Euskadiko Artxibo Historikoaren prentsa aretoko mahai gainean hainbat fitxategi-karpeta, bata bestearen ondoan. Barnean, txukun eta egoera onean, lan bozetoak –modeloen izena eta ehun-laginak itsatsita batzuetan–, ideien zirriborroak, antzerkirako figurinak, Cristobal Balenciagak berak eskuz idatzitako oharrak (gaztelania eta frantsesa nahasten zituen)...
Fitxategi-karpeta horietan Balenciaga etxeko 40 eta 50eko hamarkadetako 8.362 dokumentu dude, garai horretan goi mailako joskintza nola lantzen zen erakusten dutenak. Lorenzo Riva diseinatzaile italiarrari erosi dizkio Lakuak, presazko erabaki baten ostean eta 650.000 euroren truke. Dokumentazioa Artxiboan dago aztergai eta, digitalizazio prozesu baten ostean, Getariako museora eramango da.
8.262 dokumentuetatik %18 Cristobal Balenciagak berak eskuz egindako oharrak dira. Guztiak Euskadiko Artxibo Historikoan digitalizatu, kontserbatu, katalogatu eta aztertuko dituzte eta udaberrian funtsaren lagin bat erakutsiko da Getarian.
Garrantzi handia eman diote Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Vives Getariako Balenciaga Museoko zuzendariak Bilbon Euskadiko Artxiboan aurkeztu duten operazio honi. Aipatu dutenez, «horrelako tamaina eta garrantzia duen funts ezagun bakarra» omen da, munduko beste museo bakar batek ere ez omen duelako gordetzen mota horretako Balenciagaren dokumentu-funts espezifikorik.
«Gaur egungo Balenciaga enpresak bakarrik du funts handiagoa, baina publikoa oro har ezin da bertako artxiboetan sartu», gehitu du Vivesek.
Orain arte Getariako Museoari funts gehienak esku pribatuetatik iritsi zaizkio; hau da, bildumagileek edo jostunaren bezeroek dohaintzan utzitakoak dira. Jantziak gehienak, baina Cristobal Balenciaga etxearen barne funtzionamenduari buruzko osagai gutxi. Beraz, funts honek museoari ekarpen handia dakarkio, erreferentzialtasuna irabazten duelako ikertzaileentzat eta, horrez gain, funtsak esku publikoetan gelditzen direlako.
Kalte-ordainak
Cristobal Balenciaga (1895-1972) XX. mendeko azken jostun handienetako bat izan zen; horretan ez dago ezbairik. Christian Diorrek «guztion arteko maisutzat» jotzen zuen; Hubert de Givenchyk «goi joskintzako arkitektoa» deitzen zion eta Coco Chanelek «benetako ‘couturier’-a [jostuna]» esaten zion.
Haren enpresatik diseinatzaile asko pasatu dira eta horietako bat da Lorenzo Riva italiarra. 80ko hamarkadan aritu zen Riva Balenciaga etxean; ordurako Getariako diseinatzailea hilda zegoen. Egun, bere sare sozialetan, italiarrak etxe honekin izan zuen lotura azpimarratzen du: «Balenciaga etxean 80ko hamarkadan zuzendari artistikoa. Maison Lorenzo-ren sortzailea», irakur daiteke bere Instagrameko profilean.
Miren Vivesek aipatu duenez, orain urtebete funts hauek salgai zeudela jakin zuten. Arts Consulting izeneko enpresa batek zituen, hau da, bildumari zabalkundea emateko ardura zuen bitartekariak. Negoziazioetan aritu dira ordutik, eta hainbat erosleren artean zatitu beharrean bilduma euskal erakundeei saltzea erabaki zuen Lorenzo Rivak.
Riva 1980tik 1982ra bitartean izan zen Parisko Balenciaga etxeko zuzendari artistikoa eta, enpresa uzterakoan –Bogart taldeari saltzea negoziatzen ari ziren orduko jabeak– kalte-ordaina negoziatu zuen, zati bat dirutan eta beste bat materialetan ordaindu ziezaioten. Dokumentuak, marrazkiak eta barne idatziak zeuden kutxa haietan, eta 40, 50 eta 60ko hamarkadetakoak dira gehienak; hots, Balenciaga etxearen urrezko arokoak.