NAIZ

Ibarrako zinegotzi bati eraso egin diotela salatu du EAJk

Juan Luis Cid Ibarrako zinegotzi jeltzaleak, 66 urtekoak, joan den larunbatean herriko kale batean kolpeak jaso zituela salatu du alderdiak.

Ohar bidez Ibarrako EAJk jakitera eman duenez, iragan larunbatean jazo zen Juan Luis Cid 66 urteko zinegotziaren aurkako erasoa, «inolako arrazoirik gabe» pertsona bat kalean irainka hasi zitzaionean: «Aurpegian ukabilkada bat eta sabelean ostikada bat eman zizkion EAJren aurkako irainak botatzen zituen bitartean, erasoa ikusirik ezer egin ez zuten herritarren aurrean».

Momentuz, ez dago inongo poliziaren adierazpenik salatu den gertakari honen aurrean.

«Denbora luzez» Ibarrako jeltzaleek «irainak eta begirada txarrak» jasan dituztela esan du alderdiak eta eraso hau «urak gainezka egiteko falta zen tanta» izan dela adierazi du.

Halako gertakariek, nabarmendu du Ibarrako EAJk zuzenean inor aipatu gabe, erakusten dute badagoela «pentsatzeko modu desberdinak batera egon ezin daitezkeela onartzen ez duenik» eta «pentsamendu bakarra inposatu nahi» duenik. Jarrera horiek, gaineratu dute, «ez dute lekurik Ibarran, eta behingoz amaitu behar dute».

Era berean, pertsona guztienganako errespetua eskatu dute Ibarrako jeltzaleek, «beren ideologia, militantzia edo kidetasun politikoa edozein izanda ere».