Lehen itzuli traketsa atzean utzi eta bigarrena hanka onarekin hasteko asmoarekin heldu dira Joseba Ezkurdia eta Julen Martija Getarira. Jokoan ere hobekuntza zantzuak erakutsi dituzte, batez ere orain artean ezinean aritu den atzelariak, baina 2020ko txapeldunen desirek txaparekin eta, bereziki, oso bikote sendo baten aurka egin dute topo. Txapelketa hasieran asko sufritu eta gero, euren jokoa topatu dute Peio Etxeberria eta Beñat Rezustak eta erreskan lortutako bosgarren garaipena kasualitatez ez dela heldu erakutsiz. Aspaldiko Rezustarik freskoenak hutsik ez egiteaz harago, pilota denak gozatu ditu eta Peio Etxeberriak aurrean nahiz defentsan oso partida serioa jokatu du merezitako garaipena eskuratzeko (22-13).
Partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Hasiera gogorra eta orekatua izan da nahiz eta gehienean urdinak izan diren markagailuan aurre hartu dutenak. 2020ko txapeldunen artean, Martijak hasiera-hasieratik garbi sartu dio eskua pilotari eta aurreko asteetan baino askoz sendoago aritu da, hori bai, oso fresko agertu den Rezusta bati bizkarrik inoiz erakutsi ezinda. Aurreko astean Labriten nahiko gozakaitz aritu bazen ere, bergararrak gaur pilota guztiak gozatu ditu eta aukera gutxi eman dizkio Ezkurdiari jokoan sartzeko.
Hori bai, saiatu da, ahal zuen lekutik sartuta, Lau eta Erdiko txapelduna erasora pasatzen, boleaz eta Peio Etxeberria asko behartuz, baina ultzamarra bikain aritu da defentsa lanetan eta tiki-taka politak izan dituzte aurreko koadroetan. Errematean ere ez da kamuts aritu Zenotzekoa eta ikusgarria izan da, esaterako, 5-9koan errestotik egin duen tantoa, pilota bikan zabaleratuz.
Bigarren erdia azkarragoa
Horixe izan da lehen erdi horretan urdinek izandako alderik handiena, gerora ere 12-8an errepikatu dena, Joseba Ezkurdiak behartu gabe egindako huts pare baten ostean. Eta kale horiek izan dira, hein handi batean, 2020 txapeldunen erreakzioa ezerezean utzi dutenak. Izan ere, markagailuan gerturatu direnetan sakandarrek egindako opariek haizea eman diete urdinei. Arriskatu beharrarekin, txapekin haserre antzean aritu da Joseba Ezkurdia eta burniaren kontra bota dituzte nafarrek euren aukeretako asko (11-18).
Azken urteetan buelta handiak ikusiak ginen Getarian, baina gaurkoan ez da halakorako aukerarik izan. Partidaren bigarren partea askoz azkarragoa izan da, batez ere Joseba Ezkurdiak behar baino huts gehiago batu dituelako azkenerako. Lehen zati gogor horretan egindako lan handiak ere izango zuen zerikusirik eta erasoan pilota gehitxo bota ditu horren beharrezkoa zuten garaipena eskuratzeko.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia-Martija: 13
Peio Etxeberria-Rezusta:22
Pilotakadak: 602. Iraupena: 59,29 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 3-2, 3-6, 4-6, 4-8, 5-8, 5-9, 7-9, 7-12, 10-12, 10-14, 11-14, 11-18, 12-18, 12-20, 13-20, 13-22. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 2 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 9 Ezkurdiak, 0 Martijak, 9 Peio Etxeberriak eta 0 Rezustak. Galdutakoak: 8 Ezkurdiak, 2 Martijak, 3 Peio Etxeberriak eta 0 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera polita erabateko betekadarik gabe Getariko Sahatsaga pilotalekuan.