Alessandro Ruta
Elkarrizketa
Eddie Settembrini
Egile satirikoa (‘Lercio’)

«Satirarako paregabeko iturria da Italia»

Lercio webgunearen 10. urteurrena ospatu dugu bere sortzaileetako batekin: «Eliza Katolikoak eta politikak asko ematen dute. Gu kontraesanen bila gabiltza, eta tarteka errealitatea aurreratu dugu». Beste zenbaitekin «Txantxaren Mugimendu Internazionala osatzen» dutela adierazi du.

Eddie Settembrini.
Eddie Settembrini. (Twitter)

«Alarma gorria Alderdi Demokratikoaren egoitzan! Baina sarrerarantz gehiegi gerturatu zen langile bat zen, besterik ez». Hau da ‘Lercio’ren izenburuetako bat. Benetako gezurra da, edo errealitateak satirari hartu dio aurrea? ‘Lercio’ (‘Lizun’ gisa itzul daiteke euskarara), Italiako hedabide satiriko potentea da, aurten hamar urte bete dituena.

Milioika jarratzaile dauzka «txantxa-kazetaritza» lantzen duen webgune honek, eta izugarrizko garrantzia hartu du Balpaeseko gizartearen artean. Hamar urtez barre egiten eta barre eginarazten: ospakizun handiak egiten ari dira, antzezlanak eta argitalpen bereziak barne.

Urtemugaren aitzakiarekin Eddie Settembrini sortzaileetako batekin hitz egin dugu. Egitasmoaren kokapena egiteko, zer esana ematen duen aipamen bat: «‘El mundo today’, ‘L'Egographie’ eta ‘Der Postillon’ekin Txantxaren Mugimendu Internazionala osatzen dugu». Egoera politiko berria ere hizpide izan dugu, jakina.

Zein da idatzi duzun azken «albistea»?

Maite dudan azkenetako bat esango dizut. Forza Italiako ordezkari den Maurizio Gasparrik: «Ez dugu abortua bakarrik eragotziko, menopausia ere egingo dugu». Meloniren Gobernu berria Abortuaren Legea aldatzearen testinguruan idatzitakoa da, oso naturala iruditu zitzaidan ondorio hori.

Gasparrik eta antzekoek eduki asko ematen dizkizuete...

Zentzu horretan Italia paregabea da. Ez dakit kanpoan nolakoa den egoera, baina politikan, gizartean edota mundu katolikoan, txantxak egiteko zerbait dago egunero-egunero.

Zenbat zaudete hedabidean? Baduzue erredakziorik?

Gaur egun plantilan 20 idazle gara, gehi bi abokatu. Azken hauek ezinbestekoak dira, gure albisteak argitaratu aurretik filtroa egiten dutelako: legea ikusita zer komeni den kentzea eta zer ez erabakitzeko. Erredakziorik ez dago, bakoitzak bere etxetik egiten du lan: nik Erromatik, adibidez, beste batzuek Milanetik, baten batek Berlindik....

«20 idazle gara, gehi bi abokatu. Azken hauek ezinbestekoak dira»

Nola elkartu zineten?

Daniele Luttazzi egile satirikoaren blogetik hasi zen dena: ‘La palestra’ [‘Gimnasioa’] deitzen zen. Luttazzik bere irakurleak gonbidatu zituen egiazko abiapuntu batetik albiste faltsuak idazteko. Esperientzia horren ostean liburu bat argitaratu zuten: ‘Almanacco della satira italiana’. Danielek ‘La palestra’ utzi zuen gero baina guk, egileok, gure arteko harremanak mantendu genituen eta geure bloga irekitzea erabaki genuen: ‘Acido lattico’ [‘Azido laktikoa’ edo ‘Hanketako mina’ ere bai]. Hainbeste ariketa fisikoren ondoren, normala iruditzen zitzaigun izen hori.

Eta handik ‘Lercio’ra.

Italian egunkari bat dago, metroan dohainik banatzen dena, ‘Leggo’ izenekoa. Egun batean gure lankide batek estilo grafikoa mantenduz izena aldatu zuen. Horrenbestez, ‘Leggo’tik ‘Lercio’ra iritsi ginen.

Gogoratzen duzu zein izan zen lehendabiziko albistea?

Noski baietz, 2012ko urriaren 28an. Ironikoki, faxismoaren Marcia su Roma-ren egunean. «Txina: umeek blokeatutako putzu bat askatu dute». Izenburua izaten da gure jardunean garrantzitsuena, baina albistearen testua ere «normala» izaten ahalegintzen gara, itxurazko seriotasunari eusteko.

Noiz konturatu zineten joku hau «kontroletik kanpo» zegoela?

