Maite Bidarte
NAIZ Irratia. Saioen arduraduna. Bideokluba saioko gidaria
Elkarrizketa
Ainara Gorostiaga eta Jorge Txokarro
Nafarroako Torturatuen Sareko kideak

«Batzuentzat prozedura askatzailea izan da, beste batzuentzat oso bizipen gogorra»

Kriminologiaren Euskal Institutuak ‘Tortura eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketa Nafarroan 1979tik gaur egun arte’ txostena aurkeztu dio nafar Gobernuari. Torturatuen Sareko Ainara Gorostiagak eta Jorge Txokarrok ikerketaren emaitza eta prozesua bera baloratu dituzte NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

Nafarroako Torturatuen Sareko kideak, NAIZ Irratian

Loading player...
Ainara Gorostiaga eta Jorge Txokarro, astelehenean Iruñean egindako agerraldian.
Ainara Gorostiaga eta Jorge Txokarro, astelehenean Iruñean egindako agerraldian. (Iñigo URIZ | FOKU)

1981eko otsailaren 13an esan zuen Joxe Arregik «oso latza izan da». Bere ziegakideei esan zien, akituta, torturatua izan ostean eta bertan hil baino pixka bat lehenago. 30 urte beranduago, beste hitz bat, «aztnugal», sinatu zuen bere deklarazioan Jon Patxi Arratibelek Guardia Zibilaren esku pairatzen ari zena jakitera emateko. «Aztnugal», «laguntza», alderantziz. Arregiren esaldia eta Arratibelen hitza iltzatuta geratu ziren euskal gizartean, baina beti ofizialtasunetik urruti.

Arregirenak ofizialtasunerako urratsa eman zuen 2017an, Lakuak Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketari bere zigilua jarri zionean. Eta gauza bera esan daiteke, atzotik, Arratibelen kasuan, nafar Gobernuak berea eta beste 1.067 tortura kasu jasotzen dituen ‘Tortura eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketa Nafarroan 1979tik gaur egun arte’ txostena jaso zuenean.

Ikerketaren emaitza eta puntu horretaraino iristeko prozesua baloratzeko NAIZ Irratian izan dira Ainara Gorostiaga eta Jorge Txokarro, Nafarroako Torturatuen Sareko kideak. «Ofizialtasunak garrantzi handia dauka. Urte pila daramagu ikerketa profesional eta independente bat eskatzen, jakiteko torturak Nafarroan zein tamaina izan duen», adierazi du Txokarrok, nabarmenduz «urte askotan zehar oztopo asko» izan dituztela.

Atzokoak, beraz, «hito bat» markatzen du. «Ofizialtasun honekin egiaren bidean jartzen gara. Egin behar dugun bidearen hasiera». Bide horretan Nafarroa osoan zehar aurkezpenak egiten ari dira eta torturaturen bat duten Nafarroako herri guztietako udaletan mozioak sartzen ari dira «aitortza eta erreparazioaren bidean» udalerri horiei «konpromisoa» eskatuz.

Hilabete barru nafar Parlamentuan informe osoa jakinaraziko dute, atzo argitaratu zena txosten exekutiboa baitzen, eta bertan alderdi politikoek euren jarrera azaltzeko aukera izanen dute (atzoko albisteari eta zifrari, publikoki behintzat, EH Bilduk baino ez zion erantzunik eman-eta). 

Punitibismotik aldenduta

Egia jakiteko bide horretan, Nafarroako Torturatuen Sareak ez du bide judiziala jorratzea aurreikusten. «Punitibismotik ihes egiten dugu. Pentsatzen dugu horrek ez gaituela lagunduko. Iraganean lotuta geratuko ginateke. Elkartetik ez dugu hori bultzatuko, baina gero norberak, modu indibualean, legitimitate osoa du halako prozesu bat martxan jartzeko», zehaztu du Txokarrok.

Urteetan zehar tortura isiltzeko lan horretan hedabideek jokatutako papera ere izan dute mintzagai. Gorostiagak «aldaketa izugarria» ikusten du denbora batetik hona, nahiz eta «oraindik» komunikabide batzuk «faltan» sumatzen dituzten. Zentzu horretan ‘Diario de Navarra’ aipatu du, herrialdeko egunkaririk handiena, zeinek atzoko berria zutabe batean argitaratu duen, digitalean aipamenik egin gabe. «Inpunitatea ez da bakarrik torturatzaileek torturtzeko duten espazio fisikoa, baizik eta hainbat urtetan izandako isiltasun hori. Orain beste parametro batzuetan gaude. Negazionismotik alde egitea komeni zaie, bestela gizartea gainetik pasako zaie», gaineratu du Txokarrok.

Txostena osatzeko prozedura aipatu dute biek. Izan ere, pairatutako torturak birgogoratzeak eragin ezberdinak ditu pertsona bakoitzarengan. «Oso bizipen ezberdinak ikusi ditut», adierazi du Gorostiagak. «Batzuentzako prozedura askatzaile bat izan da. Testigantzatik ateratzean esaten zutenak ‘hustu egin naiz, behar nuen hau kontatzea. Urte pila neramatzan hau gordetzen eta indartsu atera naiz’. Beste kasu batzuentzat gogorra izan da, asko nahasten zaituelako».

Horretarako psikologo talde bat ere badu sareak, denak babestuta sentitu daitezen. Beste batzuek hasieratik esan dute ez zutela parte hartu nahi ez zutelako bizipen horretatik berriz pasa nahi.

Egia jakin, mendekurik gabe

Amaitu gabeko txostena da atzo aurkeztutakoa. Oraindik informazio asko dago biltzeko eta jarraipena eman behar zaio. «Domino bat izan daiteke. Asko etorri zaizkigu esanez ez dakitela torturatuak izan diren edo ez eta kontatzen digutenean esan diogu baietz, hori tortura dela», nabarmendu du Gorostiagak.

Txokarrorentzako txostena «ezin da kaxoi batean geratu». Azaldu duenez, Nafarroako Torturatuen Sarearentzako «premiazkoa» zen nafar Gobernuarekin «poliki-poliki zein aterabide eman ahal zaion erabakitzea». Hori dela-eta, etorkizunean ere «diskrezioz» lanean jarraituko dutela aipatu du.

Izan ere, dokumentazio eta salaketa fase batean murgilduta daude oraindik. «Aitortza gizartetik ari gara jasotzen, instituzioetatik poliki-poliki. Hau ez da lineala, erradiografia osoa daukagunean jakin nahi dugu zer gertatu den. Torturaren atzean zer egon den. Egia jakin, mendekurik gabe».