NAIZ

Olabide Ikastolak, Gasteizko lehenengoak, 60 urte bete ditu

60 urte igaro dira Izaskun Arrue Gasteizko Zerkabarren kaleko bere etxean ezkutuan lehenengo eskolak ematen hasi zenetik, hots, Olabide Ikastola sortu zenetik. Ospatzeko ekitaldia egin dute asteazken honetan eta lehenengo andereñoa eta Elbira Zipitria omendu dituzte.

Ezkutuan sortu zen Olabide Ikastola 1963an, hamalau ikaslerekin.
Ezkutuan sortu zen Olabide Ikastola 1963an, hamalau ikaslerekin. (Irekia)

1963an euskaraz ez zekiten guraso batzuk elkartu ziren euren seme-alabak euskaraz ikasteko aukera izatea nahi zutelako. Ekimen honetatik hamalau umerekin hasi zen Olabide Ikastolaren hazia, Izaskun Arrueren etxean, Zerkabarren kalean, ezkutuan.

Urte batzuk beranduago, 1968an eta 36 bat ikaslerekin, klandestinitatetik atera eta Estibaliz etorbideko etxebizitza batera lekualdatu zen ikastola, Colegio Padre Raimundo Olabide izenpean eta Garbiñe Etxeberria eta Ana Oteiza andereñoak batuta. Jolastokia etxearen baratza zenez, gaur egun ere Olabide Ikastolako ikasleak «baratzera» ateratzen dira egunero.

Ikastola, Colegio Padre Raimundo Olabide zenean, Estibaliz etorbidean. (@olabideikastola)

Eredu kooperatibistari jarraituz eta dirua bilduta, orduan ere diktadura frankistapean, 1973an, gaurko ikastolaren lehenengo erakina egin zen, Lasarte errepidean. Ordurako 496 ikasle zituen eta beranduago Alberdi eta Zelaia eraikinak batu zitzaizkion. Egun 1.600 gasteiztarrek ikasten dute Olabiden.

Gaur egungo ikastola osatzen duten eraikinetako zaharrenaren lanak. (@olabideikastola)

Hasierako hamalau ikasleetako bat Rafael Pikatoste izan zen, 2016an zendu zen Izaskun Arrueren semea, ostegun honetako ekitaldian egon dena. Honekin batera Karmele Jaio idazlea, Iban Garate aurkezlea, Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria egon dira.

Beatriz Artolazabal, Rafael Pikatoste eta Maria Jesus Vicuña, ekitaldian. (Irekia)

Guztiek hurrengo belaunaldientzat erreferente bihurtu zen emakume talde haren garrantzia azpimarratu dute beren hitzaldietan.

«Elbira Zipitria edo Izaskun Arrue bezalako emakumeek gure memoria historikoan lehentasunezko lekua izatea merezi dute. Bere ibilbideak beste belaunaldientzat erreferente gisa ezagutzera eman behar ditugu. Haien izenak gure kale izendegietara, ekimen berrietara eta gure historia liburuetara eraman behar ditugu», adierazi du Artolazabalek.

Ekitaldian Aritza Martinez Ikastolako Batzordeko egungo lehendakariak eta bertako irakasle izan zen Maria Jesus Vicuñak ere hitz egin dute. Biek ala biek ere emakume talde haren garrantzia nabarmendu dute.

Urteurrenarekin batera, ikastolen sortzaileetako bat izan zen Elbira Zipitria andereñoari omenaldi bezala ‘Elbira’ dokumentala proiektatuko dute ikastolako aretoan 18.00etan. Arabako estreinaldia izango da.