NAIZ

Urkullu, urte bukaerako mezuan: «Lehentasuna emango diogu lehen mailako arreta hobetzeari»

Osakidetzak jasaten dituen kritikak hartu ditu Iñigo Urkulluk mezu nagusitzat gisa urte bukaerako mezuan. «Argi esango dut: Osakidetzako plantilla profesionala indartzen jarraituko dugu. Lehentasuna emango diogu lehen mailako arretako zerbitzuak hobetzeari».

Iñigo Urkullu, urte bukaerako mezuan.
Iñigo Urkullu, urte bukaerako mezuan. (Irekia)

Amaitzen den urteak osasungintza publikoaren gaineko kritika ugari ekarri ditu EAEn, eta herritarren egoneza agerikoa da, profesionalena ez ezik. Egoera honelakoa izanik, auziari bete-betean heldu behar izan dio Iñigo Urkullu lehendakariak bere urte bukaerako mezuan, abenduaren 31. honetan.

Ohikoa den tonotik aldendu da Urkullu oraingo honetan. Berauk aitortu du: «Apalki onartzen dut hobetzeko guneak ditugula, beti ez dugula asmatzen. Akordioen alde egiten jarraitu behar dugu, hurbiltasunetik eta auzolanean, aurrera egiten jarraitzeko».

Bere hitzaldian bost lehentasun finkatu ditu, 2023. urteari begira. Horien artean, osasun sistema publikoa hobetzearena: «Argi esango dut: Osakidetzako plantilla profesionala indartzen jarraituko dugu. Lehentasuna emango diogu lehen mailako arretako zerbitzuak hobetzeari, beti ere bakarra den Osakidetzaren zerbitzu publiko batetan».

«Osasuna da gure ondasunik preziatuena eta gure gizartea batzen duen giltza», erantsi du. «Altxor» hitza ere erabili du.

Hala ere, aldi berean pandemiari egotzi dio egungo ajeen abiapuntua, aurrekoan Gobernu Kontseilu bileraren ostean Bingen Zupiria eledunak egin zuen bezala. Hauxe esan du gaur Urkulluk: «Egia da pandemiak munduko osasun-sistema guztiak tentsionatu dituela, baita gurea ere. Inor ez zegoen honetarako prestatuta».

Lau konpromiso gehiago

2023.ari begira beste lau konpromiso mahaigaineratu ditu Urkulluk. Hasteko, «ekonomia indartzea eta kalitatezko enplegua sortzea. Gaur egun, 993 mila lagun ari gara lanean. Duela hamar urte baino ehun mila gehiago dira.  Ez da nahikoa, enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortzen jarraitu behar dugu.  Euskadi lan egiteko toki erakargarria dela erakusten jarraitu behar dugu».

Bigarrenez, «planetak ezin du gehiago itxaron, ez dugu beste bat. Klima-aldaketaren aurrean, anbizio handiagoa izan behar dugu. Guztiok erakutsi dezakegu gure konpromisoa, eraginkortasun energetikoaren, energia-iturri berrien edo ekonomia zirkularraren aldeko apustua eginez».

Berrikuntzari erreparatu dio gero, «gure etorkizunaren giltzarria» delakoan. «Ikerketa eta berrikuntza dira Euskadiren lehiakortasunerako motorrak. Berrikuntzaren Europako Polo izendatu gaituzte. Ez da nahikoa, datorren urtean Europarekiko konbergentzia lortzea proposatu nahi dugu».

Eta «erronka demografikoa eta gazteen emantzipazioaren aldeko apustua» egin du hizpide ere. EAEko lehendakariaren hitzetan, «beherakada demografikoa erronka bat da Europarentzat, eta, bereziki, Euskadirentzat. Belaunaldien arteko hitzarmena sustatzen ari gara, gazteen enplegu-, etxebizitza- eta errenta-baldintzak bultzatzeko, emantzipazio erabakia aurreratu ahal izan dezaten gazteek».

Laburpen gisa-edo, «gaur egun, berriro ere, ziurgabetasuna eta segurtasunik eza areagotzen dira –esan du Iñaki Urkulluk–. Ia egunero jasotzen ditugu arazoei buruzko albisteak: gerra hotsak, baita Europaren bihotzean ere; giza eskubideen urraketak; bizirik jarraitzen duen pandemiaren eragina; gizarte eta politika munduan hainbat liskar... Azken finean, kezkarako eta zalantzarako albisteak... Ezkortasun hori dela eta, etsitzeko edo amore emateko arriskua dugu, baina ezin dugu horrelakorik egin».

Balorazioak

EH Bilduren partetik Nerea Kortajarenak laburbildu du Urkulluren hitzaldiari buruzko balorazioa. «Hitz onak» baino ez izatea aurpegiratu dio, eta Osakidetzaren auziari erreparatuz, bertan «esaten dena eta egiten denaren arteko aldea» nabaria dela ekarri du gogora. Hurrengo urterako aurrekontua arlo honetan 2022koa baino «221 milioi euro gutxiagokoa» dela aipatu du, eta aseguru pribatuen kontratazioak gora egiten duela ere nabarmendu du.

Lehendakariak aipatu dituen arazoak ez dira kasualitatez gertatzen, «erabaki politikoen ondorioz» baizik, erantsi du. Honi lotuta, Urkulluk etsipenaren kontra hitz egin du baina «bere ekintza eta bere hitzen bidez, horretarako motibu gutxi ematen du».

Miren Gorrotxategi EPren eledunaren aburuz, kontua ez da erabakiak egokiak ala okerrak izan diren, Urkulluren Gobernuaren erabaki horiek «eredu politiko jakina» adierazten dutela baizik.

Hezkuntzaren eztabaida hartu du adibide gisa: «Euskal hezkuntza sistema Estatu osoan segregazio handiena eragiten duena bada, hau ez da okerreko erabaki baten ondorioa ikastetxe pribatuen aldeko apustu baten ondorioa baizik». Gauza bera zerga politikoari dagokionean: «Kapitalari lotuta errentek orain 2008. urtean baino 15 puntu gutxiago ordaintzea ez da erabaki okerra, gehien dutenei zergak jeisteko apustua baizik».

Ekain Ricok (PSE) bere alderdiak Urkulluren Gobernuan duen garrantzia nabarmendu nahi izan du. Hitzaldia entzun ondoren hau esan du: «Sozialiston politika fruituak ematen ari da. Ekonomia eta enpleguaren kezkatuta ekingo diogu urte berriari, eta une honetan inoiz baino jende gehiago dago lanean eskubideak bermatuta. Honekin herritarren aldarrikapenei erantzuna eman diegu, identitatearen gaineko eztabaida zatitzaileak alboraturik».