Arnaitz Gorriti

Denboraldiko asterik petralena goxatu du IDK Euskotrenek Estudiantesi irabazita (72-67)

Maria Españaren hirukoek erabaki dute aldrebes hasi eta bikain amaitu den neurketa. Kutxabank Araskik Zaragozan 65-63 galdu du luzapenean. Made Urietarenek oker ekin diote partidari eta azkenean partida irabazteko aukera galdu dute. Martxoaren 30ean Aragoikoak eta gasteiztarrak Kopan neurtuko dira.

Maria Españaren jurtiketa bolada onak salbatu du IDK Euskotren.
Maria Españaren jurtiketa bolada onak salbatu du IDK Euskotren. (@FIBABASKETBALL)

IDK EUSKOTREN 72 - MOVISTAR ESTUDIANTES 67

Aste oso petrala izan du IDK Euskotrenek Yurena Diaz eta Kaela Davisen lesio larriekin. Partidaren bilakaerak zenbait unetan astea modurik okerrenean biribilduko zela eman izan du askotan, 12-23 galtzen jarri denean batik bat. Baina hiruekoetan aurkitu du talde donostiarrak salbazioa, batez ere Maria Españak sartu dituen lau hirukoetan: horietako bat ia kantxa erditik aurreneko erdia amaitzeko eta beste bat ia nahi gabe, taulan jota sartu baita, partida 67-65 zihoala erabakita lagatzeko. 22 puntu sartu ditu Ibaeta Basketeko kapitainak, baina momentuak garrantzia handiagoa izan du kopuruak baino.

Zortzigarren garaipena eskuratu du Azu Muguruzaren taldeak eta Estudiantesekin berdinduta geratu da, eta puntu aldea madrildarren alde geratu den arren –Magariñosen 69-63 nagusitu zen Estudiantes–, Emakumeen Endesa Ligako Top 8ari begira jarri liteke orain IDK Euskotren, maila mantentze hutsari baino.

Hasiera nahiko petrala suertatu da donostiarrentzat. Mariam Coulibalyren puntuekiko erabateko dependentzia erasoan, eta defentsan, berriz, Melisa Gretter argentinarra geratzen gorriak eta beltzak ikusi behar. 6-4 irabazten izatetik, aurreneko laurdena 11-19 galtzera pasa da neurketa eta albiste on ia bakarra Paula Estebasen debuta izan da, hiruko eta guzti.

Hirukoak izan dira, hain zuzen, gipuzkoarren errekurtsorik onena bigarren laurdenean, Jokoaren ekimena Estudiantesek eraman du, baina Estebas, Cuic edo Maria Españaren urrutiko jaurtiketei esker Madrilgo taldeak ezin izan du ihesik egin. Are gehiago, Estudiantesek baloi mordo bat galdu du atsedenaldira bidean eta Maria Españak ia kantxa erditik asmatu duen jaurtiketa bati esker, Azu Muguruzarenek 31-34 hurbiltzea lortu dute atsedenaldian.

Markagailua berdindu eta iraultzea ere lortu du, halakoren baten, IDK Euskotrenek bigarren erdian. Defentsa asko gogortu dute donostiarrek –epaileek baimena eman dute, falta izan zitezkeen hainbat jokalditan ezikusi eginda– eta hirukoez gain, uztaipean ere puntuak pilatzen hasi dira Azu Muguruzarenak. Maria Españak eta Paula Estebas iritsi berriak Coulibalyren etorriari laguntza bikaina eman diote eta tarte batean 12 puntuz atzetik joan eta gero sinestezina bazirudien arren, azken hamar minutuetara 53-49 aurretik iristea lortu dute.

