Jon Ormazabal

Iazko lehen urte erdiko sasoia berreskuratzeko asmoz hasi du 2023a Unai Lasok

Ezkurdia eta partida ezinean hasi duen Martijak, ordea, atzera pausu bat eman dute aurreko jardunaldian lehiakortasuna berreskuratu zutela zirudienean (22-8).

Unai Lasok sekulako erakustaldia eman du urteko lehen jaialdian.
Unai Lasok sekulako erakustaldia eman du urteko lehen jaialdian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Urteko lehen egun hauek helburu edo xede berriak ezartzeko aproposak izan ohi dira eta igande honetan Eibarren jokatu duten pilotarien artean Unai Laso izan da egutegia ganoraz estreinatu duen bakarra. Bizkarreta-Gerendaingoak lagunduta eta aurkariek emandako erraztasunei etekina aterata, Ander Imazek ere garaipen batekin hasi du sasoia, baina oiartzuarrak ere izan ditu une hobeak, urrutiegira joan gabe, azken udan. Ezkurdia-Martijari dagokionez, 2023a era ezin okerragoan abiatu dute, emaitzaz harago, oso itxura eskasa eman dute, hasiera-hasieratik garaipenetik oso urrun egon baitira. Aurreko astean lehiakortasuna berreskuratu izanaren zantzuak sumatu bagenizkien Jaka-Arangurenen aurka, gaur sendotasunik ez dute erakutsi batere.

Duela astebete bezala, Astelenak sekulako sarrera eta giroa bizi izan du, baina partidak ez dio sortutako ikusminari erantzun, lehiak aitaren batean hartu baitu oso kolore gorria, lehen tantoa Joseba Ezkurdiak amaitu badu ere, bi hormako dotore bat jota. Bigarrena lortzeko, ordea, arbizuarrak 17-5kora arte itxaron behar izan du, eta ordurako partida erabat poltsikoratua zuan egungo Buruz Buruko txapeldunak. 

Erabat ezinean

Astelehenean Tolosan inpotentzia ariketa bat bizi izan zuen nafarrak Elordi-Zabaletaren aurka eta gaur txanponaren beste aldean aritu da, kolpez eta oinez bizi, eta erremateetan asko, ia dena asmatuz. Hori bai, ezin da ahaztu parean erraztasun handiak eman dizkion bikote bat izan dutela. 2020ko txapeldunei sinonimoren bat jarri beharko bagenie, bikote gogorra, zaildua, lehiakorra direla esango genuke sakandarra, baina gaurkoan, eta Binakakoaren gehienean ere, euren ezaugarriak behar luketen horietatik bakarra ere ez dute erakutsi.

Pentsa, gaur 73 pilotakada bakarrik gurutzatuta, 9-1 ziren aurretik Laso-Imaz. Hasiera horretan Etxeberriko atzelaria izan da, hasiera horretan bereziki, bere mailarik onenetik milaka argi urtera ikusi duguna. Lasori pilota kentzeko ikaragarrizko zailtasunekin aritu da Julen Martija eta sakeei behar bezala erantzun ezinda. Azpitik aritu da Baikoko izarra sakatzen, ezker pareta jota, eta hor ezinean aritu da afizionatutan zenbait urtez bere atzelaria izandakoa. Eramatekoak ziren bi sake erantzunik gabe utzi ditu sakandarrak, lehena behera eta bigarrena gora botata, 3-1ekoan eta hortik aurrera bururik altxa ezinda aritu da. Berez pertsona lasaia izanda, urduritasunak jota bezala, partidari nondik heldu jakingo ez balu bezala.

Eta Joseba Ezkurdiarengandik ere behar baino laguntza gutxiago jaso du gaurkoan, arbizuarra ere ez baita partidari eusteko soluziorik topatzeko gai. Erritmoa jarri ezinda eta defentsan ere ohikoa duena baina bigunago, Ezkurdiak berak onartu du, partida amaitu eta berehala, ez diotela partidari eusten jakin eta berehala «pilak jarri behar ditugula».

Erraztasun hauekin, Unai Laso nahieran aritu da. Iaz garai honetan zuen joko maila berreskuratu ezinda, denbora zeraman Bizkarreta-Gereidiaingoak halako erakustaldi bat emateko gogoarekin eta gaurkoari ez dio ihes egiten utzi. Partida hasiera horretan, 12-2 joan dira aurretik lehen atsedenaldi luzera, bera izan da jaialdiko protagonista ia bakarra, Ander Imazek zailtasun dezentekoak topatu dituelako pilota nahi beste gozatzeko eta. Partidak aurrera egin eta abantaila handitu den eran, oiartzuarrak ere gora egin du bere jokoan, nahiz eta orain arte Binakakoan erakutsitakoa baino askoz gehiago den. Gaur, dena dela, ez du askoz gehiagoren beharrik izan garaipen merezitakoa bezain erosoa eskuratzeko. 

FITXA TEKNIKOA:

Laso-Imaz: 22

Ezkurdia-Martija: 8

Pilotakadak: 295. Iraupena: 44 minutu. Markagailua: 0-1, 9-1, 9-2, 15-2, 15-4, 17-4, 17-6, 20-6, 20-8 eta 22-8. Sakeak: 5 Lasok eta 3 Ezkurdiak. Egindakoak: 10 Lasok, 0 Imazek, 2 Ezkurdiak eta 0 Martijak. Galdutakoak: 1 Lasok, 3 Imazek, 5 Ezkurdiak eta 1 Martijak. Gorabeherak: 1.035 ikusle eta giro bikaina Eibarko Astelena pilotalekuan. Lehen sakea gorri.