NAIZ

Elordik eta Zabaletak hutsik egin gabe amaitu dute aurreneko itzulia (22-11)

Peña II.ak eta Morgaetxebarriak aurreneko atsedenaldira arte eutsi dute markagailuan, baina neurketaren bigarren erdian Binakako Txapelketako sailkapeneko liderrek ez dute aukerarik eman. Orotara 12 tanto amaitu ditu Iker Elordik.

Lau eta Erdikoaz geroztik, Iker Elordi sekulako mailan ari da jokatzen.
Lau eta Erdikoaz geroztik, Iker Elordi sekulako mailan ari da jokatzen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Auskalo zer gertatuko den Binakako Txapelketak fase aurreratuagoak harrapatzen dituenean, baina ligaxkako aurreneko itzuli honetan Elordi eta Zabaletak ez dute hutsik egin. Dela bigarrenen kontra edo azkenen kontra, ez dute partida bakarra pasatzen utzi eta Zornotzan ere ez da gutxiago izan.

Peña II.ak eta Morgaetxebarriak ahal dutena egin dute, eta nolabait esatearren, aurreneko atsedenaldi luzera markagailua parean zela iristea lortu dute: 12-9. Baina neurketaren bigarren erdian ez da kolorerik izan. Txapelketako bikoterik onena ez dute osatzen alperrik Mallabiko aurrelariak eta Etxarrengo atzelariak. Batak jo eta besteak amaitu. Sakez ez du tantorik egin, baina jokoan 12 tanto amaitu ditu Elordik, eta urdinei dagokienez, berriz, azkenean Peña II.ak 7 pilota huts egin ditu. abantaila handiegia gorrientzat.

Morgaetxebarriari buruz, berriz, ezin gaizki berba egin Mariezkurrenaren ordezko moduan erakutsi duen mailagatik. Zornotzako mutilak etxeko pilotalekuan ez du animorik falta izan eta orotara pilota bakarra galdu du jokoan eta amaitu ere tanto bat amaitzea erdietsi du. Alabaina, Zabaletak tenperatura hartu duenean, ezin izan du askoz gehiago egin.

Hasierako tantoetan 9-3 aurreratu dira Binakako Txapelketako liderrak, baina urdinek ez diote lanari muzinik egin eta 9-7raino hurbiltzea lortu dute. Horiexek izan dira urdinen momenturik onenak eta, bada, aurreneko atsedenaldira oraindik ere hortzak erakusten iritsi dira: 12-8 eta hurrengo tantoa ere beraien alde erori da. Orotara tanto askorik ez dute amaitu, baina lanari ez diote beldurrik izan, eta hori ere ez da gutxi.

Elordik eta Zabaletak, ordea, erritmoa puntu bat handitu dute neurketaren bigarren zatian eta han bai ez dela kolorerik izan. Aurrelari bizkaitarrak ez dio Peñari aukeerarik eman eta 14-10etik 21-10era pasa da markagailua. Urdinek oraindik ere beste tanto bat igoarazi dute bere markagailura, baina eziz izan dute neurketa gehiago luzatu. Duintasunez bai, baina liderren aurrean amore eman behar izan dute. Ezin ezer esan ordea, gainontzekoei ere gauza bera pasa zaie aurreneko itzuli honetan.

PARTIDAKO FITXA:

Elordi-Zabaleta: 22

Peña II-Morgaetxebarria: 11

Jokoaren iraupena: 50 minutu. Pilotakadak: 409. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 4-2, 4-3, 5-3, 9-3, 9-4, 9-7, 10-7, 11-7, 11-8, 12-8; 12-9, 13-9, 14-9, 14-10, 15-10, 21-10, 21-11, 22-11. Sakez egindakoak: 0 eta falta 1 Elordik eta 1 Peñak. Jokoan egindakoak: 12 Elordik eta 2 Zabaletak; 4 Peñak eta 1 Morgaetxebarriak. Jokoan galdutakoak: 1 Elordik eta 3 Zabaletak; 7 Peñak eta 1 Morgaetxebarriak. Gorabeherak: Morgaetxebarriaren debuta debuta Binakako Txapelketa nagusian. Amorebieta IV pilotalekuan sarrera guztiak salduta.