NAIZ

Amazonek 18.000 langile kaleratuko ditu

Azaroan 10.000 langile kaleratzeko erabakia jakinarazi zuen Amazonek, baina azkenean 18.000 langile kaleratuko ditu, «ziurgabetasun ekonomikoaren eta azken urteetan egindako kontratu kopuru handiaren» ondorioz. LABek dioenez, printzipioz, erabakiak ez du eraginik izango Trapagaraneko instalazioan.

Trapagarango Amazoneko langileek Bilbon abenduan egindako mobilizazioa.
Trapagarango Amazoneko langileek Bilbon abenduan egindako mobilizazioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Amazonek 18.000 langile baino gehiago kaleratuko ditu. Azaroan 10.000 langile kaleratzeko erabakia jakinarazi zuen enpresak, eta datozen asteetan 8.000 gehiago iragarriko ditu. Andy Jassy multinazionaleko kontseilari delegatuak langileei bidalitako barne-ohar baten arabera, «ziurgabetasun ekonomikoaren eta azken urteetan egindako kontratu kopuru handiaren» ondorioz hartutako erabakia izan da.

Azaroan, gailu eta liburuen negozioetan hainbat postu kentzeko erabaki «zaila» jakinarazi zuen Amazonek, eta beste arlo batzuetan murrizketak iragarri zituen, etorkizunean kaleratze gehiago izango zirela iragarriz. Hala, ostegun honetan iragarritako kaleratze gehienak Pertsonen, Esperientzien eta Teknologien arloan izango dira, eta baita Amazonek dituen dendetan.

«Oso kontziente gara kanporatze horiek zailak direla pertsonentzat, eta ez ditugu erabaki horiek arinki hartzen», azaldu du Jessyk, eta gaineratu du enpresa lanean ari dela pertsona horiei «laguntzeko». Dioenez, «trantsizioko aseguru mediko bat eta kanpoko laguntza» eskainiko dizkiete beste lan bat aurkitzeko.

Dirudienez, Amazonek zuzenean jakinaraziko die erabakia kaleratuko dituen langileei. Europan, langileen ordezkaritza-organoekin hitz egingo du urtarrilaren 18tik aurrera. Euskal Herriaren kasuan, LABek uste du, printzipioz, kaleratzeak ez direla emango Trapagaraneko instalazioan.

Grebak eta salaketak Trapagaranen

Greba egunak izan ziren bertan, abenduaren 22an eta 23an. Ertzaintzak jipoitu zituen LABek deitutako mobilizazioetan bildu ziren langileak. Sindikatuak salaketa bat aurkeztu du Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzan, izan ere «merkataritza elektronikoaren erraldoiaren zuzendaritzak sistematikoki urratu zituen askatasun sindikalerako eta grebarako eskubidea».

LABek azaldu zuenez, goizez lan egin ohi duten langileei txanda aldatu zien enpresak, gauez lan egitera bidaliz, grebalariak ordezkatzeko; eta Bizkaitik kanpoko beste lantoki batzuetako langileak ekarri zituen. Gainera, Greba Batzordeko kideak lantokitik kanporatu zituen, eta bi arduradunen sarrerako ordutegia aurreratu zuen hiru kamioi deskargatzeko, «hori ez denean haien funtzioa».

«Amazonek ekoizpena aurrera ateratzeko helburuarekin egin zituen grebarako eskubidearen urraketa horiek guztiak, baina 2.600 pakete baino ezin izan zituen atera, grebaren bi egun horietarako aurreikusita zeuden 60.000 baino gehiagotatik», gaineratu zuen sindikatuak.