NAIZ

Mauriziaren gaineko ‘Aire!’ dokumentalerako crowdfunding kanpaina azken txanpan sartu da

Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen irudian oinarritutako ‘Aire!’ dokumentala bidea egiten doa. Finantzaketan laguntzeko kanpaina urtarrilaren 17an amaituko da eta, aurreikuspenen arabera, filma aurtengo maiatzean estreinatuko dute.

‘Aire!’ dokumentalak Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaile eta abeslariaren irudian sakontzea du helburu. Marmoka Films eta Bideografik proiektuaren ekoiztetxeetatik nabarmendu duten bezala, Mauriziak «emakumearen askatasuna oso mugatua zen garai batean, gizonak ordezkatu zituen, Euskal Herriko plaza nagusietan kantatuz, eta eredu berri bat sortu zuen emakumearentzat, bere garaiko ikono bihurtuz».

Askok oroituko dute pandero jole eta abeslaria kantuan, bere buruari «aupa Maurizia!» esaten ziola. Dokumentalaren helburua «emakume horri merezi duen lekua ematea da, eta belaunaldi berriei Mauriziaren irudia eta lana aurkeztea, etorkizunean haientzat erreferentzia izan dadin. Bere ondarea zabaldu nahi dugu, besteak beste, ahaztu ez dezagun», ziurtatu dute.

Hala, dokumentalerako crowdfunding kanpaina abiatu zuten eta urtarrilaren 17ra bitartean egongo da finantzaketan laguntzeko aukera, eredu ezberdinetan, 10 eurotik hasita. Laguntza ematen dutenek, jartzen duten kopuruaren arabera, filmaren kredituetan euren izena jartzea, merchandising produktuak (txapak, kamisetak, poltsak...), filmerako sarrerak eta filmaren prozesua jarraitzen duten blog baterako sarbidea izango dute, besteak beste.

‘Aire!’ dokumentalak gazte talde baten sormen prozesua jarraitzen du, Maurizia Aldeiturriagarengan oinarritutako musika pieza bat sortzeko.

Prozesuak irauten dituen hamar egunetan, herri musikan adituak diren hiru pertsonaren laguntzarekin sormen prozesu «magiko» batean murgilduko dira Euskal Herritik eta Kataluniatik etorritako 13 gazte: «Gure erroekin konektatzen gaituzten musika tresnen soinuak Arratiako bailarako naturaren oihartzunekin nahastuko dira; trikitia, alboka, panderoa… eta baita urrunetik datozen beste instrumentuen soinuak ere; gralla, tarota eta biolina besteak beste», azaldu dute.

Filma aurtengo maiatzean estreinatzea espero dute.