NAIZ

Gorabideko langileek greba egingo dute otsailaren 8an hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko

Gorabide, adimen desgaitasuna duten pertsonen familiek osatutako elkarteko langileek greba deitu dute otsailaren 8rako, «enpresaren zuzendaritzaren inposaketa eta negoziaziorako borondate ezaren aurrean».

Gorabideko langileek hitzarmenaren negoziazioaren aldeko greba egingo dute otsailaren 8an.
Gorabideko langileek hitzarmenaren negoziazioaren aldeko greba egingo dute otsailaren 8an. (LAB Sindikatua)

Zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazioa «blokeatu» duela salatuz, Gorabideko langileek greba egingo dute otsailaren 8an. Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura den eta aniztasun funtzionala duten 5.000 lagun artatzen dituen zerbitzuko langileek «negoziaziorako borondate eza» salatu dute.

Enpresak 37 zerbitzu kudeatzen ditu Bizkaia osoan, 600 langilerekin. Greba deitu duen zentro-arteko enpresa batzordea LABeko 15 ordezkariz, ELAko bost ordezkariz eta ESKko hiru ordezkariz osatuta dago.

Enpresa batzordeak ohar baten bidez adierazi duenez, «eskaera minimo» batzuk exijituko dizkiote enpresari: KPIaren igoeraren arabera «erosteko ahalmena ziurtatuko duen» soldata igoera, %40ko behin-behinekotasuna murriztuko duten neurriak, baldintza ezegonkorren aurrean «kalitatezko lanaldia» eta kontzilizaio neurriak.

Bide batez, pandemian «ezinbestekoak» izan diren langileak izan direla gogorarazi dute eta zuzendaritzak «hori eskertu ordez» akordioa lortzeari «muzin egin» diola salatu dute. 2019tik erosteko ahalmena 300 euro murriztu dela erantsi dute.

Ordutegiari dagokionez, batzordearen iritziz, «zuzendaritzak inposaturikoak» hitzarmenean jasotzen diren kontziliazio neurriak mugatzen ditu.

Mobilizazioak

Greba egunaz gain, mobilizazioak deitu dituzte aurretik. Urtarrilaren 16an, astelehena, kontzentrazioa egingo dute OLA egoitzaren aurrean, Sondikan, 10.00etan. Hilaren25ean Gorabideren egoitzara eramango dituzte aldarrikapenak, Bilbora, 11.00etan egingo duten kontzentrazioarekin. Azkenik, greba eguna baino astebete lehenago, otsailaren 1ean, manifestazioa deitu dute Gorabideren egoitza nagusitik Bizkaiko Foru Aldundiraino, 18.30ean hasita.

Horrela, «enpresak bere horretan jarraituz gero» eta akordioa lortu arte, «behar diren greba egunak» deituko dituztela azpimarratu dute.