NAIZ

Lesakan egiten ari dira Bortzirietako osasungintzako kontsulta guztiak

Osakidetza bakarrik ez, Bortzirietako osasungintza ere aspaldian dabil oinazez. Urte berriarekin ez da deus hobetu, baina okertu egin da, eskualdean zegoen pediatra bakarrak erretiroa hartu eta ez baita ordezkorik. Lesakan pasatuko dituzte bortz herrietako kontsultak, baliabideak jaso arte.

Aspaldiko arazoa da Bortzirietako osasungintzakoa baina egoera gero eta makurragoa da. Irudian, egin izan dituzten elkarretaratzeetako bat, Lesakako osasun etxean.
Aspaldiko arazoa da Bortzirietako osasungintzakoa baina egoera gero eta makurragoa da. Irudian, egin izan dituzten elkarretaratzeetako bat, Lesakako osasun etxean. (TTIPI TTAPA)

Bortzirietako herritarrek Lesakako osasun etxera mugitu behar dute medikuarekin zuzeneko kontsulta behar izanez gero. Aste honetan behintzat bai, eta hurrengoetan ere bai Osasunbidetik behar dituzten baliabideak iristen ez badira. Elixabet Elizalde erizain buruak Xorroxin Irratiari adierazi dionez, aspaldiko arazoa da eskualde honetako osasungintzan dutena, baina gero eta makurragoa da egoera.

Lesakako osasun etxeko pediatrak artatzen zituen orain arte eskualdeko haurrak, baina erretiroa hartu du abendu honetan, eta ez dago ordezkorik. Elizaldek azaldu duenez, zazpi mediku eta erdi izan behar zuten Bortzirietan, baina lau dira; hiru mediku eta erdiren faltan daude, beraz.

«Kontingentzia plana egin dugu», agertu du. «Mediku bat oporretan dago eta dauden hirurek Lesakan pasatuko dute kontsulta, hor zentralizatu dugu arreta. Momentuan dugunarekin egiten ahal dugun eraginkorrena da».

Ez dakite noiz arte luzatuko den egoera hau. «Aste hau horrela egonen gara, eta datozenetan ere segur aski bai. Ikusi behar dugu errefortzuak etorriko diren. Laguntza etorriko dela pentsatzen dugu, eta horrela bada aurreko plangintzara itzuliko gara, betiere kontuan hartuta behar baino mediku gutxiago daudela eta petatxuak jartzea litzatekeela».

Zuzendariak dimititu egin du

Elizaldek argitu duenez, beti bada mugituko den mediku bat, bai eskualdean dauden bi zahar etxeetara eta bai etxeetako larrialdietara. Bortz herrietako osasun etxeak ere irekiak daude erizainak daudelako eta erizaintzaren aldetik bermatua dago arreta herrietan.

Honako mezua eman nahi diete herritarrei: «Arazo handia dugu baina hemen gaude. Hartu dugun erabaki hau ez da jendea ez hartzeko baizik eta ahalik eta arreta onena emateko dugunarekin. Saiatuko gara ahalik eta hoberen erantzuten».

Bortzirietako Osasun Eremuko zuzendariak, Ruth Gonzalezek, dimititu egin zuen abenduaren 21ean. Erizainak erran du zazpi mediku beharrean lau dituen zerbitzu bat gobernatzea zaila dela eta erabat ulergarria dela bere dimisioa. «Joak gara: ez gara errekuperatu covidaren pandemiatik eta berez egiturazko arazoa daukagu».

Aldarrikatu duenez, «sakoneko erreforma bat behar da Lehen Arretan», dituzten baliabideak hobetzeko. «Baina politikak aunitz egiten du, udal eta gobernu hauteskundeak datoz udaberrian eta ez dakit izanen dugun ordura arte aukerarik», erantsi du.

Alkateen agerraldia

Joan den abenduaren 23an, Bortzirietako osasungintzaren egoeraren inguruko hausnarketa plazaratu zuten bortz alkateek Lesakako osasun zentroko patioan egindako agerraldian. Ladis Satrustegi, Aitor Elexpuru, Migel Mari Irigoien, Juan Carlos Unanua eta Dabid Iturria bildu ziren, Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi eta Arantzako ordezkariak, hurrenez hurren.

Satrustegik agertu zuenez, mezu ezberdinak ailegatu zaizkie baina oraindik ez dakite nola beteko den orain arteko pediatrak, Belen Compainsek, utzi duen hutsunea. Momentuz ahal duten bezala moldatzen ari dira. Erizainak egiten ditu lehen pediatrak eta erizainak, biek elkarrekin egiten zituzten errebisioak, edota gurasoen kabezerako medikuak hartzen ditu eri dauden haurrak.

Compainsek erretiroa hartu zuen egun berean, Ruth Gonzalez Lesakako osasun zentroko zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen, egoerarekin etsitua, eta urteko azken egunean gauzatu zen dimisio hori.

«Gure zonalderako pediatra lanpostu oso bat eta bertze erdi bat izan beharko genukeen tokian, gaur ez dugu halakorik. Lesakan ere bi mediku egoten dira, eta bi postu horiek bete gabe daude. Urtearen hasieran, Bortzirietan sei mediku eta pediatra bat eta erdi aritu beharko liratekeen lekuan, hiru mediku bertzerik ez ditugu», salatu zuten alkateek. [Lau dira eta horietako bat oporretan dago].

Profesionalak falta dira, baja eta erretiroak etortzen direnean ez dira postu hutsak betetzen; ordezkapenen falta kroniko bilakatzen ari da. Okerrena da ez dagoela egoera hobetzeko planik, ez epe labur, ertain eta luzerako ideia eta helbururik, alkateek azpimarratu zutenez.

Nafarroako Osasun sailarekin bilera

Nafarroako Osasun sailarekin elkartu ziren alkateak joan den ostiralean eta eskatu zioten eskualderako beharrezkoak diren osasun langileak bideratzeko, baita lana egoki egiteko bitartekoak jartzeko ere, tartean Lesakako osasun zentroa handitzea.

Satrustegik oroitu zuenez, 2007rako zegoen aurreikusia handitze hori, baina uzten joan dira eta pandemia garaian are gehiago nabaritu dute toki eskasia.

Alkateek eskerrik beroenak eman zizkieten osasun langileei, herritar guztien izenean, azken urteetan zerbitzuak ehuneko ehun martxan jarraitzeko eta herritarrak modu egokienean artatzeko egin duten ahaleginagatik.