NAIZ

EH Bilduk EAJ eta PSEren aurka jo du, errefuxiatuentzako arreta «gudu eremu» bihurtzeagatik

Eva Lopez de Arroyabe Arabako ahaldun nagusia izateko EH Bilduk aurkeztutako hautagaiak gogor jo du  EAJ eta PSEren aurka. «Errefuxiatuentzako arreta beren gudu eremu berezi bihurtu izana» leporatu die.

Eva Lopez de Arroyabe eta Raul Lopez de Uralde, Agurainen.
Eva Lopez de Arroyabe eta Raul Lopez de Uralde, Agurainen. (EH BILDU)

Eva Lopez de Arroyabe Arabako ahaldun nagusia izateko EH Bilduk aurkeztutako hautagaiak gogor jo du EAJ eta PSEren aurka, bi alderdi horiek osatutako gobernuek «herri hau erabateko paralisira» daramatelako.

«Sail estanko gisa funtzionatzen dute, ez dira koordinatzen, ezta elkarrekin hitz egiten ere. Ez dute herri-proiekturik, eta azken adibidea aste honetan bertan ikusi dugu, Gasteizko Arana egoitza zaharrean migratzaileei harrera egiteko zentro baterako proiektuarekin. Elkarren arteko liskar eta gaitzespenak: arinkeria, planik eza, herri honen beharrei erantzuteko gaitasunik eza adierazten dute. Eskandalua eta erabateko arduragabekeria da hamarnaka gobernu partekatzen dituzten bi alderdi politikoek errefuxiatuentzako arreta beren gudu-eremu berezi bihurtu izana. Elkarrizketa, koordinazioa eta, batez ere, erantzukizuna eskatzen ditugu», adierazi du Agurainen egindako ekitaldi batean.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk «proiektu berriak, lidergo berriak eta soluzio berriak» eskatu ditu. Lopez de Arroyabek hitz eman du elkarrizketa bultzatuko duela, toki erakundeekin elkarlanean arituko dela eta «aberastasunaren bidezko banaketa eta kalitatezko zerbitzu publikoak» bermatuko dituela.

Era berean, gobernatzeko gaitasuna duela nabarmendu du, eta gobernatzen dituen Arabako Lautadako udalak jarri ditu adibide gisa. «Gaitasuna dugu eta gobernatzen dugun herrietan frogatzen dugu. Baina bide hori arabarrekin egin nahi dugu, guztion artean markatuko baitugu etorkizuneko Arabarako norabide berri hori, eta hobeto biziko gara», gaineratu du.

Bestalde, Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkategaiak «Udaletxeko ateak herritarrei irekiko» diela ohartarazi  du. «Gobernu gorra dugu. Baina, gainera, gure herria defendatzen ez duen gobernu bat dugu, etengabe bere alderdiaren interesen arabera aritzen dena. Adibideak hemen ere ez zaizkigu falta: parke eolikoak, abiadura handiko plataformak, oinarrizko zerbitzuen zentralizazioa, pribatizazioak, anbulategien egoera txarra, gure zerbitzuak erori egiten dira gure alkatearen pasibotasunaren aurrean», esan du.

«EH Bilduk tresna bat izan behar du taldeen eta herritarren aldarrikapenak eta beharrak erakundeei helarazteko. Horretan sinetsi behar dugu, kalera atera eta jendea konbentzitu gobernu honen autismoaren aurrean gauzak beste modu batera egin daitezkeela», gaineratu du EH Bilduren hautagaiak.