatz nagian hartu duen kolpe txarra. Lizartzarrak partida amaitu ahal izan du, amaieran gantxo on batzuk ere gurutzatu ditu hortzak estututa eta ikusi beharko da hurrengo jardunaldian jokatzeko moduan izango den.
Lehengo tantoan pilotak zabalera ihes egin badio ere, Joseba Ezkurdiak hasiera-hasieratik hartu du partidaren aginte makila, boleaz erritmoa sartzen saiatuz lehendabizi eta errematean asko asmatuz ondoren. Aspekoen lehen bost tantoak (5-2) arbizuarrak egindakoak izan dira eta hein handi batean Lau eta Erdiko egungo txapeldunaren oldarkortasunak eman die gorriei markagailuko aldea. Hori bai, aurrekoetan baino askoz erosoago, Julen Martijak ere lan txukuna egon du, pilota baztertu eta Erik Jaka saihesteko pilota ezker pareta jota frontiseratuz.
Txapelketako lehen partida Urretxun irabazita zetozen Jaka-Arangurenek zailtasunak izan dituzte 2020ko txapeldunen aurka, baina ohi bezala, lanerako prest heldu dira Irunera eta lehen erdian markagailuak iradoki dezakeena baina askoz gehiago nekarazi dituzte aurkariak. Pentsa, 10-3ko bi paretaz lortu du Ezkurdiak, horretarako 109 pilota gurutzatu dituztelarik, lan erdietara 416 pilotakada jota (11-3).
Erreakzioak ez dira nahikoa izan
Lehen atsedenaldi luzeak, ordea, Baikoko gipuzkoarrei egin die mesede, batez ere, ordura arte ez bezalako distirarekin aritu baita errematean Erik Jaka eta baita zabalean dejada bikain bat bota duen Aitor Arangurenek (13-7).
Julen Martijak atzean oso ondo baztertutako pilota batekin eten dute sakandarrek Baikokoen bolada eta hortik aurrera ezinean aritu dira, markagailuan berriz ere zulo handi xamarra pilatuta.
Eta hori baino okerragoa izan daitekeena, 19-9koan, Ezkurdiak zabaletik moztutako pilota bat eramatera joan denean, Erik Jakak oso kolpe txarra hartu du ezker eskuko hatz batean eta ikaragarrizko minarekin aritu behar izan du azken tantoetan. Dena galdua zutela zirudien arren, azken hitza oraindik esan gabe ziren Jaka eta Aranguren. Lizartzarrak gantxo bikainak gurutzatu ditu mindutako esku horrekin eta pixkanaka Aranguren Marijari bizkarra erakusten hasi da, partida Aspekoek nahi baino askoz gehiago estutuz. Azkenerako, lau pilotariak akituta zirela, 21-18 ere gerturatu zaizkie gipuzkoarrak, baina ezin izan dute partida irauli.
FITXA TEKNIKOA
Ezkurdia-Martija: 22
Jaka-Aranguren: 18
Pilotakadak: 858. Iraupena: 84,25 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-2, 6-2, 6-3, 12-3, 12-7, 15-7, 15-8, 16-8, 16-9, 20-9, 20-15, 21-15, 21-18, 22-18. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 1 Jakak. Egindakoak: 12 Ezkurdiak, 1 Martijak, 11 Jakak eta 3 Arangurenek. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak, 0 Martijak, 5 Jakak eta 1 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera polita eta giro beroa Irungo Uranzu pilotalekuan.