NAIZ

Matheus Da Silvak 2024ra arte jarraituko du Bidasoan jokatzen kontratua berritu ostean

Matheus Da Silva pibote brasildarra (Nova Iguaçu, 1998/2/7) 2019ko udan iritsi zen Irunera eta defentsa lanetan espezializatua dela erakutsi du. Jokalaria «oso pozik» agertu da taldean eta «oso gustura» dagoen hirian jarraitzeagatik.

Matheus Francisco Da Silva eta Gurutz Aginagalde presidentea.
Matheus Francisco Da Silva eta Gurutz Aginagalde presidentea. (BIDASOA IRUN)

Oraindik 2022-2023 denboraldiko lan erdik eginda dauden arren, Bidasoa Irunek martxan du bere etorkizuna. Duela egun batzuk Iñaki Cavero etxeko jokalaria eta Mikel Zabala eibartarraren berritzeak iragarri zituen klubak –Jon Azkue kapitainak, aldiz, ez du datorren urtean jarraituko–, eta astearte honetan beste batena iragarri du: Matheus Francisco Da Silva (Nova Iguaçu, 1998/2/7).

Piboteak 2024ko ekainaren 30era arte jarraituko du bertan jokatzen. 2019ko udan iritsi zen Irunera, Sao Pauloko Pinheiros taldetik, eta Irunen defentsa lanetan espezializatua dela erakutsi du. Orain arte 140 partida ofizial jokatu ditu talde bidasotarrarekin: horietako 92, Asobal Ligan (30 gol, horietatik 12 denboraldi honetan); 35 Europako txapelketetan (EHF Champions League eta EHF European League, 5 gol); 8 Kopan (3 tanto); eta bost Asobal Kopan (21 gol).

Jokalari brasildarra «oso pozik» agertu da Bidasoa Irun taldean eta «oso gustura» dagoen hirian jarraitzeagatik. «Denboraldi bakoitzean gehiago eboluzionatzen dut eta orain taldean ardura gehiago ditudan jokalaria naiz. Nire ibilbideko beste urrats bat bezala ikusten dut»

Poloniako eta Suediako Munduko Txapelketaren ondoren, Francisco da Silvak EHF European League-n bizitzen ari diren gauzak azpimarratu ditu: «Artaleku bete batean jokatzen ari gara. Badakigu zaila dela Europako txapelketan liga oso onetako taldeen aurka jokatzea eta gure helburua bigarren kanporaketara pasatzea da, zaila izango dena».