Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Saregileen formakuntza programa bat jarriko du martxan Lakuako Gobernuak

Arrantza sektoreko emakumeek egin ohi dituzten lanbideen etorkizuna kolokan dago eta behargin hauekin bildu da Arantxa Tapia, jarduera hauen iraupenerako proposamenak egiteko eta Madrilen berriki onartu den Arrantza Legeak zer eragin izan dezakeen aztertzeko.

Arantxa Tapia lehenengo ilaran eta arrantzaren munduko emakume langileak atzean.
Arantxa Tapia lehenengo ilaran eta arrantzaren munduko emakume langileak atzean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua arrantzaren munduko emakume langileekin bildu da ostegun goizean Getariako Arrantzaleen Kofradian, espainiar Diputatuen Kongresuak onartu duen Arrantza Lege berriak ekarriko duenaren inguruan nahiz sektorearen etorkizunaz hitz egiteko. Besteak beste, sailburuak iragarri du saregileak formatzeko programa bat jarriko dutela martxan.

Senatuaren onespena soilik falta duen Arrantza Jasangarriaren eta Arrantza Ikerketaren Legeak saregile, enpaketatzaile eta neskatilen erretiro adina lau urte aurreratuko ditu, sektore berdineko gizonezko langileek aspalditik zeukaten baldintza. Itsas Emakume Langileen Federazioaren aldarrikapenik garrantzitsuenetakoa izan da 0,15eko koefiziente murriztailea aplikatzea. Aurreikusten da 2023ko apirilean aplikatuko dela.

Galtzear diren lanbide horietako –70 emakume inguruk osatzen dute Itsas Emakumeen Langileen Federazioa eta hogeik kudeaketa lanak egiten dituzte kofradietan– andrazkoei zuzendu zaie Tapia, eta pandemiaren aitzakian onartu badu ere bere saila «aspaldi» ez dela beraiekin bildu, adierazi die jakitun dela «jarduera murrizten» ari dela eta hori ekiditeko asmoz, emakumeek dituzten arazoak eta proposamenak «entzuteko prest» dagoela agertu du.

Hala ere, Lakuak bere aldetik landu ditu proposamen batzuk eta arrantza sektoreko beharginei ezagutzera eman die Tapiak. Berrikuntzen artean, iragarri du Gasteizko Gobernuak Hazi eta Lanbiderekin batera «sare-gaitasunaren ziurtagiria» jarriko duela martxan 2023ko urtarriletik aurrera, hau da, saregileak formatzeko kurtso bat. Ziurtagiri honek langile hauei «aitortza» egiteko ere balioko duela esan du sailburuak.

Saregileek, neskatilek, enpaketatzaileek eta baita kofradietako kudeaketan lan egiten duten emakumeek ere, «arrantza sektoreari egiten dieten ekarpena ezinbestekoa da», esan du Tapiak eta, beraz, beharrezkoa deritzo lanbide hauen biziraupena bermatzea. Horretarako «modernizazioa» eta «dibertsifikazioa» beharko direla aipatu du eta goratu saregileak haien jarduera zabaltzeko egiten ari diren ahalegina, kirol arloko sareak josten ere hasiak baitira.

Langileak gustura

Getariako bileran izan da Marian Uribetxeberria Euskadiko Saregileen Elkarteko Lehendakaria eta NAIZi adierazi dio «balorazio ona» egiten dutela hitz egindakoaren inguruan. «Beti dago ondo hitz egitea» gaineratu du; hala ere, bileran esandakoa praktikan jartzerako prozesua «oso mantsoa» izango dela aurreikusten du.

«Oso ondo» ikusi du, batez ere, saregileak formatzeko kurtsoa sortzea. «Gu poliki-poliki zahartzen ari gara eta hemen ez dago belaunaldi-erreleborik. Beraz, guretzako ondo dago eta batez ere armadoreentzako, zeren gu jubilatzen garenean haiek lanean segituko dute», adierazi du saregile getariarrak.

Ziurrenik udaberrian onartuko den Arrantza Legearen inguruan ere pozik agertu da Uribetxeberria, erretiro adina aurreratu dezaketelako. «Zein da arazoa? –esan du, halere– Gehienok ez ditugula 38 urte kotizatuta. Baina ondo dago, guretzako ez bada, etorriko direnentzako».