NAIZ

Gasteizko memoria zentroaren proiektua «izoztu» izana leporatu die Memoria Garak erakundeei

Gasteizko San Frantzisko Asiskoa eliza memoria zentro bilakatzeko asmoa geldirik dagoela salatu du Memoria Gara elkarteak. Erakundeei galdegin die «serio» har dezatela martxoaren 3ko gertakariak oroitzeko proiektua.

Memoria Gara elkarteko kideek astelehenean egindako agerraldia.
Memoria Gara elkarteko kideek astelehenean egindako agerraldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Ia bi urte igaro dira Lakuak, Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gotzaindegiak Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoaren eliza memoria zentro bilakatzeko asmo-akordioa sinatu zutenetik. Ordutik, baina, martxoaren 3ko gertakariak oroitzera bideratu nahi den proiektua «izoztuta» dagoela gaitzetsi du Memoria Gara elkarteak astelehen honetan egin duen agerraldian. Alta, «atzerapenak, bete gabeko promesean eta aurrekontu-murrizketak» salatu ditu.

Memoria Garak gogorarazi du lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko proposamen bat igorri ziola iaz Gogora Institutuari, eta alde guztien oniritzia jaso bazuen ere, ez dela ezer sinatu gaur-gaurkoz. «Ezin dugu beste urte bat hutsean pasatzen utzi. Eta badoaz bi», ohartarazi du.

1976ko martxoaren 3ko gertakariak oroitzera bideratutako proiektua «serio» hartzeko galdegin die erakundeei eta memoria zentroa martxan jartzeko fundazioa eta patronatua eratu ditzatela, Memoria Gara eta Martxoak 3 erakundeen parte hartzea bermatuz.

«Hilabeteetan zehar, erakundeek baloiak bota dituzte kanpora, fundazioa eratzeko zailtasun juridikoak argudiatuz. Baina, egia esan, uztailaz geroztik, Eusko Jaurlaritzak aldeko txosten juridikoa du, eta ontzat ematen du fundazioa sortzea. Baina arlo horretan ere ez da urratsik egin», salatu du Memoria Garak.

Aurrekontuaren murrizketa

Erakunde honek nabarmendu du, bestalde, Lakuako Gobernuak memoria zentroa sortzeko aurreikusitako partidak murriztu dituela. «Hala, 2022an 485.000 euroko aurrekontua egin zen (horietatik zero gastatu da), eta 2023rako aurrekontua 290.000 eurokoa da», argitu du.

Desagertu diren partiden artean, Martxoak 3rekin eta Memoria Gararekin hitzarmen bat sinatzeko partida dagoela azaldu du erakundeak. Bi helburu ditu hitzarmen horrek, gogoratu duenez: «Batetik, biktimek espazioa sortzeko prozesuan parte hartuko dutela bermatzea, eta, bestetik, Gogora Institutuari lagatzea Martxoak 3 elkarteak duen materiala, azken hamarkadetan biltzen joan dena».