Arazoak konpontzeko ez dago haren muinera joatea beste modurik eta horixe da Ezkurdia eta Martijak euren egoerari buelta emateko izaten ari diren zailtasunik handiena, ez dutela diagnostikoarekin asmatzen. Bikoteak aurkeztu zituztenetik, 2020ko txapeldunak kiniela guztietan agertzen ziren faborito argi gisa, baina bederatzi jardunaldi jokatuta, bi puntu baino ez dituzte lortu eta Jaka-Aranguren baino ez dituzte atzetik sailkapenean.
Baina zenbakiez harago, bi sakandarrek kantxan emandako itxura are kezkagarriagoa da eta Arbizuko aurrelariak aho bizarrik gabe deskribatu ditu bere sentsazioak. «Gure kasuan bikote sendo bat izatea funtsezkoa da eta ez gara izaten ari. Partida asko galdu ditugu alde handiarekin eta ez dugu kantxan sendoak izaterik lortu, ez dugu defendatzen, ez gara gutxieneko hori emateko gai izan eta horrela oso zaila da irabaztea. Hori da lortu behar dugun lehen gauza, gutxienez partidei eusteko gai izan, tanto bakoitza gogortu eta berriz ere lehiakor izatea».
Bi pilotari langile eta borrokalariak dira Ezkurdia eta Martija eta atzelariak argi utzi duenez, «aukerak ditugun bitartean amore ematea ez da aukera bat», baina euren izaera berreskuratu ezinik denbora askotxo daramate. «Asko ari gara entrenatzen, elkarrekin hitz egin dugu eta gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatzen ari gara, baina, egia esan, ez dakit zergatik, ez gara lortzen ari. Ez gara gaizki entrenatzen ari, nik astez aste fisikoki hobeto ikusten dut nire burua, baina ez dakit zer gertatzen zaigun. Ez dugu konfiantza hori lortzen eta ez zaudenean ez zaude. Baina ez dago lana egin eta saiatzea beste modurik hemendik irteteko, larunbatean beste aukera bat daukagu horren beharrezkoa dugun garaipen hori eskuratzeko, nahiz eta oso zaila izango den», azaldu du Ezkurdiak.
Jokoan eta konfiantzan, bietan gabezia handiak ari dira erakusten eta ez bata ez bestea ez dira gai txakalaldian pisurik gehien zeinek duen zehazten. «Bietatik dago, nik bai nabaritu dudala Lau eta Erdikoaren ostean jokoan behera egin dudala. Nabaritu nuen buruz deskonexio bat izan nuela eta plof egin nuela, baina eman nion buelta eta hasi nintzen berriz ere gogo handiarekin entrenatzen, serioago... astez aste hobeto ikusten nuen nire burua, baina denak eragiten du. Txapelketak jokoz ere ez nau unerik onenean harrapatu eta horrek berak ere zalantzak eragiten ditu konfiantzan eta burua ere ez dabil behar lukeen bezala», gaineratu du arbizuarrak.
Partidak ondo antzean hasten badituzte ere, aurkariek hiru edo lau tanto jarraian egiten dizkietenean behera egiten dutela ikusi dute eta alde horretatik gogorragoak izan beharraz aritu dira 2020ko txapeldunak gaur Bilbon izandako material aukeraketan.
Txanponaren beste aldea
Esan genezake, txanponaren beste aldean dauden bikote baten aurka bilatu beharko dutela horrenbeste behar duten garaipen hori, Jokin Altuna eta Xabi Tolosa eurek espero baino hobeto ari baitira, amezketarrak argitu duenez. Eta hori, Laso-Imaz eta Elordi-Zabaletaren partida oso gogorrak jokatu ostean, amezketarraren ezker esku horrek oso justu amaitu zuela. Altuna III.ak gaur onartu duenez, aurreko astean zalantza handiak izan zituen Peio Etxeberria-Rezustaren aurka jokatzeko, «ostegun goizean uste nuen ez nuela jokatuko, baina arratsaldean tako berriekin hobekuntza nabaritu nuen», baina kantxaratzea erabaki eta dena borobil irten zitzaion, puntua partida eroso xamarrean eskuratu baitzuten.
Azken egunetan ezker horrek nabarmen egin omen du hobera eta gaur bertan ia erabateko normaltasunez aritu ahal izan duenez, larunbaterako erabat prest egongo dela uste du aurrelari gipuzkoarrak. Parean oso une txarrean dagoen bikote bat izango dute, baina amezketarra ez da batere fio eta Ezkurdia-Martija «azken jardunaldira arte bizirik» egongo direla uste du. Euren kasuan, play offa ziurtatzearen lehen helburua beteta, bi lehenengoetan sartzeagatik borrokatuko dira, hasiera batean beste helmuga batzuk izango zituztela uste zuten arren.