NAIZ

Lakuak 2,5 milioi iragarri ditu «oinarrizko beharretarako» laguntzetan

Laguntza horietara bideratutako aurrekontua 2,5 milioi eurokoa da, «2.500 familiatako 10.000 pertsona inguruk dituzten funtsezko ondasun eta zerbitzuen premia larriei erantzuteko», Beatriz Artolazabal sailburuaren arabera.

Beatriz Artolazabalek eta Gurutze Gorriak egoera kalteberan dauden familiak laguntzeko programa aurkeztu dute.
Beatriz Artolazabalek eta Gurutze Gorriak egoera kalteberan dauden familiak laguntzeko programa aurkeztu dute. (Raul BOGAJO | AFP)

Lakuak oinarrizko premiei premiazko arreta emateko laguntza programa batera bi milioi eta erdi euro bideratuko dituela iragarri du, «kalteberatasun egoeran edo bazterketa arriskuan dauden 10.000 pertsona ingururengana» iritsiko dena.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gasteizen emandako prentsaurreko batean iragarri du.

Laguntza horietara bideratutako aurrekontua bi milioi eta erdi eurokoa da, 2.500 familiatako 10.000 pertsona inguruk dituzten funtsezko ondasun eta zerbitzuen premia larriei erantzuteko.
Kasu bakoitzari buruz egiten den banakako balorazioaren eta bizikidetza unitatea osatzen duten kideen kopuruaren arabera, entregatutako zenbatekoak 150 euro eta 300 euro artekoak izango dira.

Gehienez, hiru diru-emate egingo dira urtean, kalteberatasun larriko kasuetan izan ezik, horiek banan banan aztertuko baitira.

Joan den urtarrilaren 1etik, EAEko Gurutze Gorria arduratzen da laguntza horien eskaera, baldintzen berrikuspena eta izapidetzea koordinatzeaz. Erakunde horretako koordinatzaile autonomiko Aitor Allendek azaldu duenez, «eskatzaileen eskaerak identifikatu ondoren, kasu bakoitzaren balorazioa eta aurkeztutako dokumentazioaren berrikuspena egingo da, esku hartzeko plan pertsonalizatua diseinatu aurretik».

Baldintzak

Adierazi duenez, «diru-sarrerarik ez duten familiek izango dute onarpen lehentasuna, eta egoera ezberdinak baloratuko dira, hala nola familia kargak, karga ekonomikoak (zorrak edo alokairuak) eta salbuespenezko egoerak».

Artolazabalek gehitu du, laguntza-programa berri horren arreta, «bereziki», adingabeak edo egoera oso ahulean dauden bakarrik bizi diren pertsonak bizi diren etxekoen unitateetan jarriko dela. «Emakumeek adin-talde guztietan pairatzen duten pobrezia eta bazterketa arrisku handiagoa eta adineko pertsonak ahaztu gabe».

Laguntzak, oinarrizko premiak premiaz betetzeko direnak, hala nola elikadura egokia edo higiene pertsonaleko produktuak eskuratzea, bi bidetatik banatuko dira.

Alde batetik, diru-txartel batzuk emango dira, supermerkatu handie eta hurbileko saltoki txikietan erabili ahal izateko. Era berean, laguntzak aplikazio digital baten bidez ere bideratuko dira. Aplikazio horretatik, jatorrizko prezioaren % 70erainoko beherapena izango dute.

Ekimen honen helburu nagusi gisa «pertsona eta familia ahulenen oinarrizko premiei premiazko arreta ematea» dela adierazi badute ere, ikusmira «kontsumo-ohiturak hobetzean» ere jarri dute, baita «uraren edo energiaren kontsumoak gizartean eta ingurumenean duen eraginari buruz kontzientziatu, ingurumen ohitura onak hartzea sustatu, edo elikadura eta nutrizio hezkuntza hobetzen lagundu».