Partida erabat berdindu da azken laurdenean, eta zentzu horretan Ibaetako taldeak zorte apur bat izan duenik ezin uka. Estudiantesek zortzi jaurtiketa libre bota ditu eta bost huts egin. Horrez gain, uztaipean ere hainbat jaurtiketa errazetan kale egin dute madrildarrek. Nolanahi, partida azken segunduetara 67-65 iritsi da eta zernahi gerta zitekeen. Maria Españak hartu du taldearen ardura, eta jaurtitzeko denbora agortzen ari zitzaiola, taulan baliatuta, taldeari garaipena oparitu eta astea goxatzeko balio izan duen hirukoa saskiratu du. Aste petralak, izan ere, garaipen batekin errazago eraman litezkeelako.

BASKET ZARAGOZA 65 - KUTXABANK ARASKI 63

Gasteiztarrek Basket Zaragoza izango dute aurkari final-laurdenetan Kopa jokatzen denean, Zaragozan bertan, martxoaren 30etik apirilaren 2ra. Igande honetan nolabaiteko «entsegu orokorra» izan dute eta, bada, Kopan jazoko beharrekoa entsegua baino hobea izango al da gasteiztarrentzat. Oso gaizki hasi dira gasteiztarrak eta aurreneko itzulian egin bezala, buelta eman diote neurketari, baina oraingo honetan partida luzapenera joan da 55na amaitu baita partida.

Baina okerrena luzapenean bertan gertatu da. Makina bat jaurtiketa libre kale egin dituzte Made Urietarenek eta 65-63 galtzeaz gain, azken jokaldian dena aldrebes atera zaie. Zaragozako Gatling pibotak bi jaurtiketa libre izan ditu bere alde markagailua 63na zela eta 14 segunduren faltan. Biak kale egin ditu estatubatuarrak, baina Vega Gimeno Aragoikoen hegal-pibotak hartu du errebotea. Chatrice White eta Txell Alarcon Kutxabank Araskiko jokalariek defentsan estutu dute Gimeno, baina azken honek Fiebich hegaleko alemaniarra aurkitu du eta uztaipean pase bikaina eskuetan jarri dio. Zaragozako hegalekoak ez du kalerik egin. Oraindik sei segundu falta zitzaion partidari eta Tanaya Atkinson Kutxabank Araskiko saskiratzaile onenak partida irabazteko hirukoa bota ahal izan du. Alabaina, bere jaurtiketa saskitik oso urruti galdu da.

Akordatzerako 18-2 aurreratu da Aragoiko taldea inolako erritmorik aurkitu ezinik aritu den Kutxabank Araskiren aurka. Egia da Mendizorrotzako partidan Zaragoza 17 puntu aurretik joan zela eta azkenean gasteiztarrek irabazi zutela, baina halako egoerak nekez errepikatzen dira. Nolanahi, Chagas eta Atkinsonen hiruko pare bati esker, aurreneko laurdena amaitzerako apur bat txukundu du markagailua Made Urietaren taldeak, laurdena 20-12 amaitu baita.

Handik aurrera asko hobetu du Gasteizko taldeak. Flor Chagas eta Tanaya Artkinsonen eskutik, asko hurbildu da eta tarteka Zaragozak berriz ere hamar puntuz goitik aldea hartu, berdintzera joan da markagailua neurketak aurrera egin ahala. Ondorioz, azken laurdenaren hasierara partida 45-36 iritsi bada ere, inor ez du harritu Araskik berdintzea lortu duenean.

«Galdu arren, harro nago nire taldearen lanaz. Gaizki ekin diogu eta hortik ikasi beharra dugu. Baina defentsako lanari esker markagailuan eustea lortu dugu eta horri esker erdietsi dugu luzapena ere. Pena b at da luzapenean, pare bat aldiz bizpahiru puntuz aurretik jarri garelarik, ez garela kapaz izan jaurtiketa libreak sartu eta aldea zabaltzeko. Hala ere, egindako lanaz harro nago», onartu du Madelen Urietak partida amaitu ostean.

Tamalez, azken segunduetan Zaragozak hobeto baliatu ditu arabarren hutsegiteak eta horregatik eraman du neurketa azkenean. Bihotzekoa emateko moduko partida azkenean Zaragozan geratu da. Kopkko kanporaketa ere horrelakoa izaten baldin bada, baten batek gaizki behar du.