Radio Mariak arazo tekniko bat izan zuela eta Megadeth metal taldearen musika eskaintzen hasi zela idatzi genuenean. ‘La Repubblica’ egunkariak pentsatu zuen egia zela albiste hori, eta bere webgunean jarri zuen. Izugarrizko biraltasuna hartu zuen bat-batean, Suitzako kazetari batek Radio Mariaren zuzendariari deitu zion arte. Ez Italiako batek, baizik eta «kanpotar» batek. Tipoaren erantzuna hauxe izan zen: «Ez dut uste Megadeth eskaini dutenik».

Nola jaiotzen dira ‘Lercio’ren albisteak?

Nire kasuan goizero prentsa begiratzen dut, inspirazio bila. Baina askotan egunerokotasun pribatutik ere elikatzen gara. Adibide bat ematearren: behin Milanen geunden, Duomoko aldean. Kaleetan musikariak, ez dakit peruarrak edo boliviarrak ote ziren, jotzen eta jotzen ari ziren: atseginak, koloretsuak, baina apur bat gogaikarriak. Segundu batean gure egile batek idatzi zuen albistea «Ikerketa baten arabera txirularekin asaldatzen zutelako desagertu ziren inkak».

Zein da iturririk emankorrena?

Eliza Katolikoa, zalantzarik gabe, eta politikaren munduan Bost Izar Mugimendua. Hain zuzen ere, izarrik handiena Danilo Toninelli ministro-ohia izan dugu. Sinestezina zen tipo hura, ia txantxa bat zen bera, bere osotasunean. Azkenik egun batean albiste oso berezi bat idatzi genuen, testurik gabe, izenburua bakarrik: «Toninelli».

Norbait minduko duzue, ezta?

Bai, eta gehien jasaten dutenak Bost Izarzaleak eta ultrakatolikoak dira, futbolzaleez gain.

«Kontraesanak bilatzen dituen tresna da satira. Lau gai nagusi dituena: erlijioa, sexua, politika eta heriotza. Beti boterearen kontra, ez biktimen kontra, bestela faxismoa bihurtzen da»

Zer da satira zure ustez?

Kontraesanak bilatzen dituen tresna bat. Lau gai nagusi kudeatzen dituena: erlijioa, sexua, politika eta heriotza. Beti boterearen kontra, ez biktimen kontra, bestela faxismoa bihurtzen da.

Zuenak «fake news» satirikoak dira, baina zer uste duzu benetako albiste faltsuei buruz? Zein arazo sortzen dute?

Komunitate batentzat oso larriak izan daitezke, eta denok dakigu hori. Dena den iraganean albiste faltsu batzuek bizitza asko salbatu zituzten. Kasu bat nabarmenduko dizut: Bigarren Mundu Gerran naziek Erromako juduak espetxeratu nahi zituzten, baina azken hauek Isola Tiberinara, Tevere ibaiaren erdira alegia, ihes egin zuten, Fatebenefratelli Ospitalean babesa lortzeko. Hango mediku batek, Giovanni Borromeok, benetako fake news bat asmatu zuen, naziak urruntzeko: han artatutako haiek K birusa zutela, oso kutsakorra. Eta naziek sinetsi egin zuten, batez ere «gaixo» haien eztula (hau ere faltsua) entzun eta gero.

Gobernu berri hau aurrekoa bezain emankorra izango dela uste al duzu?

Egia esan Draghirena apur bat grisa zen. Giuseppe Conterena, aldiz, oso dibertigarria izan zen, pandemia garaian izan ezik. Gu denok ezkertiarrak gara; beraz, emaitzak ikusita alde batetik triste geratu gara, baina etorkizunari begira gauzak ikusteko irrikaz gaude.

Eta ‘Lercio’ren etorkizunerako zer aurreikusten duzu?

Ikastetxeetatik hasi dira gu deitzen, gure jarduera kontatzera joatea nahi dutelako. Eta gazteei asko gustatzen zaie. Esan dizudan bezala, albiste bitxiak edonon daude. Sare sozialetan orri berezi batzuk ireki dituzte, eta badakizu nola deitu dieten? «Ah, baina ez da ‘Lercio’?». Italiako gizartean, agian nahi gabe, buru-belarri sartu gara. Hamar urtez, ez da gutxi.

Zuen arteko elkarlana ere bada. Esan nahi dut, Europan beste ‘Lercio’ batzuk badaude eta sasoi betean agertzen dira...

Bai, guk ez dugu ezer asmatu. XVIII. mendean dagoeneko Benjamin Franklinek eta XIX. mendean Mark Twainek mock journalism egiten zuten. Espainian bai, ‘El Mundo Today’ badago, baita Frantzian eta Alemanian ere, ‘L'Egographe’ eta ‘Der Postillon’, gehi ‘The Onion’ Estatu Batuetan, azken hau ere paperezko bertsioan. Internazional Sozialista bat bezalakoa gara, baina Txantxaren Mugimendu Internazionala gure kasuan.