NAIZ

Ixerbekoa kiroldegiko lursaila etxebizitza promotore bati saltzeko egitasmo polemikoa Zornotzan

Ixerbekoa kiroldegia bota eta lursailak promotore pribatu bati saldu nahi dizkio Zornotzako Udal Gobernuak. EH Bilduk eraikina eraberritu eta «erabilera askoko zentro» bilakatu dezala eskatu dio, horretarako proiektu zehatz bat proposatuz.

Ixerbekoa kiroldegia bota nahi du Udal Gobernuak.
Ixerbekoa kiroldegia bota nahi du Udal Gobernuak. (GOOGLE MAPS)

EAJ eta PSEk osatzen duten Zornotzako Udal Gobernuak egun funtzionamenduan dagoen Ixerbekoa kiroldegia bota eta lursaila promotore pribatu bati saldu nahi dio, etxebizitzak eraiki ditzan. EH Bildu, ordea, herriarena den espazioa saltzearen aurka agertu da. Eraikina eraberritu eta hainbat ekintza aurrera eramateko espazio bat sortzea proposatu du, eta proiektuaren nondik norakoak zehazten duen bideo bat zabaldu du.

Herriaren erdigunean dago Ixerbekoa kiroldegia. Urte asko dira eraikina egoera eskasean dagoela, itoginak eta bestelako arazoak baititu. Hala ere, taekwondo klaseak, Udabarri dantza taldearen entseguak, edo Urritxe Institutuko batxilergoko ikasleen gorputz hezkuntza klaseak hartu izan ditu, herriko hainbat eragile eta elkarteren beharrei erantzunez.

Hori dela eta, eraikina botatzearen aurka dago Zornotzako EH Bildu. Eraberritu eta «erabilera askoko zentro» bilakatzearen aldeko apustua egin dezala eskatu diote Udal Gobernuari. Azaldu dutenez, «espazio komunitarioa» izango litzateke, «era askotako ekitaldiak egiteko» erabiliko dena.

«Azokak, kultur edo musika jaialdiak edo erakusketak» egiteko izango litzatekeela azaldu du koalizio subiranistak. Izan ere, azaldu dutenez, herrian «urtero karpak jarri eta kendu aritzen gara herrian, horrek duen gastuarekin». Proiektuaren berri emateko, bideo bat zabaldu dute Zornotzako EH Bilduren sare sozialetan.