NAIZ

Lakuak tamaina handiko zentral eolikoa atal ezberdinetan zatitu dituela salatu du Mendiak Askek

Arabako Mendiak Aske plataformak salatu duenez, Lakuako Gobernuak Gasteizko Mendietako zentral eolikoa, «faltsuki Azazeta deitzen dutena», atal ezberdinetan zatitu du. «Maniobra horrekin, azken erabakia Eusko Jaurlaritzaren esku geratzen da, Estatuko Gobernuaren esku egon beharrean», azaldu du.

Arabako Mendiak Aske elkarteak Labrazan egindako mobilizazio baten argazkia.
Arabako Mendiak Aske elkarteak Labrazan egindako mobilizazio baten argazkia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Asteartean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak jakinarazi zuenez, Labrazako parke eolikoaren proiektuak ingurumen baimena jaso du eta Azazetakoak «berehala» izango du. Baimen horrek neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsatzaileak jasotzen ditu, eta horiek kontuan hartu beharko dira egikaritze proiektuak idazterakoan.

«Aldaketa horiek jada ohartarazi genuena justifikatzen dute: hegaztien hilkortasunari dagokionez, afekzioak oso larriak izango direla, nahiz eta aerosorgailuen jarduera gelditzea proposatu hegaztiak detektatzen dituztenean edota gauean, saguzarrak hiltzea saihesteko», nabarmendu du Arabako Mediak Askek.

Ohar batean salatu duenez, «Labrazako kokalekuan, aerosorgailuek osatzen duten alderantzizko U-a hegazti horien pasabide naturala da, aurretik iragarritako heriotza bihurtuz. Nolanahi ere, oraindik probatu ez diren gailuak dira, eta beraien eraginkortasuna oso zalantzazkoa da». «Era berean, badakigu zortzi aerosorgailu horien atzetik beste hamaika etorriko direla, hau izan baita transnazional horiek iraganean jarraitu duten taktika, etekin ekonomiko izugarriak eman dizkiena», nabarmendu du.

«‘Modus operandi’ hau Gasteizko Mendietako zentral eolikoan, faltsuki Azazeta deitzen dutena, ere argi ikusten dugu, bere jarraipena den Laminoriako zentrala deiturikoaren proiektua jada aurkeztu dutelarik, Europako Next Generation funts publikoez jabetzeko duten premiak bultzaturik», esan du, eta Lakuak tamaina handiko zentral bakarra atal ezberdinetan zatitu duela ohartarazi: «Atal horiek bereizita eta denbora desberdinetan izapidetzen dira, metagarriak diren ingurumen inpaktuen eragina ezkutatzeko asmoz, eraginak banakakoak izango balira bezala kudeatuz».

Elkartearen esanetan, «maniobra horrekin, azken erabakia Eusko Jaurlaritzaren esku geratzen da, Estatuko Gobernuaren esku egon beharrean; Eusko Jaurlaritzaren izapidetzearen alde egiten da, denborak arinduz eta zentral txikiak direla zineztaraziz; izan ere, 50 MW-tik beherako potentzia dutenez, ez dira Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan ebazten».

Halaber, Gasteizko Mendiek, «oro har, arbitrariotasun horietatik babestuta egon beharko luketela» azpimarratu du, bere garaian Parke Naturala izan zitezen proposamena egin zela gogoratuz. Eta kontzejuak parke hauen aurka agertu direla gogoratu du. «Oso larria da administrazioak kontuan ez hartzea; landa eremuko biztanleei eta nekazariei, bizi diren espazio naturalak babestu, kontserbatu eta defendatu nahi dituztenei, beren lurraldearen gaineko erabakitzeko boterea kentzen ari zaizkie».

Manifestazioa deitu du maiatzaren 20an

«Proiektu hauek gelditzen ez baditugu, mendilerroak arriskuan egongo dira. Elgea mendilerroan gertatu zen; gutxi batzuekin hasi ziren, eta, ondoren, Urkilla mendilerroa betetzen jarraitu zuten. Orain da garaia kalera atera eta lurraldea defendatzeko. Sentsibilitate handiko naturgune horietan megaproiektu horiek egin ez daitezen lortzea aurrerapausu garrantzitsua izango da proiektatutako gainerako eremuen defentsan», azaldu du.

Eta dei egin die «Euskal Herriko pertsona guztiei, oraindik ere administrazioen konplizitatearekin jarduten duten enpresa transnazionalen diru-gose suizidatik salba dezakegun lurraldearen zatia defenda dezaten. Horretarako, maiatzaren 20an manifestazioa deitu dugu, berriztagarriak hedatzeko aurkeztu den ereduarekiko mesfidantza, arbuioa eta erresistentzia kaleratzeko».