NAIZ

Beskoitzeko Herriko Etxeak ez dio uzten 3 urteko haur bati ikastolako jangelan bazkaltzen

Beskoitzeko ikastolak agiri baten bidez salatu duenez, 3 urteko haur bat eskola publikora bazkaltzera joatera behartua izan da, Herriko Etxeak bere ikaskideekin bazkaltzea debekatu ostean. Egoera salatzeko elkarretaratzea antolatu dute astearterako.

Herriko Etxea eta ikastolaren arteko gatazka giroan kokatu behar da kantinaren gainean izan den azkeneko ika-mika.
Herriko Etxea eta ikastolaren arteko gatazka giroan kokatu behar da kantinaren gainean izan den azkeneko ika-mika. (Guillaume FAUVEAU)

Iazko ikasturtea amaitu aitzin, Beskoitzeko ikastolak Herriko Etxeari azaldu zion irailerako 54 haurrek emana zutela izena kantinarako, baina urtarrilean ikasle bat gehiago izan zitekeela.

Irailean, ikasturte berria hastear zegoela, mezu elektroniko bat jaso zuen ikastetxeak. Bertan Herriko Etxeak zehazten zuenez, kantinako bi zerbitzuendako –11.30 haurrendako eta 11.45 bertze ikasleendako otorduak bermatzen dituzte– gehienez 54 haur har zitezkeen ikasturte osoan.

Ikastolako bulegoak astelehen honetan agiri baten bidez jakitera eman duenez, Fabienne Ayensa auzapezak uko egin dio «55. haurraren izen emaiteari kantinan», leku gutxi dagoela argudiaturik.

Gauzak horrela, Herriko Etxeak 3 urteko haur horrek eskola publikoko haurrekin bazkal dezan deliberatu du.

Ikastolak gaitzetsi du haurrak «ezagutzen ez dituen» beste haur batzuekin bere ikaskideak baino oren bat berantago bazkaldu eta ezagutzen ez dituen zaintzaileak izanen dituela.

Haurren kopuruari buruzko irizpide zorrotz horren bukaera galdetzeko, astearte honetan, hilak 17, elgarretaratzea eginen da, 18.00etan, Beskoitzeko plazan, «Herriko Etxeak erabiltzen dituen manerak eta metodoak salatzeko».

Hautetsiak haurrak zenbatzera joan dira ikastolara

Izan ere, Beskoitzeko ikastolak azaldu duenez, kantinaren inguruko ika-mikaren erdian, urtarrilaren 10ean, hiru hautetsi kantinara joan ziren haurrak zenbatzera, galderak egitera eta 3 urteko haur horren xerkatzera, finean.

Beskoitzeko ikastola eta Herriko Etxearen arteko desadostasun luzearen kapitulu berria da kantinaren zerbitzuari dagokiona.

Ikastola txikia geratu denez, zentroa handitzeko aterabideak atzematea galdetu dute gurasoek.

Izan ere Herriko Etxeak ez du horren aldeko hauturik egin. Gatazka giro horretan, 3 urteko haur bati kantinan bazkaltzen ez uzteak tentsioa aregotu du Lapurdiko herrian.