Arnaitz Gorriti

Uste baino gehiago sufrituta, baina hirugarren puntua Urrutikoetxea eta Albisurentzat (22-18)

Partzialez jositako partida Baiko enpresakoentzat izan da azken orduan 6-0eko partziala lortu eta gero, bereziki Jon Ander Albisuren lanari esker. Bikuñak ez du itxura txarrik eman, baina lana pilatu zaio eta Ezkurdiak, bestetik, azken tantoetan txapa nahi baino gehiagotan jo du.

Albisuren sendotasunari esker irabazi dute gorriek Eibarren.
Albisuren sendotasunari esker irabazi dute gorriek Eibarren. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Aurreneko itzulia hirugarren puntua eskuratuta amaitu dute Urrutikoetxeak eta Albisuk, baina uste baino askoz gehiago sufritu dute Ezkurdia eta Bikuñari irabazteko. Partzialez jositako partida jokatu dute Ezkurdia eta Bikuñaren aurka eta azken orduan lortu duten 6-0ko partzial bati esker irabazi du Baiko enpresako bikoteak. Bikuñak galtzak bete lan izan ditu Albisuri eusteko, baina maila txukuna eman du oro har, eta Ezkurdiak, bestalde, azken tantoetan txapa nahi baino gehiagotan jo du, defentsan Urrutikoetxeak eta batik bat Albisuk sekulako sendotasuna erakutsi dutelako.

Aurreneko bi tantoetan Mikel Urrutikoetxeak pilota nahieran erabili du eta bazirudien gorriek airean eramango zutela partida, baina baita zera ere! Urrutikoetxeari berari hanka egin dioten bi erremate bikain direla, Ezkurdiak bigarren botean eramanda ere epaileek ontzat eman duten pilota bat dela, Ezkurdiaren erremate bikain pare bat dela... urdinek 0-8ko partziala erdietsi dute.

Bikuñak gorengo mailan debuta izanagatik eta Albisuk baino gutxiago jo arren, neurri egokia eman du, bere burua estutu gabe eta lasai itxura baten, Ezkurdiak agintea hartu ahal izateko egokitzen zaion lana txukun betetzen.

Hala ere, Ezkurdiaren hutsegite batek gorriei sakea itzuli arazi die eta hauek pilota aldatu ere egin dute. Bedeinkazioa Urrutikoetxea eta Albisurentzat, Ataungo atzelaria zuloak zabaltzen hasi baita. Egundokoak eman dizkio Albisuk eta ezker gantxoaz ez du barkatu Urrutikoetxzeak. Hala, 6-8 hurbiltzea lortu dutenean gorriek, ezinbesteak atsedenaldia eskatu behar izan dute Ezkurdiak eta Bikuñak.

Boladak eta takadak albo batera utzita, partidak berdintzera egin du. Iñigo Bikuñak defentsan lan oso ona egin du, baina azkenean bikote gorriak zuloak irekitzea lortu du eta aurrean Urrutikoetxearen ezkerrak erasan handia egin du. Ezkurdiak, beriz, bere burua jokoz kanpo ikusi du bere burua. Hala, Arbizuko aurrelariak errematerako aukera izan duen lehenbiziko aldian, moztera jo du eta txapara joan zaio pilota. Bada, 9na berdinketa, eta hurrengo tantoan, sake bueltan Zaratamoko aurrelariak 10-9koa ezarri du.

Aurreneko atsedenaldi luzea erreferentzia puntu egokia izan ohi da eta gorriek lortu dute 12. tantora aurretik iristea. Ezkurdiak arriskuak hartu behar dituela ikusi eta kale pare bat ere egin ditu, baina 12-9koa Albisuk txokoan dejada eginda iritsi da, defentsan lan handia egin eta gero, ataundarrak kontraerasoan polito amaitzen asmatu baitu Ezkurdiaren erremate ez oso egokia. Orotara, urdinen lanari ezer ere kendu gabe, 6-0eko partziala lortu dute gorriek.

Urdinen erreakzioa

Ezkurdiaren bolea bikain batek eten du, halakoren baten, gorrien tanto errenkada, baina 12-11 hurbildu eta gero, Bikuñak beherantz egin duen tanto pare bat baliatu dituzte Urrutikoetxeak eta Albisuk 15-11 berriz ere aldea hartzeko.

