NAIZ

Euskal Herritik nazioartera egingo du jauzi Eduardo Chillidak 100. urteurrenean

2024ko urtarrilaren 10ean 100 urte beteko dira Eduardo Chillidaren jaiotzatik eta, efemeridearen karira, ekitaldi sorta prestatzen ari da Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioa. Chillida Lekuren gaineko dokumentala, erakusketa bereziak eta katalogo arrazoitu berria prestatzen dabiltza.

Luis, Susana eta Mikel Chillida, Madrilgo aurkezpenean.
Luis, Susana eta Mikel Chillida, Madrilgo aurkezpenean. (NAIZ)

Urtebete geratzen da Eduardo Chillida eskultorearen jaiotzaren 100. urteurrenerako, baina dagoeneko haren izena daraman fundazioak zirriborratua du ospakizunaren oinarri izango den ekitaldi multzoa. Astearte goiz honetan Madrilen egin dute lehen zirriborro horren aurkezpena eta, aurreratu dutenez, Chillida Lekuren gaineko dokumental baten osaketa, erakusketa bereziak eta katalogo arrazoitu berria egingo dituzte.

Luis Chillida, artistaren seme eta Fundazioko presidentearen hitzetan, Euskal Herritik abiatuko dira ospakizunak, San Telmo, Artium edota Tabakalera gisako museoetan egingo diren erakusketa, hitzaldi eta ekintza ezberdinen bidez. «Programa Eduardo Chillidaren obra zabaldu eta herritar guztiengana, eta bereziki gazteengana, iritsi dadin diseinatua dago», azaldu du Susana Chillida, artistaren alaba eta zinemagileak. «Ekintzak bere obra publikoa –Chillidak 45 obra ditu munduko txoko ezberdinetan barreiatuta– balioan jartzeko baliatu nahi ditugu eta gizartearentzat ‘topalekuen sortzaile’ izan zela utzi nahi dugu agerian», nabarmendu du Mikel Chillidak, eskultorearen biloba eta ospakizunen antolakuntza taldeko kideak.

Aurkezpenean zehaztu dutenez, urteurren ospakizunak 2023. urtearen erdialdera hasi eta 2025. urteraren hastapenera arte iraungo dute. Epe horretan, Arantxa Aguirre zuzendari eta gidoilariak Chillida Lekuren historia eta sorrera biltzen dituen dokumental bat filmatuko du.

Urteurrenaren lehenengo hitzordu handia Chillida Lekuk berak hartuko du. Udaberrian 16 tonako pisua duen ‘Lugar de encuentros IV’ eskultura jarriko dute bertan. Bilboko Arte Ederren Museoak utzitako obra da eta hura zaharberritzen duten artean ikusi ahalko da Hernaniko museoan.

Erakusketa Austriako Kunsthalle Krems-en

Nazioartera begira jarri eta eragin eremuak zabaltzea da, azaldu dutenez, urteurren ospakizunetako helburuetako bat, Chillidaren lanak kultura, belaunaldi eta jatorri ezberdinetara iritsi daitezen, eta xede horrekin argitaratuko dute baita ere eskultorearen gaineko laugarren katalogo arrazoitua. Nerea argitaletxea ari da zeregin horretan lanean eta, aurreratu dutenez, lau liburukiak biltzen dituen formatu berezia ere jarriko dute salgai.

Nazioartekotzeari begira, Austriaraino iritsiko dira ospakizunak. Apirila amaieran hasi eta iraila bitartean herrialde europarrean egin den Chillidaren gaineko erakusketa handiena hartuko du Kunsthalle Krems museoak: orotara, 80 pieza hartuko ditu erakusketak.

Azkenik, Fundaziotik jakinarazi dute web orrialde berri bat atondu dutela 100. urteurrenari begira, hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez). Bertan, eskultorearen eta honen obraren gaineko informazioa bildu dute eta webgune hau Chillidaren «legatu artistikoa eta obraz gehiago jakin nahi duenarentzat datu base digital garrantzitsuenetakoa bilakatuko da», aurreratu dute.