NAIZ

Adolfo Kaminsky frantziar erresistentziaren heroia hil da

Adolfo Kaminsky hil da 97 urterekin. Bigarren Mundu Gerran milaka lagun salbatu zituen dokumentu faltsuak eginez, astero 500 baino gehiago. Erresistentzia frantsesaren heroi bilakatu zen.

Adolfo Kaminsky argazki kameraren aurrean.
Adolfo Kaminsky argazki kameraren aurrean. (Joel Saget | AFP)

Adolfo Kaminsky argazkilari frantziarra hil da, Frantziako Erresistentziako «heroia» eta Bigarren Mundu Gerraren ondorengo mugimendu antikolonialista eta antifaxistetan konprometitua. 97 urte zituela hil da, jatorriz argentinarra da, eta bertan «humanista, argazkilari eta erresistente frantses» gisa jaso du aitortza.

Argentinan jaio zen 1925ean, Errusiatik zetorren judutar familia batekoa zen, Frantzian bizitokia hartzeko atera ziren beren herrialdetik, baina Frantziatik kanporatuak izan ziren. Buenos Airesen lau urtez bizi ondoren, Frantziara itzuli eta lur haretan geratzeko zorterik zuten frogatzea erabaki zuen Kaminskyren familiak. Parisen bizi izan ziren lehendabizi, eta ondoren, Virera joan ziren.

Nazien okupazioak, ordea, bizitza aldatu zion: osabari jarraika hasi ziren, eta bere ama oso baldintza susmagarrietan hil zen, ondoren. Familia osoa 1943an Drancyko kontzentrazio-esparrura eraman zuten. Orduan, Kaminsky berari salbatu zion paper batek, oraindik ez zekien beste milaka lagunen bizitzak salbatzea ere paper baten esku egongo zenik. Nazionalitate argentinarrari esker askatu zituzten.

Oso gaztetatik tintatzeko denda batean hasi zen lanean, kimikarekin eta pinturarekin egiten zuen amets, eta bere argazkigintzako zein kimikako jakintzak baliatuz paper faltsuak egiten hasi zen.  Ez zekien, ordea, laborategi klandestino bat egin eta milaka bizitza salbatzea lortuko zuela.

1943an itzuli ziren Parisera, eta Adolfo Kaminsky laborategi batean hasi zen lanean, gerra osoa igaro zuen bertan, judutarrentzat identitate faltsuak egiten, eta baita naziengandik mehatxatuak izandako beste guztientzat ere. Bere aitarentzat identitate faltsu bat bilatzen ari zela ezagutu zituen erresistentziako taldeak, batez ere dokumentu faltsuak egiten zebiltzanen sarea. ‘La Sixieme’ izena zuen talde horrek, eta judutarrek osatutakoa zen, taldeak zuen arazo nagusiena dokumentuetatik tinta urdina ezabatzearena zen, eta Kaminskyk bazuen irtenbidea: azido laktikoa. Laborategian elkarrekin lan egiten hasi ziren, eta eta bere erronkarik handiena ur-marka egiten ikastea izan zen.

Astean 500 dokumentu baino gehiago

«Egon zaitezte esna ahalik eta denbora gehien, loaren aurka borrokatu behar da. Kalkuluak errazak dira: ordubetean, hogeita hamar dokumentu faltsu egiten ditut. Ordubete lo egiten badut, hogeita hamar pertsona hilko dira», esaldia zen noiznahi errepikatzen zuena.

Bigarren mundu gerran egin zuen lan gehien, batez ere Frantziako zerbitzu sekretuentzat, kontzentrazio esparruetatik ihesean zebiltzan juduei Palestinara emigratzen lagundu zien. Eta 1945az geroztik ere hainbat mugimendutan ibili zen: Nazio Askapenerako Frontearekin Aljeriako gerran, Espainiako antifrankistekin, Portugalgo anti-Salazarrekin eta Grezian koronelen aurka borrokatzen zutenekin, besteak beste.

1963tik aurrera ere ezkerreko hainbat mugimendutan hartu zuen parte: Latinoamerikan (Brasil, Argentina, Venezuela, El Salvador, Nikaragua, Kolonbia, Peru, Uruguai, Txile, Mexiko, Saint-Domingue eta Haiti), Afrikan (Ginea-Bissau, Angola eta Hegoafrika), Portugalen (Antonio de Oliveira Salazarren diktaduran). Doan egin izan zuen lan beti, ideiekin ados ez bazegoen lan bati uko egin ahal izateko.

Koronelen Diktaduran greziarrei ere lagundu zien, eta identifikazio faltsuak egin zituen Vietnamgo Gerran AEBtako intsumisoentzat. 1968an, Daniel Cohn Benditentzat dokumentu faltsuak sortu zituen topaketa batean hitz egiten uzteko, eta beranduago aitortu zuen: «Denetatik alferrikakoena izan zen, baina muga bat baino porotsuagorik ez dagoela, eta mugek ideiak ez dituztela ezagutzen erakusteko modu bat ere izan zen».

1971n egin zuen bere azken identifikazio faltsua, bere ibilbideari amaiera emanez. Hamar urtez Aljerren bizi izan zen, ezkondu eta bost seme-alaba izan zituen bertan. Ondoren, 1982an Frantziara joan ziren bizitzera, bertan etorkin gazteen hezitzaile gisa aritu zen lanean. Bere argazki-lana, Judaismoaren. Historia eta Artearen Museoan erakutsi zuen, Parisen 2019an.