NAIZ

Europako kontuak atzean lagata, emakumeen euskal saskibaloiak Liga bakarrik du buruan

Larunbat arratsalde honetan jokatuko dute hirurek. Lointek Gernikak Perfumerias Avenidaren kantxan jokatuko du min hartutako jokalariz gainezka. Kutxabank Araskik Estudiantes jasoko du Mendizorrotzan eta Benbibre izango da IDK Euskotrenen arerioa.

IDK Euskotrenek behetik goranzko bideari berrekin nahi dio etxean.
IDK Euskotrenek behetik goranzko bideari berrekin nahi dio etxean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aurtengoari dagokionez, tamalez, amaitu dira Europako kontuak Euskal Herriko emakumeen saskibaloi klubentzat. Ezin izan zuen aurreneko faseko ligaxka gainditu IDK Euskotrenek eta final-hamaseirenetan bukatu zaio bidea Lointek Gernika Bizkaiari. Kopa ere oraindik urruti dagoenez, Emakumeen Endesa Ligabn zentratzea besterik ez zaiem geratzen taldeoi. Larunbat arratsalde honetan jokatuko dute hirurek, hain zuzen. 18.00eta Josean Gacan jokatuko du IDK Euskotrenek Bierzoko Benbibreren aurka; Perfumerias egungo Liga eta Kopako txapeldunaren etxean jokatuko du ordu berean Lointek Gernika Bizkaiak eta partida polita espero da 18.30etan Mendizorrotzan Kutxabank Araski eta Estudiantesen artean.

Hasteko eta bat, Benbibre irabazteko moduko aurkaria izan beharko litzateke IDK Euskotrenentzat, baina aurten donostiarren arazo asko eta asko Bierzoko taldeak bistaratu zituen liga txapelketako aurreneko jardunaldian. Normala da aurreneko jardunaldian akatsak bistan geratzea taldeak oraindik egiteke baitaude, baina Azu Muguruzak onartu zuen asko ez dela Bierzoko partidan hartan jazo zitzaiena –66-56 galdu zuten donostiarrek– gehiagotan ere pasa zitzaiela. «Partidak gogortzen direnean ez gara erantzuteko gai», esan zuen hain zuzen.

Bada, joan zen astean Jiris talde murtziarraren aurka ere antzekorik jazo zitzaiela esan liteke. Kaela Davis eta Claudia Cuic etorri berriek talentua badutela erakutsi zuten eta oso litekeena da etxeko neurketetan are eta nabarmenago erakustea talentu hori, baina Jairisek parrtida gogortzea lortu zuen atsedenalditik aurrera eta ondorioz, 23 baloi galdu arazi zizkien gipuzkoarrei. Benbibreren aurkako Ligako aurreneko dema hartan ere 17 baloi galdu zituzten Azu Muguruzarenek. Beraz, sailkapenean aurrera egin nahi badute –Benbibrek uneotan donostiarrek baino garaipen bat gehiago du–, badaki nondik hasi.

Lointek Gernika Bizkaiari dagokionez, berriz, taldea osatzeko ere nahikoa lanekin dago uneotan Anna Montañana. Marta Alberdi eta Nogaye Lo luzaroan jokatu ezinik izango dira ebakuntza jasan eta gero sorbaldan eta belaunean, hurrenez hurren. Bestalde, hilabete inguru darama Julie Wojtak jokatu ezinik giharretako arazo batzuen erruz, eta Enea Gorzowren aurka, giharretatik jota baita ere, Gabija Meskinyte gehitu zen min hartutakoen zerrendara.

Horiek hala, Anna Montañanak Ygueravide, Ariztimuño, Spreafico, Cvitkovic, Da Silva, Roso Buch eta Patricia Bura –harrobiko jokalariez gain– baino ez ditu Perfumerias Avenidari aurre egiteko. Egia da Salamancako taldeak ere asteon Euroligako partida izan duela eta luzapenean galtzetik datorrela gainera. Are gehiago, aspaldiko partez, aurreneko itzulian Malosten gernikarrek 62-60 irabazi zieten, baina hobe txakur ametsik ez egitea larunbat arratsaldera begira. Bizkaitarrak ahaleginduko dira, Polonian ahalegindu ziren moduan, baina Perfumerias Avenidak askoz baliabide gehiago ditu eta gauzak ondo, Roberto Iñiguezenek irabazi beharko lukete.

Minak ahazteko partida

Gertatu ez balitz hobe, baina 43-96 galdu zuen joan zen domekan Kutxabank Araskik Valentzia Basketen aurka. «Gure zaleek ez zuten hori merezi. Beraiei partida on bat eta garaipena eskaini nahi diegu», adierazi du Txell Alarcon Kutxabank Araskiko eskolta gazteak asteon.

Gasteiztarrek aurrez aurre Itsaso Conde eta Maria Eraunzetamurgilen Movistar Estudiantes izango dute 18.30etatik aurrera. Madrilgo taldea ere ez da ba pozarren etorriko Mendizorrotzara. Joan zen astean Emakumeen Eurocupeko final-hamaseirenetako kanporaketa oso aldapa gora jarri zitzaien Angers UFAB taldearen kontra 55-65 galdu eta gero, eta ostegunean itzulerako deman 65-64 galduta, leihaketatik at geratu ziren. Maria Eraunzetamurgil hegaleko donostiarrak sekulako lana egin du bi neurketetan, baina gipuzkoarraren maila ona ez da nahikoa izan Estudiantesek aurrera egiteko.

«Estudiantesek behin bainio sarriago irabazi digu. Beraz, arerio zaila izango da», onartu du, betsalde, Ioseba Redondo bigarren entrenatzaileak. Ikusi egin behar Madelen Urietak Flor Chagas ateratzeko aukerarik duen, argentinarrak belaunean kolpea hartu baitzuen Valentzia Basketen aurka.

Ligako zortzi oenen artean saillkatzeko borroka bizian izango dira talde biak. Esaterako, uneotan Estudiantes hamargarrena da, baina hain justu Koparako azken unean sailkatu zen. Bada, larunbat arratsaldean ere azkenera arte borrokatuko du, eta ideia hori buruan iltzaturik eraman beharko du Kutxabank Araskik irabazi nahi badu.