NAIZ

Lezoko Olentzeroa lapurtu eta erre dute

Lezoko Udalak ezezagunen batek udaletxe azpiko Olentzeroren panpina lapurtu eta erre egin duela salatu du. Martiarena Lezoko alkateak adierazi du: «Bigarren urtez jarraian bandalismoa egin dute Olentzerorekin, euskal kulturaren ikurretako batekin». Zuhurtziaz eta errespetuz jokatzeko deia egin dute.

Lezoko Olentzeroren hondarra.k
Lezoko Olentzeroren hondarra.k (Lezoko Udala)

Astearte goizaldean Lezoko Udaletxearen parean zegoen panpinezko Olentzeroa norbaitzuek lapurtu eta erre egin zutela salatu du Lezoko Udalak ohar baten bidez.

Herritarrei «zuhurtziaz» jokatzeko eta «gure kulturaren sinboloak errespetatzeko» dei egin die. Oharrean adierazi dutenez, ez da Gabonetan «ekintza bandalikoak» jazotzen diren lehen urtea, pasa den urtean ezezagunek Olentzeroren panpina herritik paseatzera eraman zutela adierazi dute.

Atzo goizaldean Olentzero lapurtu eta ondoren su eman ziotela azaldu du udalak. Panpinaren hondarrak alokairuko 52 zuzkidura-apartamentu eta herriko anbulategi berria eraikitzen ari diren orubean agertu dira. Oharrarekin batera sare sozialen bidez zabaldutako bideoa baten berri eman du Lezoko udalak, egilea nor den ez daki, ordea. Bideoan, aipatutako lur-sailean sutea ikusten da, Olentzero erretzen ari diren momentua hain zuzen ere.

Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak gertatutako ezin duela sinetsi adierazi du: «Bigarren urtez jarraian bandalismoa egin dute Olentzerorekin, euskal kulturaren ikurretako batekin. Ekintza hauek irmoki gaitzesten ditugu eta zentzuz eta errespetuz jokatzeko eskatzen dugu».

Ekimenaren berri ematearekin batera, Lezoko Udalak jakinarazi du eragindako kalte guztiek, «kalte sozialaz gain, karga ekonomikoa ere eragiten» dietela lezoarrei. Zuhurtziaz eta errespetuz jokatzeko dei egin diete herritarrei.