2018an bezala, Realak Bertsolari Txapelketa nagusiko finalistei omenduko die larunbatean Osasunaren aurkako derbian. Oraingo honetan ere, Maialen Lujanbio izango da protagonista; duela bi aste txapelketa irabazi zuenez, hari egokitu zaio ohorezko sakea egitea Anoetan. Horrez gain, Lujanbiok eta Joanes Illarregik bertso bana kantatuko dute. Izan ere, leitzarra txapelketa nagusiko final batean parte hartu duen lehen nafarra izan da.
Duela lau urte ere omenaldia egin zion Realak Lujanbiori, orduan ere hernaniarrak irabazi zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela. Bertan, talde txuri-urdinak Bartzelona izan zuen aurkari, eta Lujanbiok ohorezko sakea egin zuenean, Lionel Messi futbolariak agurtu zuen. Irudi hori sare sozialetan zabaldu zen, eta oihartzuna hartu du harrezkeroztik.
Preseski, duela bi aste berriz ekarri zen gogora irudi hori. Alabaina, Messik Argentinarekin jokatu zuen Futboleko Munduko Kopako finala, eta egun berean, Lujanbiori egokitu zitzaion Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritzea. Eta biak, garaile izan ziren. Lujanbiok bere hirugarren txapela jantzi zuen bitartean, futbolariak Argentinaren hirugarren Munduko Kopa altxatu zuen.