Bere historiako hirugarren finala jokatuko du Realak igande honetan Meridako Estadio Romanoan (12.00, Teledeporte). Aurrean, azken 18 hilabeteotan 69 partida ofizial jokatu eta 66 irabazi –hiru porrotak Txapeldunen Ligan jaso ditu– dituen Bartzelona izango du, lehiatu dituen azken hamar finaletan zortzi titulu eskuratu dituena, alegia. Horien artean, Realaren aurka 2019an Salamancan irabazi zuen Superkopa, txuri-urdinei sekulako jipoia emanda (10-1 amaitu zen norgehiagoka).
Arantza horrekin ekingo dio talde donostiarrak erronkari baina baita beste argudio batzuekin ere, askoz baikorragoak. Ilusioa, zalantzarik gabe, denboraldiko helburu handienak desagertu ondoren areagotuta. Eta, agian garrantzitsuagoa, talde biek Johan Cruyffen Ligako lehen itzulian jokatutako partidak eskaintzen dieten erreferentzia. Neurketa hura galdu egin zuen Realak baina inoiz ez du hain gertu izan Bartzelona menderatzea eta gutxitan ikusi dugu, garaiezintasun-aro honetan dagoenetik, Kataluniako taldea horrela sufritzen. Argi dute txuri-urdinek aurkariaren laguntza ere beharko dutela, Bartzelonak bere bertsio onena eskaintzen duenean aukera gutxi izaten baitituzte lehiakideek, baina gutxienez ondo dakite zein bide ibili behar duten blaugranen noizbehinkako ahultasuna eragiteko eta, lortuz gero, aprobetxatzeko.
Guzti horri Realak azken urte hauetan jarraitu duen goranzko ibilbidea gehitu behar zaio. «Gaurko Reala ez da orain dela hiru urteko finala jokatu zuena –esan du Nerea Eizagirrek–. Taldean hobekuntza bat egon dela esango nuke; hobetzen goaz, hazten… Talde gogorragoa gara, sakona. Eta ondo prestatuta heldu gara». Ildo honetan, eta Bartzelona «faborito argia» dela onartu arren, Natalia Arroyok biharkoa «Realak lau urtetan jokatzen duen hirugarren finala» dela gogorarazi du. «Eta hori askotan errepikatu behar dugula uste dut, azken urte hauetan eman diren aurrerapausoak gogoratzeko».
Biek azpimarratu dute, gainera, historiako bigarren titulua irabazteak pizten duen ilusioa eta horrek taldeari eman behar dion gasolina. Ez du uste Arroyok, hala ere, erabakigarria izango denik motibazio hori Bartzelona bezalako talde baten kontra, ez baita irabazten nekatzen. «Irabazten jarraitu nahi duen taldea ikusten dut, inork ez diezaiola tronua kendu, gainera Kopan gerta daitekenarekin askoz gehiago estutuko dute jokatzen dituzten lehiaketetan –esan du–. Nik uste dut ilusioak mugituko gaituela eta horrek abantaila bat eskaintzen badigu, askoz hobe, baina Bartzelona gose berarekin dagoela uste dut».
Andreia deialdian sartuko da
Donostiarrek abantailaren bat izatekotan, Bartzelonak errekuperatzeko izan duen denbora gutxiagoan eta Real Madrilen aurka lehiatu zuen finalerdiaren exijentzia altuan egon daiteke. Azken finean, 120 minutu jokatu behar izan zituen eta Realak baino egun bat gutxiago izan du errekuperatzeko eta finala prestatzeko. «Bartzelona sobera prestatuta dago hain denbora gutxian beste partida bat jokatzeko, ohituta dago eta talde luzea eta ona dauka kalitatezko jokalari freskoak aukeratzeko –azaldu du Arroyok–. Baina egia da faktore hori nabaritu daitekeela. Edozein kasutan, gure esku dago faktore hori baliatzea, gu izan behar gara abantaila bihurtzen saiatu behar garenak».
Balizko nekearekin batera, finalerdiak arrastoren bat utzi du Jonathan Giraldezden taldean. Irene Paredesek txartel gorria ikusi zuen eta, beraz, ezin izango du bere talde-ohiaren kontra jokatu. Bartzelonak, gainera, beste bost baja bazituen Meridara joan aurretik: Cata Coll, Jana, Engen, Alexia, Graham Hansen eta Bruna.
Realak, berriz, albiste onak izan ditu, Andreia Jacintok bere lesioa gainditu eta, gutxienez, deialdian sartuko da. Allegra ere bide onetik doala esan du bere entrenatzaileak baina taldean ez dute arriskurik hartu nahi eta partida harmailetik ikusiko du, Cecirekin eta Santanarekin batera.
Asteazkenean jokatu zuten futbolari guztiak errekuperatu diren arren, eta aldaketa larregi egiteko ohiturarik ez badu ere, litekeena da Arroyok hamaikakoa freskatzea. Amaiurrek hasieratik jokatzea espero da eta Etxezarreta eta Maddi ere taldean sar litezke.