Alabaina, Ezkurdiak tantoa agintzera pasatzea lortu du ostera ere, neurri handi baten Albisuk pilotaren botea neurtzen sekulako arazoak hasi zaizkiolako. Hala, Arbizuko aurrelariak beste berdinketa bat behartu du, 15na, eta gorriek beste behin hutsartea eskatu behar izan dute, une horretan urdinak askoz egokiago moldatu baitira.

Bikuñak nozitu du berriro geldialdia, gorriei sakea berreskurarazi dielako, baina ez dute batere baliatu. Sakez falta egin du Urrutikoetxeak eta hurrengo tanto bietan errestoan kale egin dute bai Zaratamoko aurrelariak zein bere atzelariak. Hala, 1-7ko partziala lortu ostean, 16-18 aurretik direla iritsi dira Ezkurdia eta Bikuña azken atsedenaldi luzera.

Behin betiko partziala

Ez dute amore eman partida irabazteko faboritoek eta berriz ere markagailua beraien alde irauli dute. Urrutikoetxeak partida hasierako alaitasuna eta ausardia galdu ditu, baina Albisuk berak markatu du diferentzia.

Are gehiago Ezkurdiaren azken erremateak aintzat hartuta. Arbizukoak dantzan erabili ditu gorriak, baina hauek beste pilotakada bat ematera behar¡tu dute aurrelari nafarra eta honek beheko txapa nahi baino gehiagotan aurkitu du. Ondorioz, 21-18 aurreratzea lortu dute Urrutikoetxeak eta Albisuk, batez ere atzelari gipuzkoarraren lanari esker.

Ezin esan gorriek zorteari esker bakarrik irabazi dutenik, baina azken tantoa Bikuñari gora joan zaion errestoa izan da. Alegia, lan handia eginda, zortea ere lan horretatik atera dutela Urrutikoetxeak eta Albisuk, aurreneko itzulia hirugarren puntu garrantzitsu bat aterata.

Eskuza, garaile debutean

Arkaitz Eskuzak bere debuteko partida behintzat irabazi zuela esango du erretiratzen denean. Danel Elezkanorekin batera, 22-12 irabazi baitu Laudioko atzelariak Dario eta Arbizuren aurka. Hori bai, azken emaitzak jartzen duen aldea baino lan gogorragoa izan da irabazleentzat.

Danel Elezkanok 12 tanto amaitu baditu ere, Eskuzak itxura oso ona eman du, tarteka pilotaren bat gora joan arren eta gozatu beharreko pilotakadaren batek ihes eginagatik. «Arkaitz lasai izan zedin saiatu naiz, baina ez du laguntza askorik behar. Atzelari gazteek hutsen bat eginez gero beren burua estutzen dute, baina Arkaitzek lasaitasuna transmititu du denbora osoan eta berarekin jokatzea gozamena izan da», adierazi du Zaratamoko aurrelariak.

Izan ere, Elezkanok esan bezala, debutari izateko, nahiko patxada transmititu du atzelari arabarrak, Elezkano II.ak uneoro animoak eman dizkion arren. «Ikaragarria da jendea ni ikustera etorri dela jakitea. Hurbileko jendea da ghainera eta pilotari emateko indar handia ematen du horrek», aitortu du pilotari profesional berriak.

«Danelekin oso lasai jokatu dut, baina hasieran eskuinez zertxobait falta zitzaidan, baina gero ondo sentitzen joan naiz», gaineratu du Eskuzak, igandean Atano III.an partida izango duela jakitun. «Ezin naiz kexatu», adierazi du.

PARTIDAKO FITXA:

Urrutikoetxea-Albisu: 22

Ezkurdia-Bikuña: 18

Jokoaren iraupena: 66.33 minutu. Pilotakadak: 476. Markagailua: 1-0, 2-0, 2-1, 2-8, 3-8, 6-8, 6-9, 7-9, 12-9, 12-10, 12-11, 15-11, 15-12, 15-15, 16-15, 16-16, 16-18, 17-18, 22-18. Sakez egindakoak: 3 eta falta 1 Urrutikoetxeak eta 3 Ezkurdiak. Jokoan egindakoak: 8 Urrutikoetxeak eta 4 Albisuk; 8 Ezkurdiak eta 0 Bikuñak. Galdutakoak: 4 Urrutikoetxeak eta 2 Albisuk; 5 Ezkurdiak eta 2 Bikuñak. Gorabeherak: Bikuñaren debuta Binakako Txapelketa nagusian. Aurreneko partidan, Eskuzak debuta egin du, Elezkano II.arekin, Dario eta Arbizuren aurka. 984 ikusle Astelena pilotalekuan.