Jon Ormazabal

Elordi-Zabaletak harrapaezinak dirudite gaur-gaurkoz (22-8)

Laso eta Imazek inpotentzia ariketa bat pairatu behar izan dute txapelketako liderren erauntsiaren aurrean.

Elordi eta Zabaleta garaipena ospatzen, Laso-Imazek burumakur amaitu duten bitartean
Elordi eta Zabaleta garaipena ospatzen, Laso-Imazek burumakur amaitu duten bitartean (Iñigo URIZ/FOKU)

Binakako hau oso luzea dela eta txapelak udaberrian banatuko direla da gaur egun Binakako Txapelketa honetan dauden zortzi bikoteetatik zazpiri oraintxe geratzen zaien kontsolamendu nagusia. Izan ere, orain arte ikusitakoaren arabera, Elordi-Zabaleta gainontzekoengandik koxka bat, edo bi, gorago daude. Izan ere, bost partida jokatuta, bi puntutako zuloa ireki dute sailkapeneko bigarrenekiko, Tolosan iazko azpitxapeldunak 22-8 zanpatuta.

Mallabiarrak eta etxarrendarrak ere horixe izango dute kezka iturri nagusia, ez ote duten sasoia punturik onena behar baino lehenago harrapatu. Momentuz, horixe dute zalantza bakarra, euren jokoan inolako arrakalarik erakutsi gabe jarraitzen dute eta. Aurreko asteetan bezala, aitaren batean utzi dute erabakita Laso-Imaz bezalako bikote handi baten aurkako lehia.

Hasiera ikaragarri batean, nahikoak izan dituzte Aspekoek 15 minutu lan erdietara 11-2 aurretik heltzeko, erakustaldi izugarri bat eman ostean. Dentistarengana joatea bezalako tramite deseroso bat balitz bezala –«bagenekien zertara gentozen», aitortu du Unai Lasok–, aspaldian bizi gabea zen inpotentzia ariketa baten ostean. Izan du Bizkarreta-Gerendaingoak, harrotasun oldarraldi batean aurkariak mugitu eta euren konfort gunetik atera dituen une bat, baina partidaren gehienean denfentsa lanetan hustu behar izan du txapeldunak aurkarien erauntsiaren aurrean.

Goitik behera nagusi

Izan ere, partida hasi den unetik bertatik Aspeko bikotea erabat nagusi izan da, jokoan zein markagailuan. Tolosakoa bezalako pilotaleku noble batean, zaila da Jose Javier Zabaletari aurre egiten eta gaur Ander Imazi erabat ezinezkoa egin zaio etxarrendarrari eustea. Binakakoa zalantzaren batekin hasi bazuen, asteak joan eta asteak etorri eta kantxan gozatzen somatzen dugu nafarra, gaur asko agintzeaz gain, pilota moztuk edo atzeratuz tanto bikainak ere lortuz.

Eta zer esan Aitor Elordiren inguruan? ba mallabitarra bai ari dela gozatzen bere estraineko Binakakoan. Jar ziezaioketen lagunik onena da Zabaleta bizkaitarrarentzat, baina alderantziz ere esan genezake, elkarrekin apenas jokatu gabeak izanagatik, berehala egin dute eta bat bataren joak eta bestearen errematatzeko abilidadeak. Aurkariei gertatzen zaienaren kontra, Elordik ez du erasoan arriskatu beharrik, badaki bere atzelariak lehenago edo beranduago aukera on bat sortuko diola eta gaur itxaron besterik ez du egin behar izan, ezinean aritu den Imaz batek aukeraren bat noiz eskainiko.

Eta, konfiantzaz hazita, behar ez zuen arriskuren bat hartu duenean ere, zortea alde izan du, 1-3koan Lasoren sake bati errestoarekin tanto egin dionean bezala. Gauzak horrela, Beotibar bete duten 1.000 zale inguruk emoziorik gabeko partida bat ikusi dute, baina liderren erakustaldiarekin gozatu ere egin dute, bikote hau horrela jokatzen ikustea gozamen hutsa da eta.

FITXA TEKNIKOA:

Laso-Imaz: 8

Elordi-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 246. Iraupena: 39 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-9, 2-9, 2-13, 3-13, 3-14, 4-14, 4-17, 6-17, 6-18, 7-18, 7-20, 8-20, 8-22. Sakeak: 1 Lasok eta 6 (falta 1) Elordik. Egindakoak: 3 Lasok, 0 Imazek, 8 Elordik eta 5 Zabaletak. Galdutakoak: 1 Lasok, 2 Imazek, 3 Elordik eta 0 Zabaletak. Gorabeherak: Beotibar goraino bete da Binakako txapelketako bosgarren jardunaldiko azken partida ikusteko. Dirua 100/70 urdin hasieran.