2022a, inoizko urterik beroena EAEn eta 2023a errekorrak hautsiz abiatu da Euskal Herri osoan
EAEko enperaturaren balioa batez besteko normala baino 1,8 ºC altuagoa izan da atzean utzi berri dugun 2022an. Eta 2023a bide beretik hasi da, urteko lehenbiziko egunean errekorrak hautsi ziren-eta Beran, Hendaian eta Loiun, besteak beste.
Euskalmeten arabera, 2022a serie historikoetako beroena izan da, eta EAEko batez besteko tenperaturaren balioa batez besteko normala baino 1,8 ºC altuagoa izan da. Bestalde, jasotako euri-kopurua kontuan hartuta, 2022a oso lehorra izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, baina Arabako Lautada nabarmentzen da, serie historikoetako lehorrena izan baita.
2022ko batez besteko tenperaturak 16-17 ºC ingurukoak izan dira itsasertzean eta 14-15 ºC ingurukoak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdeko haranetan. Arabako Lautadan, berriz, 13 ºC ingurukoak izan dira, eta balio horiek guztiak 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoak baino nabarmen izan dira altuagoak. Horrela bada, urterik beroena izan da erregistroak daudenetik. Betiko hamar urte beroenetatik zortzi mende honetakoak izan dira.
Iaz portaera beroa maiatzean hasi zen eta ordutik aurrerako hilabeteetan mantendu zen. Puntu gorenera udazkenean iritsi zen (serie historikoak daudenetik izan den bigarren udazken beroena), eta, bereziki, urrian, 4 ºC-ko anomalia positiboa izan baitzuen, inoiz erregistratu izan den altuena. Urtean zehar errekorrak hautsi dira beroaren balioetan, bai tenperatura minimo altuengatik bai muturreko tenperatura maximoengatik.
Intsolazioa izan da urteko klima-elementu aipagarrietako beste bat; izan ere, erregistratutako eguzki-orduak normala dena baino % 10-20 altuagoak izan dira, bereziki neguan, % 35ean gainditu baitira.
Prezipitazioari dagokionez, aldiz, 2022. urtea oso lehorra izan da orokorrean, baina aldeak daude leku batetik bestera. Horrela, normalagoa izan da ekialdeko itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, oso euri gutxi bildu da eta erabat lehorra izan dela esan daiteke, beraz, hau da, erregistroak daudenetik izan den lehorrena. Prezipitazio baliorik altuenak, ohikoa den moduan, Gipuzkoa ipar-ekialdean erregistratu ziren (Eskas 2237 l/m²; Añarbe 1655 l/m²), eta baxuenak, berriz, Araba hegoaldean (Moreda 215 l/m²), eta gainerako lekuetan tarteko balioak erregistratu ziren (Arrasate 809 l/m²; Derio 796 l/m²).
Errekorrak hautsiz
Nafarroan ere beroa protagonista izan da. Aemet-ek jakinarazi duenez, Nafarroako estazioren batean tenperatura altuen hainbat errekor hautsi ziren sei hilabete desberdinetan. Otsaila, maiatza, ekaina, uztaila, iraila eta urrian, zehazki. «Guztiz ezohikotzat jotzen da», iturriaren arabera. Kontrako norantzan, hotz errekor bakarra izan zen iaz, apirilaren hasierakoa.
Eta 2023ari bide beretik ekin zaio. Urteko lehen egunean Berako eskuzko estazioan erregistratutako 16,6 graduak, balioztatzeke daudenak, urtarrileko tenperatura minimorik altuena da, 2011ko urtarrilaren 7ko 15,6 graduak gaindituz, Aemetek sare sozialetan jakitera eman zuenez. Era berean, Iruñeko aireportuan dagoen estazio meteorologikoak 18,7 graduko tenperatura maximoa izan zuen igande honetan, serie historiko osoko urtarrilerako altuena. Tenperatura maximoaren aurreko errekorra Iruñean 2000ko urtarrilaren 31koa zen, 18,6 gradukoa.
Loiuko aireportuan ere 25,1 graduko marka ezarri zen igande honetan, duela urtebete erregistratutako 24,4 graduak gaindituta, 1948-2022 aldiko datuetan altuena. Gasteizko Foronda aireportuan 19,7 graduko termometroa izan zen, 2001eko urtarrilaren 5ean baino gradu bat gehiago, 1974-2022 aldian bildutako datuen arabera, errekorra.
Ipar Euskal Herrian ere joera bera izaten ari da. Hendaian, Sokoan eta Ziburun urteko lehen egunean erregistratutako tenperatura minimoa 17,8 ° C-koa izan zen, Europako errekorra. Ipar Euskal Herriak bizi duen lehorte egoerak, bereziki joan den udaberritik, ez du hobera egin negu honetan. «2023ko udaberrian euririk ez badugu, uda oso zaila izango da. Ur defizit gehiegi metatzen badugu, 2022ko egoera berean egoteko arriskua dugu, edo are okerrago», idatzi zuen Thierry Patouille ur eta saneamendu zerbitzuen zuzendariak ‘SudOuest’ hedabidean. Adituaren arabera, «garai lehor eta beroak bizi izan ditugu iraganean, baina inoiz ez maila horretakoak azken 50 urteetan».