NAIZ

Barakaldoko Udalak «kezka eta haserrea» agertu du euskararen inguruko epaia dela-eta

Adierazpena onartu du Barakaldoko Udalak, EAJk eta EH Bilduk babestuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren euskararen inguruko epaia dela eta. Elkarrekin Barakaldok aurka bozkatu du, PSEk bozketan parte hartzeari uko egin dio eta PP ez da izan Bozeramaileen Batzordean.

Barakaldoko udalak adierazpen instituzional kritikoa onartu du.
Barakaldoko udalak adierazpen instituzional kritikoa onartu du. (Barakaldoko Udala)

Barakaldoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpena onartu du, EAJren eta EH Bilduren babesarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren harira. Izan ere, epai horrek baliorik gabe uzten du udalerriko kultur zerbitzuen azpikontratazioetan euskararen ezagutza eskatzea. Elkarrekin Barakaldok testuaren aurka bozkatu du, PSEk bozketan parte hartzeari uko egin dio eta PPk ez du parte hartu batzorden baina kontrako jarrera agertu du.

Onartutako adierazpen instituzionalean, «euskal administrazio publiko osoak lanpostu publikoen hizkuntza eskakizunak ezartzeko duen legezko legitimitatea eta eskumena» aitortzen da, eta, era berean, «kezka eta haserrea» agertzen du Auzitegi Nagusiaren epaiak «udalerri askok eta herritar askok euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde urteetan egin duten lana irauli dezakeelako».

EH Bilduk eskatuta onartu da adierazpen instituzionala, «ahalik eta adostasun handiena» bilatuz, Udaleko langile juridikoek «epaiaren aurrean errekurtsoa aurkezteko legezko oinarririk ikusi ez zutelako», Udalak azaldu duenez.

Horrela, Udalak ez du epaiaren aurkako errekurtsorik aurkeztuko, baina Gobernu taldeak «une oro» azpimarratu du kultur etxeetako langileen lana «bermatuta» dagoela, eta, era berean, «Barakaldoko herritarren hizkuntza eskubideetan aurrera egiteko» lan egiten dutela, gaur egun 26.000 bizilagun baitaude Barakaldon euskara hitz egiteko eta ulertzeko gai direnak.

Ildo horretan, adierazpenean Udalak kezka adierazi du, Auzitegiaren epaiak «zalantzan jar dezakeelako azken hamarkadetan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan euskararen normalizazioan aurrera egiteko babestu dugun esparru juridikoa, euskal gizartearentzat eredugarria eta babes handikoa den esparrua».

Halaber, Udalak dei egin die herritarrei ostiral honetan, hilak 13, Sasiburu elkarteak deitu duen elkarretaratzean parte hartzera. 19.00etan egingo dute, Bide Onera plazan.

PSE, aurka

PSEk «fartsa» gisa hartu du adierazpena eta kritikatu egin du Bozeramaileen Batzordearen deialdia egin dela «EAJk eta EH Bilduk Udalaren adierazpen instituzional solemne gisa aurkeztu dezaten haiek soilik adostu duten testua».

Azpimarratu duenez, «hizkuntza eskakizuna langile propioetan batera mugatzen da hiru lanpostuko, eta baliogabetutako klausulak hizkuntza eskakizuna ezartzen zien azpikontratatutako langile guztiei». PSEk «herritar guztien hizkuntza eskubideak defendatzearen» alde egin du, baina baita «langile klase osoaren lan eskubideak defendatzearen» alde ere. Eta «egoera jakin batzuetan horiek bateragarri egiteko zailtasunak» badaude, «konponbide errealista» bilatzeko eskatu du.

«Autokritikarik gabeko» adierazpena

«Herritarrek eta langileek udalerriko zerbitzu publikoetan euskaraz bizitzeko eta hizkuntza ikasteko duten eskubidea» defendatu du Elkarrekin Barakaldok, eta zehaztu du ezin dutela «autokritikarik gabeko» adierazpen instituzional bat partekatu, «agintean dagoen alderdi nagusiak, EAJk, urteetan irizpide teknikoei bizkarra eman dienean, eta herritarren hizkuntza eskubideak eta euskara ikasteko langileek dituzten eskubideak azken lekuan utzi dituenean».

«Euskal herritarrek hiriko zerbitzu publikoetan beren hizkuntzan artatua izateko duten eskubidea errespetatzen eta babesten dugu», gaineratu du, eta azken legegintzaldi honetan Barakaldoko Gobernu taldeak «herriko elkarte euskaltzaleei jaramonik egin ez diela» kritikatu du.