NAIZ

Mertxe Aizpurua: «Oinarrizko elikagaien prezioari topea jarri behar zaio»

Mertxe Aizpuruak elikagaien distribuzio enpresei zergak igotzea proposatu du, baita energia enpresei eta bankuei ere. Ministro Kontseiluaren erabakien aurretik adierazi du Kongresuan EH Bilduko eleduna denak.

Mertxe Aizpurua, Madrilgo Kongresuko hitzartze batean.
Mertxe Aizpurua, Madrilgo Kongresuko hitzartze batean. (Eduardo Parra | Europa Press)

Mertxe Aizpurua EH Bilduk Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean esan duenez, beste egoera batzuetan koalizioa BEZa jaistearen kontra agertuko litzateke, baina oinarrizko elikagaien prezioaren gorakadaren aurrean, «topea» ezartzearen alde agertu da.

Astearte honetan eman du Ukrainako gerrak eragindako krisiaren kontrako neurri sortaren berri Pedro Sanchezen Gobernuak. «Orokorrean ez gara BEZa jaistearen aldekoak. Baina egia da oinarrizko elikagaiekin zerbait behar dugula. Prezioari topea jarri behar zaio, beraz, planteatzen den bidea ez dugu gaizki ikusten», adierazi du Aizpuruak. Dena den, gaineratu du BEZaren jaitsiera «tentuz» egin behar dela, eta horrekin batera Madrilgo Gobernuari dagokiola distribuzio kateetan ere «eskua sartzea», bertan ematen direlako prezio igoera altuenak.

Bestalde, erregaiaren 20 zentimoko deskontua, orain arte orokorra, soilik sektore kaltetuenetan mantentzea erabaki du Madrilek. «Ikuspegi ona da», esan du Aizpuruak, bere ustez «gehien behar dutenek» jaso behar baitituzte diru-laguntzak: «Logika badu».

Energia konpainiei eta bankuei gehiegizko irabazien gaineko zerga aplikatzearekin ados dagoen galdetuta, baiezkoa eman du koalizio abertzaleko kideak, eta «interbenitu» behar direla nabarmendu. Zentzu honetan Sanchezen Gobernuak hartzen dituen neurriak momentu edo epe baterako izaten direla kritikatu du, eta ez «egiturazko arazoak» konpontzeko erabaki egonkorrak.

Urte berriarekin batera Ondasun Handien Gaineko Zerga aktibatzea aurreikusten du Madrilek, eta Aizpuruak iritzi du ez duela talka egingo EAEn aplikatzen den Ondarearen Gaineko Zergarekin. Kontrara, «bateragarriak» izan daitezkeela esan du, eta erkidegoan ondasun handiak dituzten norbanako asko ez badaude ere, «daudenei zergak aplikatu behar zaizkie», defendatu du.

Konstituzio Auzitegiaren afera

Konstituzio Auzitegiak Parlamentuari ezarritako betoarekin herritarren subirautza «erabat» urratu duela uste du Mertxe Aizpuruak. «Ez gaitu ezustean harrapatu, zeren Konstituzio Auzitegiak hainbat neurri hartu zituen bere garaian, bai Euskal Herriari begira eta baita Kataluniari begira ere. Orain Estatuak dituen sektore erreakzionariek ikusi dute 78ko erregimenak pitzadura bat duela eta babestu nahi izan dute», adierazi du.

Orain lege proposamen bezala bultzatu nahi du Pedro Sanchezen Gobernuak Auzitegi honetako epaileak izendatzeko sistema. EH Bilduk Kongresuan duen bozeramailea ados dago planteamentu horrekin, baina gehiago egiteko momentua dela pentsatzen du: «Egia da ikusten genuela aukera zegoela gehiago sakontzeko Konstituzio Auzitegian geratu beharrean, baina Gobernuak ez du nahi izan».

Erabakitzeko eskubidea

Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluaren erreforma –‘ezgaitu’ hitza ‘ezgaitasuna duen pertsona’ adierarekin aldatu nahi da– aprobetxatzeko aukera ikusi dute EAJk eta JxCat-ek adostutako erabakitzeko eskubidea Konstituzioan txertatzeko zuzenketak proposatzeko. Aldatu nahi den edukiarekin bat egin du Aizpuruak, baina ez «egiteko moduarekin». Bere aburuz, «gauza hauek serioak dira» eta eskatzen dute Euskal Herritik «adostutako» erantzun bat ematea. EAJk eta Juntsek egin dutena da, bilkidearen iritziz, «inora ez doan bide bat irekitzea».

Alde horretatik, Pere Aragonès Kataluniako Gobernuko presidenteak egindako proposamenarekin bat datorrela esan du, eta euskaldunek eta katalanek «bide beretik» ekiteko beharra azpimarratu. «Kataluniak eta Euskal Herriak Estatuaren aurrean fronte antzeko zerbait planteatu beharko genuke», esan du.