Iazko protagonista eta jokaleku bera izango ditu aurtengo Buruz Buruko zesta txapelketaren finalak eta Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez arituko dira nor baino nor ostiral gauez Berriatuko Mendibarren pilotalekuan. Iazko finalean Ispasterrekoa gailendu zen (12-11 eta 12-9) polemikarik falta izan ez zuen final batean eta Zumaiakoak iazko arantza atera nahi du. Epaileen zenbait erabakirekin oso haserre amaitu zuen atzelariak, sari banaketara ez zen agertu eta berriz ez jokatzeko borondatea agertu zuen, baina denborarekin aurtengo edizioan parte hartu eta errebantxarako aukera lortu du.
Ez lanik egin gabe, bi finalistek nahi baino gehiago sufritu baitzuten aurreko ostiralean jokatutako finalerdietan, biek ala biek hirugarren seta jokatu behar izan baitzuten Aimar eta Olharan kanporatzeko. Txapeldunak oso deseroso hasi zuen finala eta lehen jokoa 9-12 galdu ostean eta etxerako bidea oso gertu ikusi zuen bigarrenean Aimar 9-11 aurreratu zitzaionean. Berriatukoak partida amaitzeko pare bat aukera izan zituen, baina ez zuen asmatu (12-11) eta Erkiaga bizirik uztea larrutik ordaindu zuen azkenerako, nekez egiten diote eta ihes Erkiagari hirugarren jokoan.
Azken tantoan
Imanolek ere atzetik aurrera egin behar izan zuen denboraldi bikaina osatzen ari de Jean Olharani irabazi ahal izateko. Paueko aurrelariak lehen joko borobila osatu eta nahiko erraz lortu zuen lehen jokoa (6-12), bigarrenean, aldiz, partida erabat aldatu eta Imanol Lopezek lehia berdindu zuen (12-8). Emozioak azken setean jo zuen goia eta dena azken tantoan erabaki zen. Presioak eta galtzeko beldurrak jota, bietako inor ez zen tantoa amaitzeko gai eta azkenerako zumaiarra nagusitu zen.
Gauzak horrela, final orekatu eta estua espero da ostiral honetan gaueko 21.00etan hasiko den jaialdian. Finalaren aurretik Aimar eta Olharanek hirugarren posturako partida jokatuko dute.