NAIZ

Rebeca Huaytaren hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte

Rebeca Huaytaren hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian Bilbon, Udalak deituta, eta arratsaldean Bizkaiko hiriburuan, Donostian eta Iruñean, mugimendu feministak deituta. Erakunde eta alderdietako ordezkariak zein herritar ugari izan dira mobilizazioetan.

Mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin dute Rebeca Huaytaren hilketa salatzeko.
Mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin dute Rebeca Huaytaren hilketa salatzeko. (Endika PORTILLO | FOKU)

Rebeca Huaytaren hilketa gaitzesteko Bilboko Udalak deitutako elkarretaratzeak erakunde eta alderdi desberdinetako ordezkariak zein herritar ugari batu ditu udaletxe atarian. Rebeca Huayta zuen izena emakumeak, 45 urte zituen, Boliviatik iritsi zen Euskal Herrira eta alaba bat zeukan. Bere bikotekidea atxilotu zuten hilketagatik, Leonel B.T., 44 urteko gizona.

Bilboko udaletxe atarian egin dute Rebeca Huaytaren hilketa salatzeko elkarretaratzea. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua irmotasunez mintzatu da: «Inguruarekiko gure hurbiltasun osoa eta Rebecaren hilketagatik dugun samina». Sailburuak gaineratu duenez, «erakundeen baliabideak hobetzen jarraitu behar dugu tragedia horiek saihesteko».

Bestalde, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Rebeca Huaytaren senide eta ingurukoei bere elkartasuna eta babesa eskaintzeaz gain, «hilketa matxista honen aurrean gaitzespen irmoa» agertu du, «desberdinkeriaren adierazpenik latzena baita». Gaineratu duenez, Emakundek prebentzioan, sentsibilizazioan eta biktima diren emakumeen arreta hobetzeko lanean jarraituko du.

Komunitate boliviarraren eskakizuna

Kontzentrazioa bukatu ondoren Bilboko boliviar komunitateak justizia eskatu du eraildako beren herrikidearentzat, eta Rebecaren hiltzailea Boliviara estraditatua izan dadila zigorra han bete dezan.

Ninfa Salazar bozeramaileak hedabideei adierazi dienez, «justizia besterik ez dugu eskatzen, justizia Rebecarentzat, eta ahal bada estraditatu dezatela Boliviara epaitu, zigortu eta kondena han bete dezan, boliviarra izaki, hemen kartzela hotela baita».

Salazarrek esan du ustezko hiltzaileak aurrekariak dituela beren bikotekideei eragindako tratu txarrengatik, azaldu du urtebete zeramatela elkarrekin bizitzen eta Rebecak bazeukala aurrekari horien berri.

Bilbon Boliviak duen kontsulak, bestalde, azaldu du hango Gobernuak hartuko dituela bere gain emakumearen gorpua bere herrialdera itzultzeak eragingo dituen gastuak.

Rebeca Huaytak 45 urte zituen eta 3.800 metrora dagoen Patacamaya herrikoa zen. Berak bezala hango biztanle askok migrazioaren bidea hartu zuten. Bilbora duela bi hamarkada iritsi zen bere senar ohia eta bere alaba bakarrarekin, eta bere ahizparekin. Ahizpa ere indarkeria matxistaren biktima izan zen, bere bikotekideak bosgarren solairutik botata hil baitzen Errekalden, 2018an, bere lagun batek kontatu duenez.

Arratsaldean, hiriburuetan

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, mobilizazioak egin dituzte iluntzean Bilbon, Donostian eta Iruñean. Gasteizen ostiral honetan izango da, 19.30ean, Andra Mari Zuriaren Plazatik abiatuta.

 

Ohar batean nabarmendu dutenez, Getxoko emakume transexualaren heriotza eta Rebeca Huayterena ez dira kasu isolatuak, «egunero kolpatzen eta erailtzen gaituen sistema baten ondorio krudelena baizik». 

Sistema hori «emakumeenganako* egiturazko indarkeria matxistari esker» sostengatzen dela salatu dute, eta erailketa indarkeria horren «muturreko adibide gordinena» den arren, «egunerokotasunean beste hamaika forma hartzen ditu indarkeria instituzionalean, laneko indarkerian, harremanetako indarkeria psikologiko nahiz fisikoetan, jai giroko eraso matxistetan…».

Indarkeria sexistari aurre egiteko «lehen mailako arazo politikotzat» hartua izan dadin eskatu dute, «egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela».

Autodefentsa feministarako deia ere egin dute, «gure bizitzak direlako jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugulako».